Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusia eta EAJren berrautaketarako kandidatuak, Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko plan berria aurkeztu du 2019-2023 aldirako, zeinari 200 milioi euro bideratuko dizkion, eta hiru ardatz nagusitan oinarrituta dagoen: enpresaren indartzea, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta ekonomia berriaren bultzada. Olanok bere proposamen ekonomikoa aurkeztu du Tolosako Lanbide Heziketako zentroetara, Lanbide Heziketako sailburuordea den Jorge Arévalorekin batera, eginiko bisitan.
“Gure helburua Gipuzkoako lehiakortasun ekonomikoa indartzea da; gure lurraldeko enpresak lehiakorrak izaten jarraitu dezaten eman behar diren aldaketak gauzatzen, eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak eman daitezen lagundu nahi dugu: fiskalitatean, azpiegituren sustapenean, politiken berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, eta ekonomia berriaren eta sektore estrategikoen sustapenean”, laburbildu du hautagaiak.
Lanbide Heziketa indartu talentua enpresekin konektatzeko
Markel Olanok EAJren proposamen ekonomikoaren aurkezpena egin du, Lanbide Heziketako Tolosako eta Usurbilgo zentroetara eginiko bisiten testuinguruan. Bisita hauen helburua da LH-ko profesional eta ikasleen bizi duten errealitatea gertutik ezagutzea, eta Gipuzkoak aurrean dituen erronka sozio-ekonomikoen inguruan aritzea. Markel Olanok defendatu du “Lanbide Heziketak jokatzen duten papera indartzea beharrezkoa dela talentua eta heziketa-eskaintza, enpresa munduko beharrekin lotzeko”.
Olanok baieztatu du, “etorkizunean egingo dugun bezala”, azken lau urtean Gipuzkoako Foru Aldunditik “enpresen laguntzetan sakondu dugu, etorkizuneko sektoreen, kalitatezko enpleguaren eta talentuaren aldeko apustua eginez; euren beharrak entzunez eta horiei erantzuna emanez”. Hautagaiak gehitu du: “Ezinbestekoa da LH-ren aldeko apustua egiten jarraitzea, Gipuzkoako enpresa-ehunaren eskakizunak, eskaintzarekin parekatzeko” Horretarako, Olanok dio, elkarlanean oinarrituta, beharrezkoa dela “talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko estrategia koordinatu eta partekatu batean aurrera egitea. LH eta formakuntza duala, enpresek euren plantilletan zenbait profil txertatzeko duten premiari erantzuten ari dira dagoeneko”.