Tolosar peto-petotzat du bere burua Joxe Mari Villanueva Telleriak (Tolosa, 1960), Zumarragako Lanbide Eskolako Filosofia eta Historia irakasleak. 17 urterekin jada Euskadiko Ezkerra alderdiko kide zen. 1983an, berriz, udal hauteskundeetarako zerrendan joan zen. 1988an, militante sozialista bihurtu zen, eta, gaur egun arte, hainbat alorretan aritu izan da lanean, esaterako, Santa Maria Kaperako zuzendari gisa. Ilusio handiz hartu du alkategai izateko erronka berria.
Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateko eskaintzari?
Urte asko daramatzat ikasleei gauza bera esaten: sistema demokratiko bat lortu nahi badugu, zentzu kritikoa garatzea eta parte hartzea ezinbestekoa da. Norbaitek hartu beharko du, komunean ditugun ondasunak kudeatzeko ardura, bere printzipioen arabera, noski. Esperientziak erakutsi dit, konpromisoa hartuz gero, zoriontsuagoa naizela. Beraz, zergatik ez?
Zein da azken legealdiaz egiten duzun balorazioa?
Errentei esker bizi izan gara, eta ez azken lau urteetan soilik, baizik eta zortzi urtez. Etorkizunera begirako proiektu bat eta lider bat bota ditut faltan. Esaterako, egun gazteek dituzten lan baldintza eta soldatak kontuan izanda, Alde Zaharreko etxebizitza baten alokairua 800 euroan egotea zentzugabea da. Bestetik, zenbait auzo geldirik daude, eta garapen urbanistikoa behar dute. Larramendi auzoan sortzen den trafiko pilaketarekin ere amaitu behar da. Ezin dugu horrela segi. Hain zaila al da semaforoen programazioa aldatzea?
Ideia batzuk aipatu dituzu. Hala ere, zeintzuk dira zuen proposamen nagusiak?
7 puntu ezberdinez osatu dugu programa. Garapen urbanistikoari dagokionez, beharrezkoa ikusten dugu etxebizitza gehiago sortzea. Horrez gain, adineko pertsonentzako osasun zentroetan arreta integrala nahi dugu.
Eta, alderdi ekonomikoari dagokionez, zer bultzatzen duzue?
Orain arte urrats garrantzitsuak eman dituzte, ekintzaile berrientzat martxan jarritako Emari espazioarekin, eta komertzio txikiak eta hotel sektorea laguntzeko programei esker. Zoritxarrez, hemen ez ditugu inguruko eskualdeetan dituzten enpresa handiak. Hortaz, ezinbestekoa da Apatta industriguneko bigarren fasea martxan jartzea, herri honek enpresa motorra behar duelako. Tolosak, gainera, erreferente turistikoa izan behar du, eta horretan saiatuko gara.
Azken urteetan ozen entzun da %100ean publikoa izango den ospitale baten aldarria. Zein da zure iritzia?
Ez dakit gizartea kezkatzen duen arazoa den, ala alderdi politiko batek sorrarazitakoa. Kalitatezko osasun eredu bat nahi dugu, unibertsala, publikoa eta doakoa, zerbitzu guztietan. Baina, zer da kudeaketa publikoa? Diru publikoa erabili beharko litzateke, eta zerbitzu guztiak administrazio publikoaren menpe leudeke. Kudeaketa zuzena eskatzen du. Tolosan, hezkuntza sisteman edota kiroldegian, antzekoa gertatzen da. Diru publikoa erabiltzen dute, nahiz eta publikoak edo pribatuak izan, eta kudeaketa erakunde pribatu bati dagokio. Hori, ordea, oso konplexua da. Hortaz, Osasungintzako Lan Mahaian parte hartzeko prest gaude, diagnostiko bat egitea beharrezkoa delako. Azken erabakia, baina, ez dago udalaren esku, Osakidetzaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren esku baizik.
Duela gutxi sortu dute Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatutako Tolosaldeko Euskararen Mahaia. Zein leku behar du euskarak Tolosan?
Ni euskaldun berria naiz; Lizardi elkartea dagoen eraikinean ikasi nuen euskaraz hitz egiten. Ikustekoa zen, duela 40 urte, euskarak herri honetan zuen lekua zein zen. Betidanik esan dut, euskararen aldeko urrats ikaragarriak eman direla azken hamarkadetan, eta orain arte egindakoari jarraipena eman behar zaio. Horrek zerikusia izango du egun dugun marko politikoarekin, ezta? Hala ere, euskararen alde egiten den guztia gutxi da, kanpotik, gehienbat, gaztelaniaz eta ingelesez elikatzen garelako. Gutxiengo hizkuntza da, eta erakargarri egitea oso zaila da. Sormen arloan euskaraz lanean aritzen direnak beti miretsiko ditut.
Ahoz aho entzuten den beste aldarri bat, erabakitzeko eskubidearena da. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Nik nire etxearen jabe izan nahi dut. Nazionalismoaren gaia oso gustuko dut. Arazoa, ordea, oso konplexua da. Gainera, nazionalismo mota ugari daude, eta gizartea, berriz, oso anitza da. Gizartearen zatiketa dakarren proiektu politiko bat proposatzea, ez litzateke egokia. Nor ez dago autodeterminazio eskubidearen alde? Edonork aldarrika dezake hori. Hala ere, beharrezkoa da prozesua definitzea.
Independentzia nahi dugu? Begira zer gertatu zen Britainia Handian. Europan arazo handi bat dugu. Nazio guztiek azpian dituzte sumendiak, eta eskuineko nazionalismoaren gorakada nabarmena ari da izaten. Kataluniako prozesuak, esaterako, ez du ezertarako balio. Izan ere, independentzia lortuz gero, beharrezkoa da esparru politikoa markatzea. Nire proiektu politikoa Euskal Herrian kokatzen da, euskal nazio batean sinesten dudalako. Alemania, adibidez, Estatu Federala da, nazio askorekin. Espainian hori lortu behar da, konstituzio federalarekin.
Duela lau urte eztabaida sortu zuen hondakinen kudeaketa sistemak. Azken urteetan, gora egin dute birziklatze datuek. Zer proposatzen duzue horiei eutsi edo hobetzeko?
Gainerako herriekin konparatuz gero, datuak ez dira onenak; hobekuntza bat behar da. Urretxun eta Zumarragan, esaterako, txartel bidezko kudeaketa darabilte, eta oso ondo funtzionatzen du, herritarrak birziklatzera behartuta sentitzen baitira. Hemen sistema hori ezarriko nuke. Hala ere, beharrezkoa da azterketa bat egitea, gutxien birziklatzen den guneetan arazoa zein den identifikatzeko, eta horiei irtenbide bat emateko. Alor honetan, Jose Ignacio Asensiok egindako lana goraipatzekoa da.
Martxoaren 8ak greba egun arrakastatsuak utzi ditu azken bi urteetan. Zein politika defendatuko dituzu berdintasuna lortzeko?
Uste dut, eztabaida honetan bat gatozela alderdi guztiak. Udalak antolatua du Berdintasun Plana, guk defendatzen duguna. Hala ere, honekin ez dugu lau urtean amaituko; borrokatu beharra dago, etxetik hasita. Transmititzen diren baloreei garrantzia eman behar zaie. Etxeko lanen kasuan, emakumeek beren gain hartuz gero, eta gizonek horrelako ardurarik ez hartzea erabakiz gero, haurrek etxean ikusten dutena egiten dute, gero, etxetik kanpo. Beraz, hori aldatu beharra dago, eta horretarako apustu sendoa egiten dugu.
Gainerako alderdien ezaugarri positibo bana aipatzerik izango zenuke?
Alderdiari eta ideologiei begiratu baino, pertsonei begiratzen diet nik. Alkategai guztiak oso jatorrak dira. Tolosako azken 20 urteetako bizitza politikoa oso gogorra izan da. Hortaz, posible ikusten dut zinegotzien arteko harreman on bat. Gainera, udal administrazioan, alderdien arteko ezberdintasunak oso txikiak dira. Bakoitzak bere ahalmenak ditu, eta antolaketa juridikoari begiratuz gero, oso baldintzatuta gaude, batez ere, baliabide ekonomikoen arabera.
Gobernua osatzeko giltza edukiz gero, zer egingo duzue?
Pertsonalki, alkate izatea ohore handia litzake. Bestela, udal gobernuan egotea gustatuko litzaidake. Azkenean, batzuekin edo besteekin, datozen lau urteen garapenerako programa bat adostea da gakoa, gehiengoa lortzea oso zail ikusten baitut. Beraz, aukera bat baino gehiago egon daitezke. Garrantzi handia ematen diot foru aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harreman politikoak izateari.
Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko?
Batez ere, irakurri egiten dut; historiaz, politikaz edota teologiaz. Izan ere, sinestuna naiz. Mendira edota bizikletan ibiltzera ere joaten naiz, eta koruarekin abestea oso gustuko dut.