Hilabeteak eraman ditu EH Bilduk datorren agintaldirako programa osatzen. Andu Martinez de Rituerto alkategaiak azaldu duenez, arloz arloko lanketa bat egin dute programak jaso beharreko helburu orokorra definituz: "Tolosar orok, bizitza duina eta aberasgarria aurrera eramateko aukerak sortzea". Programarako lan batzordeak osatu dituzte, arlo bakoitzeko egoeraren diagnostikoa egin dute eta Tolosako eragileekin elkartuta, ildo orokorrak eta neurri zehatzak definitu dituzte.
Guztira, hamalau arlotan banatu du EH Bilduk bere programa: gizarte politika, sozioekonomia, hirigintza, kultura, berdintasuna, osasungintza, gazteria, ingurumena, hizkuntza politika, kirola, hezkuntza, aniztasuna eta migrazioa, bizikidetza eta parte hartzea. Hala ere, gai guztietan zeharkako bost eremu jaso dituztela esan du alkategaiak: "Gure proiektuak alor guztietan txertatuko diren bost zeharkako gai, bost geruza ditu; berdintasuna, jasangarritasuna, osasuna eta euskara".
EH Bilduk egindako programa sarean eskuragarri dagoela gogorarazi dute. Agerraldian, ordea, programako zenbait ekimen zehatz aipatu ditu Mtz. de Rituertok:
- Mugikortasuna eta energia: Herriko autobus zerbitzua publifikatzea eta indartzea nahi dute. "Tolosarrek garraio publikoa gehiago erabiltzea, eta ditugun mugikortasun beharrak era jasangarriagoan asetzea" nahi dutela azaldu dute. Horrez gain, udal eraikinak energia berriztagarria sortzeko tresneriaz hornitu eta aurrerantzean erosiko diren udal ibilgailu berriak elektrikoak izatea proposatu dute.
- Hirigintza eta Alde Zaharra: Zumardia Txikia aisia gune bezala berreskuratu nahi dute herritar guztien gozamenerako. Hori egin aurretik, ordea, Alde Zaharreko bizilagunentzat aparkalekuak bermatzeko irtenbide egingarria landu beharra dagoela azaldu du alkategaiak. Bestalde, Rondilla kalea ere oinezkoentzat "atseginagoa" bihurtu nahi dute.
- Gazteria eta etxebizitza: Alde Zaharrean hondamen egoeran dauden eraikinak udalak eskuratzea da asmoa eta horietako batzuk alokairu sozialean jartzea.
- Kultura: Kultur etxea berritzeko apustua egingo dutela jakinarazi dute. "Tolosarrok merezi dugun liburutegia, ordutegi egokia eta argitasuna izango duten ikasgelak eta Leidor eta Topiceko aretoen osagarri izango den erabilera anitzeko areto modernoa bilduko ditu kultur etxeak", alkategaiaren arabera.
- Auzoak eta landa-auzoak: Bizilagunekin batera beharrak aztertu eta lehentasunak finkatu ondoren, hauek asetzeko baliabideak bideratzeko konpromisoa erakutsi dute.
- Berdintasuna: "Alor guztietan kontuan hartuko dugu", esan du Mtz. de Rituertok. Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraiki eta martxan jarriko dela bermatu nahi dute, eta beharrezko baliabide material, ekonomiko eta pertsonalak horretarako bideratuko direla konpromisoa hartuko dutela adierazi du.
- Kirola eta azpiegiturak: Usabalgo hirugarren fasea definitu eta egin, eta Berazubi estadioko lanak amaitzea nahi dute, biltegia eta bulegoak berrituz.
- Ekonomia eta merkataritza: Merkataritza lokala eta lehen sektorea indartzeko neurri zehatzak, kontsumo ereduen gaineko kontzientziazioa eta lanketa sakona egingo dituztela iragarri du.
- Gizarte politika: "Tolosar guztien duintasunezko bizi kalitatea bermatzeko", udal laguntzak berrikusiko dituzte, "beharra duten ahalik eta herritar gehienengana iristeko".
- Osasungintza: Herritarrek eskatzen duten kalitatezko osasun zerbitzua bermatu dadin, Tolosan ospitale publikoa errealitatea izan dadin, bere esku dagoen guztia egingo duela adierazi du EH Bilduk: herri lurrak eskainiz, aukerak aztertuz eta behar diren ate guztiak joz eta behar den guztiarekin hitz eginez.
Osatu duten bide orriari eta taldeari erreferentzia eginez bukatu du aurkezpena Mtz. de Rituertok: "Hau da amesten dugun Tolosa errealitate izan dadin irudikatu dugun bidea. Eta azpimarratu nahi nuke, proiektu horiek aurrera eramateko osatu dugun talde bikaina. Udalari eta herriari, ortzadarraren kolorea emango diogu".