Tolosako EAJ-PNVk hainbat proposamen egin ditu gizarte politiken inguruan

Irati Urdalleta 2019ko mai. 13a, 12:10

Gizarte politiken arloan, besteak beste, Uzturren adinekoentzako plaza gehiago kontzertatzea eta Familia Elkargunea indartzea proposatu ditu alderdi jeltzaleak.

Tolosako EAJ-PNVren udal hauteskundeetarako programa bost ardatzetan dago banatuta eta gaur aurkeztu dute gizarte politikei dagokiena. Olatz Peon alkategaiak baieztatu duenez, aurtengo legealdian, gizarte politikek izan behar duten norabidea asko argitu da. Dagoeneko gizarte mapa bat egin dute. “Maparen garapen horretan, aipatzekoa da etxez etxeko zerbitzua”, baieztatu du. Horren bidez, pertsonak ahalik eta gehien eta duintasunez beraien etxeetan bizi daitezen nahi dute. Bestetik, bazterketa egoeran dauden pertsonek gaueko arreta daukate eta alderdi jeltzaleak hori gehiago profesionalizatzea nahi du. Horrez gain, eguneko arreta ere jarriko dute. “Prebentzioaren arloan, mendekotasun egoeran edo mendekotasun egoeran egoteko arriskuan dauden pertsonentzako eguneko arreta proposatzen dugu”, azaldu du Peonek eta gaineratu du prebentzioa gizarte zerbitzuetako alor garrantzitsu bat dela.

 

Horrez gain, gizartea gero eta zaharragoa delako, Uzturren adinduentzako plaza gehiago kontzertatzea proposatzen dute. Musika eskolaren aurrean egindako agerraldian esan dute Eusko Jaularitzarekin elkarlanean posible izan dela Familia Elkargunea edukitzea, eta zerbitzu hori osatuko dutela gizarte hezkuntza eta laguntza psikosozialaren arloan esku hartzeak bertan eginez. Horrez gain, eskualdeko osasun diagnostikoa egiteko konpromisoa ere hartu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!