"Izugarria izan da lorpena eta ospakizuna"

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 13a, 12:13
Argazkia: Karlis Medrano

Nerea Eizagirre tolosarrak historia egin du Realarekin Espainiako Kopa lortuz. Ospakizunak pasa berritan, egindakoaz kontziente izaten ari dela dio futbolariak.

Eizagirreren agenda ez dago geldirik. Espainiako Selekzio absolutuaren deialdian sartu dute, eta lortutakoa barneratzen ari den bitartean maletak egiten ari da. "Orain kontziente izaten ari gara", esan du Eizagirrek. "Gertatzen denean ez zara jabetzen. Gaur kontuak asimilatzen joan behar dugu. Poza izugarria da, azkenean urte osoko lana horrela bukatzea ez genuen imajinatu ere egingo".

Atletico Madrilen aurka jokatutako finala gogorra izan zen: "Beraiek aurretik jarri ziren eta oso ondo hasi zuten partida. Bagenekien partida gogorra izango zela. Gure taldeak berdin jarraitu zuen, eta segituan sartu genuen berdinketako gola eta indar gehiago hartu genituen". Bigarren zatian aurkariak urduriago ikusten zituen tolosarrak: "Azkenean beraiek ohituta daude dena irabaztera, eta erraz gainera. Astebete lehenago Zubietan jokatu genuen beraien aurka eta partidaren jabe izan ziren gauza guztietan". Bigarren zatian sartu zuen Realak bigarren gola eta bukaera arte eutsi zioten markagailuari:  "Bigarren gola sartu eta gero esan genuen finala gurea zela, eta hortik aurrera minutuak sufritzen pasa genituen. Nik aldaketa eskatu behar izan nuen, ezin nuen ezta zutik egon ere. Indarrak atera genituen denok batera finala irabazteko, eta gero eromena izan zen. Jende asko etorri zen gu animatzera eta jende horiekin guztiekin ospatu genuen zelaian bertan".

Ospakizuna "zoramena" izan zela dio Eizagirrek. "Kapitainak kopa hartu eta guregana ekarri zuenean, orduan izan zen esan genuenean 'lortu dugu eta hemen gaude'. Nik aurretik esan nuen aste osoan zehar bisualizatzen nuela kopa altxatzen. Eta azkenean denon ametsa errealitate izatea lortu genuen. Beraiek kopak askotan irabazi dituzte, baina guri ilusioan eta gogoan ez zigutela irabaziko ikusten genuen. Aste guztian hori bisualizatzen, kopa irabazten eta etxera ekartzen, eta ikusten da ez zaidala hain gaizki atera".

Granadan bertan izandako ospakizunen ondoren, etxekoak iritsi ziren. "Zubietara joan ginen eta jende pila bat zegoen, eta ezin ginen jaitsi ere egin autobusetik. Ez genuen espero, izugarrizkoa izan zen. Eta gero udaletxera joan ginean, eta kanpoalde guztia beteta zegoen. Sekulakoa. Oso babestuak sentitu ginen eta oso polita izan zen. Gero, arratsaldean Anoetara joan ginen. Hor hasi zen dena, bertan finalerdia irabazi geniolako Sevillari. Eta oso momentu politak izan ziren. Bizitza osorako gordeta geratzen diren uneak dira".

Eizagirrek esan duenez, "emakumeen kirola, eta kasu honetan futbola, indarra hartzen ari da. Espainiako selekzioarekin Europako eta Munduko txapelketak jokatu izan ditut, eta mugitu da jendea, gertu sentitu ditugu. Orain Realarekin lortutako honekin, inflexio puntu bat bada emakumeen kirola gorantz doala ikusteko". Eizagirrek gogora ekarri du Realeko Jokin Aperribai presidenteak Donostiako udaletxean esandakoa: "Aurten hockeyko neskak, eta baita Bera-Berako neskak etorri dira tituluak ospatzera, eta orain gu izan gara. Eta nik uste dut hasi behar garela kontziente izaten emakumeen kirolak izugarrizko booma ematen ari dela. Gure kasuan futbolean Erreginaren Kopa irabaztea ez da gauza erraza, eta lortu dugu. Haurrek dagoeneko ikusten gaituztenean kaletik, geratu egiten zaituzte eta argazki bat ateratzea edo sinatzea eskatzen dizute, eta hori lehen ez zen gertatzen. Parekatzen ari gara gauza asko. Egia da oraindik lan asko dagoela egiteko, baina bide onetik goaz, eta ea denok batera egunen batean lortzen dugun parekidetasuna. Ni gaztea naiz eta beti esaten dut espero dudala gauzak normaltasunez ematea eta gu profesionalak izatea".

Eizagirre orain Espainiako selekzio absolutuarekin izango da astebetez. Lehen aldiz deitu dute absolututik. Munduko txapelketa jokatuko da aurten Frantzian eta horri begira partida bat jokatu dute. Absolutuan ohikoak diren jokalari batzuk atsedena dute, eta orain aurre-zerrenda bat egin dute, jokalari gazteagoekin. "Gogotsu nago aste honetarako, aste polita izango da. Gero itzultzen naizenean deskantsatu pixka bat, deskonektatu, eta gero ekainaren bukaeran deialdia izango dut Espainiako 19 urte azpiko selekzioarekin Europako Txapelketa jokatzeko Eskozian. Agenda bete-betea dugu, baina polita da. Lehengo urtean txapeldunak izan ginen Europako txapelketan eta bi aldiz lortzea txapeldunak izatea zerbait polita izango da", esan du Eizagirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!