Tolosarako hauteskunde programa aurkeztu du PSE-EEk

Ataria 2019ko maiatzaren 10a

Zazpi puntu nagusiz hitz egin du Joxe Mari Villanueva alkategaiak; aurkezpen ekitaldia euskara hutsean egin dute PSE-EEko kideek.

Gehiengoaren alde lanean lelopean aurkeztu dute PSE-EEko kideek hauteskunde programa. Gizarte agenda eta zerbitzu publikoen hobekuntza lehenesten dutela adieraziz hasi du ekitaldia Joxe Mari Villanuevak. Zazpi puntuko programa osatu dute PSE-EEko kideek:

  1. Gizarte politikak
  2. Berdintasuna
  3. Osasungintza
  4. Hirigintza eta etxebizitza ingurugiroa
  5. Kirola
  6. Kultura-Jaiak
  7. Garapen ekonomikoa eta enplegua

Gizarte politikan, pertsonak eta euren duintasuna babesteko, kolektibo ahulenei arreta eman behar zaiela esan du Villanuevak: "Pertsonak dira gure jarduera politikoaren erdigunean egon behar direnak, eta hau lortu ahal izateko gizarte zerbitzu publikoak, murrizketarik gabe, egon behar dute".

Berdintasunari lotuta, udal plangintzekin lanean jarraitzeko borondatea azaldu du Villanuevak, Berdintasunerako III. plana edo parekidetasunerako udal ordenantza aipatuz. Tolosako Emakumeen Etxea bultzatzearen alde agertu da PSE-EEko hautagaia, eta azkenik, ondorengoa gehitu du: "Tolosako kaleetan emakumeentzat izan daitezkeen puntu edo toki arriskutsuak identifikatu eta segurtasun neurriak aplikatu: pasabide, igogailuak...".

Osasungintzan, "Euskal Herriko edozein lurraldetan Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzuen karta tolosarrentzat bermatzea" eskatu du. 

Hirigintza arloan bederatzi puntu aipatu ditu, San Esteban, Zumardi Txiki, Rondilla Kalea edo Renfeko geltokia aipatuz. Trafiko handiari ere konponbidea eman beharra dagoela esan du Villanuevak, adibidez, "Arriaraneko errotondan aurreikusitako Oria gaineko zubia eraikiz". Ibarrarako saihesbidea bukatzea ere eskatu du PSE-EEren alkategaiak.

Kiroletan ondorengo asmoak azaldu ditu: Usabalgo hirugarren fasea burutzekoa, zelaiko belar artifiziala berritzekoa edo Uzturpeko kirol instalakuntzak birmoldatzekoa. Zezen plazan ere aldaketak egin nahi ditu Villanuevak, kirol eta kultura erabilerarako egokituz. 

Kultura eta jaiei buruz ere hitz egin du PSE-EEren ordezkariak, euskararen erabileraren aldeko konpromiso "sendoa" erakutsiz eta San Joan jaien edo inauterien inguruko diagnostiko baten beharraz hitz eginaz, "berritzeko" helburuz.

Azkenik, industria eta enpleguaren atalean, tokiko merkataritza eta hotel sektoreari laguntzeko programez, 45 urtetik gorakoentzat enplegu planez eta Apatta Errekaren bigarren fasea bultzatzeaz aritu da Joxe Mari Villanueva.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!