Nerea Eizagirre, Espainiako selekzio absolutuaren deialdian

Ataria 2019ko maiatzaren 9a

Realeko jokalari tolosarra Espainiako selekzio absolutuak Kamerungo selekzioarekin jokatuko duen partidarako deialdian sartu du Jorge Vilda hautatzaileak.

Uztailean Munduko Futbol Txapelketa izango da jokoan Frantzian, eta horri begira antolatu dute partida. Espainiako eta Kamerungo selekzioek maiatzaren 17an jokatuko dute norgehiagoka, Guadalajaran. Maiatzaren 13an, astelehena, elkartuko dira deituak izan diren jokalariak partida prestatzeko.

Larunbatean, maiatzak 11, Nerea Eizagirrek Realarekin Espainiako Koparen finala jokatuko du Atletico Madrilen aurka, Granadan. Beraz, ez du atseden handirik hartzeko aukerarik izango futbolari tolosarrak. Lehenengo aldia da Eizagirre Espainiako selekzio absolutuaren deialdi batean sartzen dela. Aurretik, 17 eta 19 urte azpiko selekzioen deialdietan sartu izan da tolosarra. Dena dela, oraindik Espainiako hautatzaileak ez du eman Munduko Txapelketa jokatzeko behin betiko zerrendaren berri.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!