«Konbentzituen ateratzen den taldeak izango ditu gauzak alde»

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 9a, 19:58

Atletico Madrilen aurka jokatu berri du Realak, ligako azken partida. Espainiako Kopako finalean ariko dira, berriro, elkarren aurka. Nerea Eizagirre Realeko jokalari tolosarrak irabazteko aukerak dituztela dio.

Espainiako Koparen finala jokatuko dute, Realak eta Atletico Madrilek, larunbatean, Granadan. Bertan izango da Nerea Eizagirre (Tolosa, 2000) Realeko futbolaria.

Bukatu duzue liga, eta zazpigarren amaitu. Nolako balantzea egiten duzu?

Denboraldi ona izan dela uste dut. Taldea asko hazi da, taldea gaztea da, eta uste dut asko ikasi dugula. Urte polita izan da, Kopako finalera iritsi baikara, eta ligan zazpigarren geratzea postu ona da. Aurten jokatutako partidetan, ez dugu izan erraz irabazi digutenaren sentsaziorik. Partida guztiak lehiatu ditugu eta, alde horretatik, uste dut taldea asko hazi dela.

Eta, nola ikusi duzu zeure burua?

Ni gustura nago. Beti daude hobetzeko gauzak, baina, uste dut azken zati honetara ondo iritsi naizela. Gustura nabil azken bolada honetan, eta sentsazioak onak dira. Azkenean, jokalari baten sentsazioak onak direnean, gero, errealitatean, maila eman behar den unean, errazago ibiltzen zara.

Ligako azken partida Atletico Madrilen aurka jokatu zenuten, eta galdu. Ligako partida, edo larunbateko finala zenuten buruan?

Taldeak argi zuena zen, gauzak ondo egin behar genituela. Partida horretatik ahalik eta gauzarik onenak jaso nahi genituen, eta baita informazioa ere; bai beraiek dituzten alde onak, bai txarragoak. Orain, planteatuko dugu zer egin eta, behintzat, gauzak argi izatea. Atletico Madrilek izugarrizko taldea duela badakigu, eta alde txarrak aurkitzea zaila dela. Liga irabazi du, izugarrizko jokalariak ditu...

Nik uste dut gure taldeak sentsazio onak izan zituela azken partida honetan. 1-3 galdu genuen, baina hortxe ibili ginen. Argi dugu non egin diezaiokegun min; gero guri min egin ziguten alde horietan hobetu beharko dugu. Defentsan ondo bagaude, eta kontraerasoan ditugunak sartzen baditugu, hortxe izango dugu aukera. Final batean %50 da beraientzat, eta %50 guretzat, eta zelaian ikusi beharko da zeinek irabaziko duen. Hori bai, beraiei irabazteko, partida perfektua egin behar dugu.

Nola bizitzen ari zarete astea?

Egia da aste berezia dela. Tentsioa nabari da. Gauero, ohera sartzerakoan, partida bisualizatzen ari zara, zer gertatuko den, zer ez... Nerbio horiek hor daude, baina, nire aldetik behintzat, oraingoz lasai nago. Gerturatu ahala iritsiko dira urduritasunak, baina nik uste dut taldeak lasai egon behar duela. Gauden lekuan gaude, meritu propioengatik. Taldeak gauzak ondo egiten daki. Nik uste dut konbentzituen ateratzen den taldeak izango dituela gauzak alde.

Zaletuak ere joango dira animatzera.

Oraingoz, 1.500 pertsona inguru joango dira. Guk ere nabaritzen dugu jendea gurekin dagoela; Granadara joan ezin duena ere gertu sentituko dugu, eta hori garrantzitsua da.

Larunbateko finalarekin denboraldia bukatuko duzu?

Realari dagokionez, bai. Gero, udan, Europako Txapelketa dago, 19 urtez azpikoena. Ekainaren bukaera aldera egingo dute deialdia, Espainiako selekziotik, gero uztailean jokatzeko. Beraz, Realarekin denboraldia bukatu ondoren, opor batzuk hartu, deskantsatu, eta gero, berriro, Espainiako selekzioarekin.

Oraindik deialdia eginda ez badago ere, aukera handiak izango dituzu joateko, ezta?

19 urte azpiko eta 17 urte azpiko deialdi guztietan egon naiz orain arte, beraz, aukerak hor daude. Gero, noski, ikusi egin beharko da sartzen garen ala ez. Garrantzitsua da klubean gauzak ondo egiten joatea. Nik uste dut, pertsonalki ere pauso bat eman dudala aurten, eta horrela jarraitu behar dudala.

Hain justu, Europakoa bezalako txapelketak jokatzeak ere eskarmentua ematen du lehiakortasunean , ezta?

Azkenean esperientziak dira. Horra joaten garen 18 edo 20 jokalariak, urte osoan zehar egindako lanaren ondorioz goaz. Garrantzitsua da egunerokoan egiten duguna; nire kasuan, Realean. Opari bat da Europako Txapelketa bat edo Munduko Txapelketa bat jokatzea: bizipen berriak, beste klubetako jokalariekin zoaz elkarlanean aritzea... Zuri gustatzen zaizuna eginez, bidaiatu eta esperientzia berriak bizitzeko aukera baduzu, zer gehiago espero dezakezu?

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!