Berez oiartzuarra bada ere, 30 urte baino gehiago daramatza Tolosan, Peio Atxukarro Agirrezabala (1955). Egun, erretiroa hartua du. Tolosa herri atsegina eta bizia iruditzen zaio, eta 2011n galdutako zinegotzia berreskuratzeko asmoa du.
Zein balantze egiten duzu azken lau urteen inguruan?
Hondakin bilketaren kudeaketan, bosgarren edukiontzia jartzearen erabakia txalogarria iruditu zitzaidan. Bestalde, auzo txikietako eraberritze lanek eta Fronton eraikinaren kudeaketak, hobetzeko asko dute.
Zer proposatzen duzu datorren agintaldirako?
Urteak dira udaletxean ordezkaririk ez dugula, eta informazio aldetik nahiko mugatuta gaude. Udalera heltzen banaiz, herritarrei galdeketa bat egitea proposatuko dut, etxez etxe, beraien kezkak eta eskaerak zein diren jakin eta dirua zertan xahutu nahi duten ezagutzeko.
Eta, alderdi ekonomikoari dagokionez?
Diru-iturri nagusietako bat zergak izango dira. Baina, dirua sortzeko, pertsona batek enplegua behar du. Herritarrak enpresetara erakartzeko neurriak hartu behar ditugu, eta horiei laguntzea instituzioei dagokie.
Azken urteetan ozen entzun da %100ean publikoa izango den ospitale baten aldeko aldarria. Zer diozu honi buruz?
Aurretik dugun osasun zentroa publiko egiteak gastu handia suposatzen du. Gure proposamena mantentzea da, baina gainerako eskualdeetan eskaintzen duten zerbitzu berarekin. Kudeaketa mota ez da garrantzitsuena, publikoa izateagatik ez baitu zerbitzu hobe bat eskainiko. Zerbitzua ona dela bermatu behar da.
Eta zein da Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatutako Tolosaldeko Euskararen Mahaiari buruz duzun ikuspegia?
Euskara oso garrantzitsua da guretzat. Hizkuntza bat ez da urteetan egiten, gizaldietan baizik. Egunero elkar ulertzeko tresna bat da, zaindu beharrekoa. Horretarako lan-talde bat dagoela jakiteak pozten nau. Dinamikek bultzatzen dute aurrera herri bat, eta gurea adibide garbia da. Gure alderdiak euskararekiko konpromisoa behar du, eta horretan ari gara.
Zein iritzi duzu erabakitzeko eskubideari buruz?
Termino horri esanahi egokia eman behar zaio, maiz hartzen ditugulako erabakiak. Ados nago erabakitzeko eskubidearekin, baina ez autodeterminazioarekin. Konstituzioa errespetatu behar da, nahiz eta legeak aldatu. Euskal Herriari edota Kataluniari ez dagokie autodeterminazioa. Besteei eskubide hori kentzen ari garela iruditzen zait. Kontuan izan behar dugu mugak non dauden.
Tolosan gora egin dute birziklatze datuek. Zein da asmoa: horiei eustea edo hobetzea?
Hobetzerik baldin bada, beti da ona. Lehen guztia poltsa berean sartu eta kale bazterrean uzten zen. Pentsa zein egoeratan gauden orain. Hala ere, badira hobetzeko zenbait gauza, askok ez baitute errespetatzen. Ikasten jarraituz, hobetuko dugu.
M8ak greba egun arrakastatsuak utzi ditu bi urteetan. Zein politika defendatuko dituzu berdintasuna lortzeko?
Berdintasunaren alde gaude, nahiz eta oraindik lan handia egin behar den. Mugimendu guztiak errespetagarriak iruditzen zaizkit. Ez gaude urruti, eta eboluzioa oso positiboa da. Ez dut ikusten gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago direnik.
Beste alderdien ezaugarri positibo bana aipatzerik bai?
Gizarteari zerbitzu bat emateko borondatea dute guztiek.
Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko?
Ezer gutxi. Beti politikari lotuta bizi naiz, eta nire bizitza da. Ez dakit harrapatuta nagoen ala ez, eta askotan neure buruari ere esaten diot deskonektatzea komeni zaidala. Hauteskundeak amaitzean, zertxobait erlaxatzea gustatuko litzaidake.