«Eraikin publiko berri bat nahi dugu, kalitatezkoa»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 9a, 11:58

Alderdi moreko hautagaia, Iñigo Cabieces, herritarren kezkak biltzen aritu da hilabete luzez. Era guztietako ideiekin, estrainekoz aurkeztuko da alkatetzara.

Iñigo Cabieces Casares (Portugalete, 1988) oso gaztea zela sartu zen politikan. Egun, Historia eta Geografia ikaslea eta haur baten aita da Tolosako alkategai berria.

Zein balorazio egiten duzu azken lau urteen inguruan?

Lotan igarotako lau urte izan dira. Hainbat politika aurrerakoi jorratzeko aukera paregabea genuen, baita herritarrek jarritako erronkak lantzekoa ere, baina ez dira egin. Ziur borondate politikorik egon ez delako izan dela.

Zeintzuk dira hurrengo lau urteetarako dituzuen proposamen nagusiak?

Hiribusaren zerbitzu egokia bermatzea beharrezkoa da, mugikortasunaren ardatza baita. Bestetik, bizikleten zerbitzu publiko bat ere proposatuko dugu. Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekurako azpiegitura mugikor bat sortzea proposatzen dugu, neguan estalita mantendu dadin.

Zer proposatzen duzu alderdi ekonomikoari dagokionez?

Gazte enpleguan dag hutsune nabarmena. Asko atzerrira doaz, baldintza txarretan lanera. Datozen belaunaldiek bizitza hemen sortzea da asmoa. Hainbat gizarte lan daudenez, lan poltsa publiko bat sortu nahi dugu. Gainera, tokiko merkataritza sustatzen dugu, garrantzi handia baitu. Ulergaitza da, Eroski bezalako supermerkatu inguruan TAO sistemarik ez duen aparkalekua izatea, eta alde zaharrean, berriz, ez. Ez dut esaten alderantziz izan behar duenik, baina komertzio handietara joateko erraztasun bat da hori. Hortaz, eta herritarrekin kontsultatuz, alde zaharrean erosketak egiteko aparkaleku sistema berri bat jartzea proposatzen dugu.

Eskualdean ozen entzuten da %100ean publikoa izango den ospitale baten aldeko apustua. Zein da zuen ikuspuntua?

Asuncion klinikako langileek baldintza duinak izan behar dituzte. Herritarrak ez dira bertako bezero hutsak, erabiltzaileak baizik. Eraikin publiko bat sortu behar dugu, kalitatea bermatuko duena. Lan Mahaia eratzea nahi dugu, erreferendum batekin.

Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatuta, Tolosaldeko Euskararen Mahaia osatu da. Zer iruditzen zaizu?

Euskararen alde egiten den oro onuragarria da. Kaleko euskararen erabilerak behera egin du, gazteen artean. Erabilera bermatzen ez bada, euskara hondar-hizkuntza izango da. Udalak, bestetik, euskararen aldeko apustua indartu behar du, aurrekontuetan eskuzabalago arituz.

Beste aldarrietako bat, erabakitzeko eskubidearena da. Zein iritzi duzu?

Lurraldetasuna erdigunean jarri behar da. Herritarren asmoak bultzatuko dituen prozesuak, errealista izan behar du. Adostutako erreferendum bat nahi dugu, betiere, errespetuz.

Tolosan gora egin dute birziklatze datuek. Zer proposatzen duzu horiei eusteko edota hobetzeko?

Gure helburua oinarriak sendotzea da, baina birziklatze tasa %80ra heltzearen aldeko aldarria egiten dugu. Ez da zilegi lege bat ezartzea, gero betetzen ez bada. Hondakinak biltzeko dugun sistema ez da txarrena, baina ezin gara horretan geratu.

M8ak greba egun arrakastatsuak utzi ditu bi urteetan. Zein politika defendatuko dituzu berdintasuna lortzeko?

Tolosan zorte handia dugu, eragile feminista asko ditugulako. Emakumeen etxea ekimen zoragarria da. Udaletxeak ere ikuspegi feminista bat izan behar du, sail guztietan. Bestalde, haurren zaintza emakumeen gain jartzea saihesteko, udalak babestutako ekitaldietan, ludoteka zerbitzu bat jartzea proposatzen dugu.

Beste alderdien ezaugarri positibo bana aipatzerik bai?

Popularrek eta sozialistek guztiekin hitz egiteko ahalmena dute. EH Bilduk adostasunetara heltzeko borondate ona du. EAJk, berriz, herriko arazoak saihesteko ahalmen handia.

Gobernua osatzeko giltza izanez gero, zer egingo duzue?

Gure programa onartzen duenak jasoko du babesa. Egia da, orain arte defendatu ditugun ideia aurrerakoiak ez direla azken lau urteotan garatu.

Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko?

Ahal dudan guztietan, haurrarekin egoten naiz. Orain, gainera, abuztuan jaioko den bigarrenaren zain gaude. Bestela, kirola egitea, irakurtzea edota telesailak ikustea gustuko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!