EAJk ezinbestekotzat ditu "elkarlana eta adostasuna"

Ataria 2019ko mai. 8a, 17:27

Tolosaldeko EAJ alderdiko alkategaien aurkezpen ekitaldia egin zuten, atzo, Tolosan. Ekitaldian, besteak beste, Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibar eta diputatu nagusirako hautagaia den Markel Olano izan ziren.

Tolosako alkategaia den Olatz Peonekin batera izan ziren eskualdeko hainbat alkategai: Ibarrako Itziar Jauregi, Villabonako Maite Izagirre, Zizurkilgo Trini Altimasberez, Irurako Ana Leunda, Anoetako Rafa Uribarren, Ikaztegietako Anton Elosegi eta Asteasuko Joseba Gomez.

Elkarlana eta akordioak erdiesteko gaitasuna

Tolosako alkategaia den Olatz Peonek azpimarratu zuen EAJ alderdiak beti egin duela elkarlanaren aldeko apustua, eta "gainerako erakundeekin batera lanean aritu gara herritarren interesen defentsan”. “Elkarlana eta adostasuna ezinbestekoak dira, are gehiago, gurea bezalako bailara batean, neurri, tamaina eta izaera ezberdinetako 28 herriz osatuta dagoen eskualdean”.

Udal hauteskundeetara “herri honen alde lan egiteko prest dauden gizon-emakumeak” aurkezten direla adierazi zuen Peonek: "Konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa hartzen duen lantaldea”. Tolosako alkategaiak gehitu zuen, “bi indar politiko nagusi” daudela Tolosaldean, eta EAJk “konfrontaziorik gabe eta adostasunak bilatuz” egin duela lan, “zer garen ahaztu gabe, baina aurrera begira; gizarte ongizatea eta ekonomiaren garapena uztartuz, pertsona erdigunean jarriz, gizarte inklusibo baten alde eta herritarrekin leial jokatuz”. EAJren oinarria: "Herritarrekiko gertutasuna” dela gehitu zuen.

Joseba Egibarrek EAJ, "herri borondateak bultzatzen duen motorra” dela esan zuen, eta bere helburua “gizarte orekatuago, aurreratuago eta progresistagoa” eraikitzea dela. “Herriz herriz, eskualdez eskualde, motor horrek aurrera egiten jarraitu behar dugu”, adierazi zuen Egibarrek.  EAJk “eredu propioa” duela esan zuen. Lehen alorrean, azaldu zuen ordezkatzen duen alderdiak "erakundetatik gizarte babeserako sistema" eraiki duela. Arlo politikoan, berriz, estatutu berri baten alde egin zuen, “ezinbestekoa” baita Euskadik "hazten jarraitu dezan sozialki, politikoki eta instituzionalki".

Egibarrek, bere hitzaldian, EAJren ibilbide historikoa aldarrikatu zuen, alderdiak erakundetatik egin duen lana nabarmenduz. Esan zuenez, Euskadik, “babes sozialeko sistema”, berdintasuna eta justizia oinarri dituena da: “Sistema propioa da, babestu eta hobetu behar duguna, Estatutuaren arabera gurea behar lukeen pentsio sistema gehituz. Elementu hau behar dugu sistema osoa osatzeko”.

Esparru politikoan, “nahitaezkotzat” jo zuen estatutu berria adostea, Euskadik “sozialki, politikoki eta instituzionalki” hazteko beharra baitauka. Horretarako, esan duenez, “ezin dugu herri honen interesetatik urrun dauden estrategien menpean egon, eta hori da Espainiarekin gertatzen zaiguna”. “Bizikidetza ez da inposatzen, adostu egin behar da. Guk Espainiako errealitatea errespetatzen dugu, orain falta dena da beraiek Euskadiko eta Kataluniako errealitateak errespetatzea”, azpimarratu zuen.

Jarrera aldaketa

Markel Olanok, bere aldetik, datozen foru eta udal hauteskundeetan herritarrek politika egiteko “bi estiloren” artean aukeratu behar dutela esan zuen: “Ezker abertzalearena edo gurea”. Hautagai jeltzaleak Tolosa jarri zuen adibide moduan, lurraldean duela lau urte bizi zen giroa eta gaur egungo egoera alderatuz: “Nola aldatu den herriko giroa, nola aldatu den udalaren papera, nola aldatu den bizikidetza… Tolosa Gipuzkoan gertatu denaren adibidea da”. Herritarrek orain aukeratu beharra daukatela zioen: "Edo iraganera itzuli, edo etorkizuna jo". Eta Oso argi adierazi zuen, "etorkizuna EAJ dela”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!