Olatz Peon Tolosako alkategaiak egin du udal hauteskundeetako programaren aurkezpena, Tolosako Batzokian. Pasa den legealdian, “momentuko eta etorkizuneko proiektuak” garatu dituztela dio. Horrela, momentuko nahiz etorkizuneko erronkei erantzun diote, Peonen hitzetan. “Diagnostiko bat egin eta herriaren beharrak zein diren oso argi edukiz, tolosarron iritzi eta ekarpenak jasoz landutako programa da”, azaldu du Peonek.
Bost ardatzetan banatuta dagoen programa osatu dute udal hauteskundeetarako eta ardatz bakoitzeko proposamen zehatzak landu dituzte, 58 guztira. “Momentu oro tolosarrak erdigunean kokatu ditugu, gure hauteskunde programaren helburu nagusia delako tolosarren beharrei erantzutea”, azaldu du Peonek. Gaineratu du herritarren beharrak ikusi eta proiektu berriak bultzatu behar direla, baliabideak eraginkortasunez eta zorroztasunez kudeatuz. “Datozen lau urteei begira, proiektu eta egitasmo berriak landu ditugu, ekindako bide horri jarraipena emateko”, esan du Peonek.
Horretarako, bost ardatzekin osatutako programa aurkeztu dute. Tolosarren ongizatea bermatze aldera, besteak beste, Uzturre egoitzan plaza gehiago jarriko dituzte eta etxez etxeko zerbitzua garatu eta Eguneko Arreta Zerbitzua bultzatuko dute. Horrez gain, familia elkargunea indartuko dute eta gazteentzat alokairu sozialeko aukera berriak eskainiko dituzte.
Tokiko ekonomia eta enplegua sustatzeko, Apattaren 2.fasea bultzatu eta enpresa berriak erakarri nahi dituzte. Horrez gain, ekintzailetza bultzatuko dute baita Lanbide Heziketa ere. Enplegu plana eta enplegu azoka ere babestuko dituzte eta nekazal jarduera erraztuko dute, Tolosako azoken ekosisteman parte hartzen duten eragileen beharrei erantzunez. Azkenik, merkataritza elkartearekin hitzarmena sendotuko dute eta turismo bulego berria eraikiko dute.
Hirigintzari eta azpiegiturei dagokienez, Zumardi Txiki herritarrentzat berreskuratu nahi dute eta Rondilla kalea berrituko dute irisgarriagoa eta erosoagoa izan dadin. Kirolaren eta kulturaren arloan, Berazubiko azpiegiturak osatu, Usabalgo 3.fasea garatu, liburutegia berrantolatu, kultur etxe eta musika eskola berregokitu eta gazteentzako musika entseguetarako lokalak jarri nahi dituzte, besteak beste. Horrez gain, kaleak zaharberritzen jarraituko dute; San Esteban auzo lasaia, baina kulturalki bizia izatea sustatuko dute; Gorriti eremuan urratsak egiten jarraituko dute; eta ingurugiroa zaintzeko, besteak beste, Mugikortasun Planetik eratorritako ekimenak burutuko dituzte.
Nortasuna babestu eta euskararen erabilera indartze aldera Tolosako kultur ekimena sustatuko dute. Gainera, euskararen erabilera indartuko dute eskolatik kanpo eta administrazioan. Tolosa parekideago eraikitzeko, berriz, emakumeen etxea eraikiko dute, indarkeria matxistari aurre egiteko politiketan sakonduko dute eta LGTBI kolektiboarekin elkarlanean jarraituko dute. Azkenik, bizikidetzaren alde ere lan egingo dute.
Amaitzeko, gobernu ona oinarri izateko herritarren arreta zerbitzua hobetu nahi dute, besteak beste, udal baliabideak webgunetik erreserbatzeko sistema ezarriz. Gainera, partaidetzan sakonduko dute eta gardentasuna bermatzeko informazio guztia herritarren eskura jarriko dute.