Tolosako Sanjoanak 2019

San Joan festak iristeko gogoz

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko apirilaren 30a

Iazko kartel lehiaketa Xabier Isastik eta Irune Elizegik irabazi zuten

Abian da jada aurtengo festetako kartel lehiaketa. Ostiralean amaituko da lanak aurkezteko epea, eta irabazleak 500 euroko ordainsaria eskuratuko du.

Geroz eta gutxiago geratzen da aurtengo sanjoanez gozatzeko. Festak ekainaren 21etik 24ra bitarte ospatuko dira. Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria sailak, ordea, abian jarri du jada aurtengo kartel lehiaketa.

Tolosako Udalaren webgunean aurkeztu behar dira lanak, eta epaimahaiak aukeratutakoen artean, herritarrek erabakiko dute irabazlea. Seigarrenez egingo da eta nahi duen orok har dezake parte. Ostirala bitarte aurkez daitezke proposamenak.

Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu behar dira, www.tolosa.eus webgunean. Bertan azaltzen dira lehiaketaren baldintzak, prozesua eta lanen oinarriak. Aurkeztu ahala, kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio, identifikatzaile modura.

GAUR, BILERA IREKIA

Bestalde, Tolosako Udalak bilera irekia deitu du, elkarte, eragile eta interesa duten norbanakoentzat, sanjoanen antolakuntzan sakontzen jarraitzeko. Gaur izango da batzarra, 19:30ean, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!