Tolosako Udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria sailak 2019ko San Joan jaiak iragartzeko kartel lehiaketa jarri zuen abian, aurreko ostiralean. Seigarrenez egingo da lehiaketa hau eta nahi duen orok har dezake parte. Maiatzaren 3a bitarte aurkez daitezke proposamenak.
Kartelak fitxategi digital batean aurkeztu behar dira, Tolosako Udalak bere webgunean horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahairentzat kartelaren identifikatzailea.
Honako baldintza hauek bete behar dira lanak aurkezterako garaian:
-
'Sanjoanak 2019, ekainak 21-24 / TOLOSA' izango da kartel guztietan agertuko den testua.
-
Tolosako Udalaren logotipoa eraman behar du.
-
Ideia nahiz edukiari dagokionez, originalak izan behar dute.
-
Neurri bertikalekoak izango dira: 50x70 zentimetro, eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa eta gehienez 5MBkoa.
-
Kolorea eta teknikak aukerakoak izango dira.
-
Generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez.
-
Fitxategiaren izenean leloa jarri behar da.
Epaimahaia Kultura, Jaiak eta Gazteria departamentuak izendatuko du. Lehiaketara aurkeztutako kartel guztien artean epaile taldeak aukeratutako sail bat jendaurrean erakutsiko da, kultur etxeko aretoan. Aukeratutako lan hauen artetik aterako da irabazlea, herritarren botoek erabakitakoa. Botoak kultur etxean bertan edo www.tolosa.eus atarian eman ahalko dira. Honakoa izango da prozesua:
-
1. fasea: lehiaketara aurkeztea. Apirilaren 12tik maiatzaren 5era.
-
2. fasea: 6 kartelen aukeraketa. Epaimahai batek aurkeztutako lan guztietatik 6 aukeratuko ditu. Maiatzaren 6tik maiatzaren 10era.
-
3. fasea: bozketa publikoa. 6 hautagaien bozketa publikoa herritarren artean. Maiatzaren 13tik 26ra.
-
4 fasea: kartel irabazlearen iragarpena. Maiatzaren 27a.
Oinarriak, www.tolosa.eus webgunean atxikita aurki daitezke. Norbaitek informazio gehiago beharko balu, kultur etxera bertaratu daiteke, edota 943 670 388 telefonora deitu edo kultura@tolosa.eus helbide elektronikora mezu bat idatz dezake.