Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak eskura du liga txapelketa, eta bigarren mailara igoera. Liga amaitzeko bi partida falta dira, eta bi puntu lortzea nahikoa dute, urtetan borrokatutako sari hori lortzeko. Gertu ikusten dugu denok, baina urrun, aldi berean. Ondo dakigu zein zaila izango den azken partida hauek irabaztea, eta gure neska eta teknikariak mimo handiz ari dira prestatzen igandeko partida.
2019a urte historikoa izaten ari da emakumezkoen futbolarentzat, eta Wanda, San Mamés, Sadar, Anoeta… bezalako estadioak jendez gainezka ikusi ditugu, lehen aldiz, beren neskak animatuz. Gure jokalariak ikusle bezala aritu dira egun horietan, baina orain beraien txanda iritsi da. Urtetan zehar amestu duten aukera eskura dute, eta gure Berazubi maitea leporaino beteta ikusi nahi dugu. Aitzakiarik ez dago, igandean denok Berazubira: harrobiko jokalari, entrenatzaile, laguntzaile, familia, lagun…
Handiak zarete, Tolosakoneskak! Baina, klub honen handitasuna ez da kirol emaitzengatik neurtzen. Aste Santuan Saloun izan gara, 71 jokalari, eta gure bertsolari Maddik bertso zoragarri honetan ederki adierazten du zer den Tolosakonesken parte izatea:
«Futbol zelaiko jokoan,
hainbat talderi gailendu
eta denboraldirako
hamaika akats zuzendu
kide ororen magia
behar genuke omendu
torneo honek garena
ederki erakusten du
jarrai dezagun bide hau
giro eder hau mantendu
amets bakoitza lortzeko
elkarri eskutik heldu
eta pauso oro gailur
bilakatu dezakegu»
Igandekoa berezia izango bada ere, ezin ahaztu larunbatean infantil nesken IV. Nescup futbol 8 txapelketa ospatuko dugula Berazubin, eta, urtero bezala, Euskal Herriko nesken futbol talde indartsuenak ikusteko aukera izango dugula, festa giro ederrean. Utzi alde batera beste planak, eta larunbat eta igandean nesken futbola bultza dezagun.
Ametsa egi bihurtzeko guztion laguntza behar dugu.
Igandean, 16:30ean, denok Berazubira, Tolosa CF - Zarautz KE ikustera.
Goazen Tolosa!!!!