Igandean Berazubi betetzea eskatu dute

Ataria 2019ko apirilaren 26a

Tolosa CF nesken taldea hitzordu historiko baten aurrean dago; Bigarren Mailarako igoera jokatuko du.

Euskal Liga amaitzeko bi jardunaldi falta dira. Tolosa CF-k, liderrak, igandean jokatuko du etxean, Berazubin. Zarautzen aurkako partida erabakigarria 16:30ean hasiko da.

Bi jardunaldi eta sei punturen faltan, Tolosa CF lehen postuan dago, 69 punturekin. Bigarren doan Arratiari lau puntu ateratzen dizkio; bizkaitarrak 65ekin dira. Ondorioz, igandean tolosarrek hiru puntuak lortzen baldin badituzte, maila igoera lortuko dute; Bigarren Mailara.

Deialdi berezia

Emakumeen futbolak aurten jauzi handia eman du futbol zelaien aldetik. Han eta hemen marka historikoak jarri dituzte ikusleen kopuruari begiratuta. Azkena, Herrialde Katalanetan gertatu zen, Espanyol eta Atletico de Madriden arteko partidan. Aurrez, San Mames, Anoeta eta Sadarren suertatu ziren hitzordu ikusgarriak. Tolosa CF-ko kideek, aurrekari horiek kontuan hartuta, deialdi berezia egin dute iganderako. 16:30ean hasiko da Tolosa CF eta Zarautzen arteko partida, eta Berazubi betetzea nahi dute; taldeari babesa emateko eta emakumeen futbola bultzatzeko.

Nescup larunbatean

Berazubin larunbatean ere nesken futbola izango da. Kasu horretan Nescup txapelketari dagokiona. 09:00etan hasiko dira Futbol 8ko partidak, eta, denek elkarrekin bazkaldu ostean, 15:45ean, txapeldunen faseari ekingo diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!