[IRAKURRIENAK] Bizitzarako pizgarria

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 20a, 09:00

Inauteriak beharrezko dira, tolosar askorentzat, bizitzak zentzua izan dezan; gero eta gertuago dauden honetan, Inauterikeriak izeneko erakusketa jarri dute Aranburu jauregian, izen bereko liburu eta dokumentalari tiraka.

Tolosarrena den zerbait munduan bada, hori, inauteria da. Urtea pasatzen dute inauteriei begira. Eta aurten, Aranburu jauregian, Inauterikeriak erakusketa jarri dute, argazkiz eta mozorroz osatuta. Martxoaren 2ra bitarte ikusgai egongo da.

Berrogeita hamabi pertsona, hobeto esanda, tolosar, elkarrizketatu dituzte Inauterikeriak liburua eta dokumentala egiteko, eta pertsona horien argazki eta mozorroak baliatu dituzte, Aranburu jauregiko paretak eta txokoak inauterien presentziaz eta usainez mozorrotzeko. Txarangen doinuek laguntzen dute bisita, eta baita berrogeita hamabi pertsonen hitzek ere. Aulkian eseri, eta dokumentala hasieratik bukaerara ikusteko aukera ere badago.

Aurora Aragonen hitzetan, «urteko poztasunik handiena zen, orduan ez baitzegoen besterik. Kalean jolasteaz aparte, inauteriekin ametsetan pasatzen genuen denbora». Egun horietan Tolosatik alde egitea ez zaio burutik pasa ere egiten. Bihotza aztoratzen zaiola dio. Musikari lotuta bizi ditu.

Migel Angel Bermudezentzat inauteriak bizitzako zati garrantzitsua izan dira: «Gauza gutxirekin oso ondo pasatzen delako, zarata eta plataformarik gabe».

Charo Berrak orratza eta haria astindu izan ditu inauterietarako. Poz izugarria ematen dio horrek, sortzen gozatzen duelako: «Ikusten ez den emakumeen lan asko dago, familia guztiarentzako trajeak egiten. Emakume gehienak, gainera, ez ziren mozorrotzen». Beste muturrekoa da: «egitea eta mozorrotzea izugarri gustatzen zait».

Kike Cearentzat inauteria poza da, festa, karrozak, txaranga, elkartea, jendea kalean, zalaparta eta makina bat gauza gehiago. Amaia Etxanizentzat «egun horietan ez zaude kezkatuta etxea gobernatu behar duzulako, lotara joaten zara eta hurrengo goizean berriz kalera, inauteria geldiune bat bezala delako».

Jaime Garcesek debekatutako galdera bat du: «Zertaz zoazte?». Bere ustez, egindako lan guztia desmuntatzen du hori galdetzeak. Musika Bandan eta txarangetan jotzen du, eta inauterietako doinuak alaiak eta biziak iruditzen bazaizkio ere, aitortzen du tristeak ere badirela, eta noizbait horiek entzuten negar ere egin duela.

Xabier Garikanorentzat, «urte berria bezala, inauteriak ere beharrezkoak dira, bestela ez du merezi bizitzeak». Adinez salto bat egin behera eta, Iñigo Irurzunek, hiru hitzekin definitzen ditu inauteriak: «Festa, umorea eta musika».

Jesusa Izagirrek egun horietan lanean ere, «gozatu» egiten zuen. Tabernan lan egin ostean, kalean txarangen atzetik saltoka gozatzen bizitzen zituen inauteriak. Tabernatik dendako zulora sartuta, Edorta Jauregik El Kilo oihal dendan urteko garai garrantzitsuenetakoa bizitzen du. Pasarteen artean, gogora ekarri du une onenetako bat: «Larunbat arratsalde batean hemen inguruko bi mutil etorri ziren dendara sekulako mozkorrarekin. Goitik behera neurtu behar izan nituen. Distira egiten zuen oihal batetik hiru metro erosi zituzten. Grapagailua eskatu, eta bertan egin zuten mozorroa».

Jose Ramon Lasarte Chatarrillak ia baliabiderik ez zegoeneko inauteria ezagutu zuen. Umetan hasi zen Dianan parte hartzen, eta ia bertan behera geratu zen urtea gogoratzen du, «jenderik ez zelako joaten». Sakratuak dira, berarentzat, inauteriak.

Musikak bizi du Ane Lorence, eta inauterietan txarangako kide izatea zerbait handia da berarentzat: «Jende pila bat ikusten duzu zure atzetik saltoka eta inguruan dantzan, eta hunkitu egiten naiz».

Javier Telleriak, Tolosako inauterien gaineko azalpenak eskatzean, araurik eta ordutegirik ez izatea, lagunekin egotea, jende berria ezagutzea, beti giro onean, eta kalea denentzat irekia izatea aipatzen ditu.

Urte osoko erritmoan parentesia, etena da Anaje Urkolarentzat, inauteri garaia. Alaitasuna eta gozamena. Estilo desberdineko inauteri txiki asko daudela uste du, eta parte hartze horretan emakumearen presentziak asko irabazi duela dio.

Iker Usonek dio, parodia ez dela mozorrotzea bakarrik, paperean sartzea baizik, «pertsonaia bezala ibiltzea eta sentitzea, transformatzea». Gidoi batekin ateratzen dira kalera: «Interakzioa bilatzen dugu, eta emanaldi guztiak ezberdinak dira». Xabier Zeberiok kuadrillan bizitu ditu inauteriak, eta horiek ere jendearen interakzioa bilatzen dute. Zarataren inguruan galdetuta, festa bizia dela adierazi du: «Gizartea azkar ari da aldatzen, eta inauteria ere horren isla da». Errespetua lantzen saiatu behar dela uste du.

Ihintza Zubiriak Astelenita du egunik garrantzitsuena. Aisialdi taldeko konpartsatik bizitzen ditu inauteriak, eta bera da berrogeita hamabigarren tolosarra, liburuan. Pertsona bakoitza bizipen bat, inauteri bat da, guztiek berdin eta ezberdin bizi dute Tolosako inauteria, eta adibide baino ez dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!