Tolosako EH Bilduk udal hauteskundetarako hautagaitza aurkeztu du

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 5a, 20:23

Andu Martinez de Rituertok gidatuko duen taldearen berri eman dute, Zerkausian. "Tolosaren izaera anitzaren ispilu" den hogei herritarrez osatutako taldea eman du ezagutzera EH Bilduk.

"Herrigintzan, Tolosa justuago baten alde, berdintasunean sakontzeko gogoarekin, garapen jasangarria helburu duen taldea" da EH Bilduren proiektuan elkartu dena. Ibai Iriarte zinegotziak prest ikusten du talde berria, udalaren gidaritza hartzeko: "Tolosak behar duen txispa, indarra eta iparra markatzeko herritar prestatuak dira, gaitasunez eta esperientziaz lepo".

Osatutako taldearen aniztasuna aipatu du Mtz. de Rituertok aurkezpenean: "Lau urteetan, Tolosa eta tolosarrontzat, lana egiteko ilusioz gainezka dagoen jende prestatuaz eta konprometituaz osatutako taldea gara, aniztasun handia irudikatzen duena, oreka handikoa. Herrigintzan, berdintasunaren aldeko borrokan, enpresa munduan, kulturan, hezkuntzan, kirol arloan, osasungintzan, kudeaketa administratiboan, komunikazioan, sindikalgintzan, kontu hartzailetzan eta beste hamaika alorretan murgilduta gauden pertsonak gara. Aurkeztu dugun taldea, esperientzia eta prestakuntza bikaineko herritarrez osatuta dago".

Aurkeztutako hautagaitzaren helburu nagusia, tolosar orok, bizitza duin eta aberasgarria aurrera eramateko aukerak sortzea dela azpimarratu du alkategaiak, eta udala horretarako tresna izango dela.

Datorren legealdiari begira, hainbat proiektu izendatu ditu Andu Mtz. de Rituertok. Besteak beste, herriko autobus zerbitzua publifikatzea eta indartzea, Zumardia Txikia aisia gune bezala berreskuratzea eta Alde Zaharreko bizilagunentzat aparkalekuak bermatzea; Alde Zaharrean hondamen egoeran dauden eraikinak udalak eskuratu eta alokairu sozialerako zaharberritzea; Kultur Etxea berritzea eta Emakumeen Etxea eraiki eta martxan jartzea; eta Tolosan ospitale publikoa errealitate izan dadin, bere esku dagoena egitea.

Herritarren parte hartze metodologietan sakontzen jarraitu beharraz ohartarazi du alkategaiak, eta herriaren norabidea denen artean finkatu behar denaren ideia zabaltzearen alde egin du: "Udalean, gertukoak izan nahi dugu gure lan egiteko estiloan. Udala gidatzeko ardura izango dugu, bai, baino zuek, herritarrak, gure ondoan nahi eta behar zaituztegu". Berdintasuna, jasangarritasuna, osasuna, ekitatea eta euskara alor guztietara hedatuko diren zehar lerro gisa aipatu eta zeharkakotasun hori udaleko egunerokoan presente izateko asmoa ere azaldu du zerrendaburuak. 

EH Bilduren hautagaitza osatzen duten 20 kideak:

  1. Andu Mtz. de Rituerto. 51 urte. Irakaslea eta Alegiako Aralar Institutuko zuzendaria.

  2. Kristina Pelaez. 39 urte ditu. Arte ederretan lizentziatua. Zine dekoratuen pintorea da eta azken urtean EH Bilduko zinegotzia izan da udalean.

  3. Aitana Amondarain. 28 urte. Enpresa administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua. Industria enpresa batean barne-ikusikaria da.

  4. Aitzol Gartzia. 31 urte. Erregulazio eta kontrol sistema automatikoen goi mailako ikasketak. Mantentze-lan elektronikoetako teknikaria da.

  5. Olatz Artola. 27 urte. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua. Ikus-entzunezko edukien sortzailea eta Mugimendu Feministako kidea da.

  6. Ander Figuerido. 34 urte. Erizaina da Asuncion Klinikan.

  7. Garbiñe Marzol. 52 urte. Idazkaria da.

  8. Xabier Martinez. 28 urte ditu. Haur Hezkuntzako irakaslea da eta Tolosa CF

    taldeko jokalaria.

  9. Ixabel Lakuntza. 55 urte. Irakaslea da.

  10. Javier Arana. 66 urte. Medikua da eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA)

    plataformako kidea.

  11. Estitxu Kortajarena. 47 urte. Ekonomian lizentziatua da eta irakaslea Lanbide

    Heziketan.

  12. Agustin Agote. 53 urte. Bankako langilea da eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko

    kidea.

  13. Izarne Olano. 28 urte. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua, marketin

    arduraduna da.

  14. Aitor Agirresarobe. 25 urte. Biologoa da eta gaur egun, doktoretza egiten ari da.

  15. Axun Zubeldia. 68 urte. Iurramendi egoitzako langile ohia, gaur egun erretiroa

    hartuta dago.

  16. Mari Mujika. 63 urte. Gaur egun aurre-jubilatuta badago ere, urte luzez

    sindikalgintzako liberatua izan da.

  17. Miren Beñaran. 57 urte eta jangelako langilea da.

  18. Eriz Lasa. 41 urte. Galdaragintza eta delineazio ikasketak ditu eta Mantentze

    lanetako arduraduna da ikastetxe batean.

  19. Ainhoa Sagredo. 40 urte. Enpresa Administrazio Zuzendaritzan lizentziatua,

    Ogasun teknikaria da.

  20. Carlos Izagirre ‘Pitz’. 50 urte. Lanbidez administratzailea da eta informatika

    enpresa bateko bazkide kooperatibista da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!