Ekintzailetza elkarbanatuz, lehen aldiz

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 5a, 11:59

Apirilaren 10erako, Emari Co-working guneak EKIN I. Ekintzailetza Jardunaldia antolatu du. Topic-en izango dira hitzaldiak eta tailerrak, arratsaldez, Euskal Herriko nahiz nazioarteko ekintzaile onenetakoekin.

Emari Tolosako ekintzaileen co-working espazioa irailean zabaldu zuen, Tolosako Udalak. Orain, bere filosofia eta jarduna ezagutarazi, eta ekintzailetza sena zabaltzeko helburuz, I. Ekintzailetza Jardunaldia antolatu dute: EKIN. Hainbat tailer eta konferentzia hartuko ditu, estreinakoz egingo duten topaketak. Doakoa da, adin guztietako herritarrak daude gonbidatuta, eta www.emari.eus atarian eman daiteke izena. Jada tailerrerako 30 plazak agortu dira; hitzaldietarako, ordea, bada oraindik lekua.

Bertaratu nahiko luketen guztiei, freskotasuna, ilusioa eta motibazioa eskaintzeko moduko proiektu eta ekintzaileak bilatu dituzte, antolatzaileek, jardunaldi honetarako. Besteak beste, Alejandro Vesga Espainiako Emprendedores aldizkariaren zuzendaria, Taig McCarthy ardo urdinaren sortzailea (Gik Live & Stoor), Esther Fernandez Zarauzko Tidore Yoga Klubaren eta Jateko, pentsatzeko eta sentitzeko espazioaren arduraduna, edo Alex Navarro hezkuntzaren bitartez kirolean indarkeria desagerrarazteko WATS proiektuaren sortzailea.

Jardunaldiaren barruan tailer bat eskainiko dute, lehenik, eta mahai ingurua eta hitzaldiak, ondoren. Alejandro Vesgak gidatuko du tailerra. Espainian, ekonomia eta finantzetan aldizkari irakurriena denaren zuzendariak, 'Merkatua iraultzen ari diren joerak' izeneko saioa izango du ardatz. McCarthy izango da bigarren solasaldia eskainiko duen ekintzailea; biek euren ibilbide profesionalean emandako urratsak izango dituzte hizpide. Fernandezek eta Navarro, berriz, Aitor Lizartza Mondragon Team Academyren sortzaile tolosarrarekin batera, 'Posible al da Euskadin ekitea?' galderari erantzuna ematen saiatuko dira, mahai inguru erakargarri batean.

Lizartza izango da, ekintzaileen artean, eskualdeko ordezkari bakarra. Bera, hain zuzen, Mondragon Unibertsitateko ikasleen artean ekintzailetza sustatzen aritzen da, eta bertan egiten duten lanaz nahiz jarraitzen dituzten urratsez mintzatuko da, mahai inguruan parte hartzeaz gain.

Ekintzaileen arteko harremanak sustatzearekin batera, berrikuntzaren munduko berriak izango dituzte hizpide, Tolosan lehen aldiz antolatu den jardunaldian. Ondorioz, eskualdean ekitera animatzeko zalantzan daudenentzat, aholkuak, proposamenak eta ideia berriak ez dira falta izango.

 

EKIN, I. EKINTZAILETZA JARDUNALDIA

APIRILAK 10, ASTEAZKENA

17:00. Ekintzaile nahiz ikusleei harrera eta ongi etorria egingo dizkiete antolatzaileek.

17:15-18:15. Alejandro Vesga Aranekin tailerra: Merkatua iraultzen ari diren joerak.

18:30-19:00. Mahai ingurua, Aitor Lizartza, Alex Navarro eta Esther Fernandezekin: Posible al da Euskadin ekitea?.

19:35-19:55. Taig McCarthy (Gik Live & Stoor) ardo urdinaren sortzailearen hitzaldia.

19:55-20:00. Jardunaldiaren amaiera ekitaldia.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!