«Horrelako saioetan sortzen dira etorkizuneko kolaborazio posibleak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 5a, 11:59

Enpresa zuzendaritzan, ekintzailetza arloan, doktorea da Aitor Lizartza Martin (Tolosa, 1981). Duela hamar urte, Mondragon Team Academy Mondragon Unibertsitateko Ekintzailetza Unitatearen sortzaileetako bat izan zen eta, gaur egun, bertako koordinatzailea da.

Ekintzailetza sustatzen aritzen dira lanean, ikasleekin, Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza garatzen duen LEINN graduan, bai Euskal Herrian, baita Espainian eta munduan zehar ere.

Gaztetatik zara ekintzailea.

Esan bezala, hamarkada bat igaro da plataforma sortu genuenetik. Hasieran zerbait berria zen, baina orain pisu handia du, unibertsitate mailan. Beraz, esango nuke, ekintzailea baino gehiago, barne-ekintzailea naizela.

Datorren asteazkenean, EKIN jardunaldian hartuko duzu parte. Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Guretzako beti da garrantzitsua horrelako konferentzietan parte hartzea, kontaktuak egin,ezagutzak partekatu eta ideia eta proiektu berriak bideratzeko. Hitzaldietan jende gehiagok parte hartzen du, eta niri, mahai inguru batean aritzea egokituko zait. Batez ere, unibertsitatean lana nola egiten dugun azalduko dut, garatzen ari garen espazio berrien bitartez.

Lehena izateko, izen handiko ekintzaileak bilduko zarete. Zuretzako ardura handia izango da?

Hizlari kopurua baino gehiago, kalitatea da handia. Enpresa berriak sortu dituztenak, ekintzailetza arloan mugitzen diren berrikuntzak oso ondo ezagutzen dituztenak, edota proiektu berritzaileak garatu dituztenak. Esaterako, Alejandro Vesga ezagutzen dut, baina beti da atsegina horrelako ekintzaileak berriz entzun ahal izatea. Estherrekin ere harreman ona dut. Beraz, ez dakit ardura handia izango den, baina oso pozik nago horren guztiaren parte izateko aukera eskaini didatelako.

Zein izango da zure helburua?

Aipatu bezala, elkar ezagutzea eta ideiak, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatzea izango da asmo nagusia. Batez ere, elkarrengandik ikastea eta arratsalde atsegin bat igarotzea, egitaraua dotorea baita. Gainera, horrelako ekitaldietatik sortu ohi dira etorkizuneko kolaborazio posibleak. Hortaz, edozertarako irekita joango naiz.

Eta zer espero duzu jardunaldiaz?

Gogo handia dut mahai inguruko kideekin egon eta ideiak partekatzeko. Bestetik, irrikaz nago Tolosa inguruan bideratzen ari diren proiektuak, ekintzaileak eta enpresak zeintzuk diren ezagutzeko.

Zure kasuan, Esther Fernandezekin eta Alex Navarrorekin partekatuko duzu mahaia, galdera baten bueltan. Zure ustez, Euskal Herrian posible da ekitea?

Bai, honezkero egiten ari garelako. Uste dut gauza politak egiten ari garela Euskal Herrian eta, datorren asteko jardunaldiak horiek ezagutzeko aukera emango duela iruditzen zait. Gure kasuan, adibidez, LEINN gradutik sortzen diren ekintzaileek, enpresak sortzen dihardute. Datu modura, lehen 5 promozioetatik, 25 enpresa berri sortu dira. Horrek erakusten du posible dela, baina lan handia dago atzean. Gainera, jakin egin behar da ikasleak kudeatzen, talentuak bideratzen, eta irakaspenerako testuinguru egokiak diseinatzen. Beraiek saiatzea besterik ez dute behar, esperientzia baita ikasgairik onena.

Berrikuntza izango da, hizpide, saio guztietan. Nola animatuko zenuke ekintzailetza gustuko duen norbait, jardunaldi horretara?

Elkarrizketa interesgarriak sortuko dira eta, nire ustez, beti da positiboa horrelakoetan egotea eta parte izatea.

Ekintzaileekin zuzenean konektatzeko aukera paregabea izango da. Seguru ideia berriren bat aterako dela. Gainera, ekitaldi osteko solasaldiak probetxugarriagoak izaten dira askotan.

Zure iritziz, zein da ekintzailetzak Tolosaldean duen tokia? Hutsunerik ikusten duzu, zerbait jende gehiagok ekin ahal izateko?

Niri ideia ugari etortzen zaizkit burura, baina oraindik gauza asko daude egiteko. Tolosak, gainera, gaur egun ez duen testuinguru industrial bat izan du orain arte. Horregatik, oso garrantzitsua da horrelako jardunaldiak aurrera eramatea. Aurreikuspenak ondo neurtzea beharrezkoa da, eskualdean zein enpresa bultzatu ahal diren jakiteko. Ekintzailetasunean espektatiba altuak jartzen dira askotan, nazioarteko erreferentzietara jotzen dugulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!