Europako ateak zabaldu dituzte Irati Lakunzak eta Aras Karakusek

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 20a, 09:07

Igarondo Urpekoak taldeko hiru kide Espainiako Hegats Igeriketa Txapelketa lehiatzen egon dira Elx-en, Euskal Selekzioa ordezkatuz.

Irati Lakunza eta Aras Karakus Europako txapelketan izango dira. Bertan egoteko gutxieneko denborak egin behar izaten dira, eta horiek, asteburuan lortu zituzten Espainiako Hegats Igeriketa Txapelketan, Elx-en (Valentzia). Igarondo Urpekoak taldeko hiru igerilari izan ziren bertan, Euskal Selekzioa ordezkatuz.

Irati Lakunzak egin zuena benetan azpimarragarria izan zen. Hiru proba irabazi zituen; Espainiako hiru marka hautsi zituen eta Europarako hiru gutxieneko lortu zituen. Igarondo Urpekoak taldekoen esanetan, «marko batean sartzeko moduko asteburua izan da Elx-en bizitakoa 22 urteko igerilariarentzat».

200 ur gaineko proba larunbatean izan zen, eta hor hasi zen Lakunzaren garaipen ibilbidea. 1.34,20ko markarekin Espainiako errekorra jarri zuen. 400 murgilaldian 3.08ko errekorra egin zuen eta 100 metrotan 40,20koa. Aipatu behar da azken distantzia hori ez dela bere espezialitatea. «Txapelketa borobila izan da, lan izugarria egin eta gero», esan dute Igarondotik.

Aras Karakus tolosarrak 100 murgilaldian lortu zuen urrea, Espainiako errekorra eta Europako txartela. Aipatzekoa, estatu mailan 35 segundoren azpitik ez duela proba hau beste inork egin. 50 apnean eta 100 ur gainekoan laugarren geratu zen.

Azkenik, Nora Sarasola ere Elx-en izan zen, bere lehen txapelketa garrantzitsuan.

Europako txapelketa ekaina eta abuztuan jokatuko da Greziako Ioannina herrian.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!