«Europako txapelketan helburua finalean sartzea izango da»

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 20a, 08:56

Igarondo Urpekoak taldeko kideak handia egin du asteburuan. Hiru probetan parte hartu zuen Irati Lakunzak (Tolosa, 1996), eta bakoitzean urrea, Espainiako errekorra eta Europako txapelketarako gutxienekoa lortu zuen.

«Marko batean sartzeko moduko asteburua» esan dute.

Sei hilabete ibili naiz gutxieneko denbora horien atzetik. 40 ehunenekora geratu nitzen aurreko batean. Azkenekoan, Ordizian, 10 ehunenekora.

Urrea, errekorra edo gutxieneko denbora. Zerk du garrantzi gehiago zuretzat?

Gutxienekoa egiteak. Azkenean, Espainiako selekzioarekin udarako nire txokoa lortu dut. Hori da gehien baloratzen dudana. Gero Espainiako errekorrak daude, aurrez inork lortu gabeko markak.

200 ur gaineko probarekin hasi zinen.

Larunbat goizean izan zen. Ez nituen denbora hauek espero. Astebete lehenago lagunekin urte amaierako bidaian nengoen. 10 egun pasa genituen. Atsedena oso ondo etorri zaidala uste dut. 200eko denbora hori lortzeko gogo berezia nuen, eta azkenean erori da.

10 egun igeri egin gabe. Etxean izan bazina denbora horretan, zer egingo zenuen?

Astebeteko atsedenaldia beti egiten dugu. Etxean egoten zara, ordea. Luzaketak eta abar egiten dituzu, baina ikas bidaian ez da horrelakorik egon. Hondartzan lagunekin... Egia da zaindu egin naizela. Txapelketa hau entrenamendu bat bezala ikusten genuen, baina denborak egitea lortu dugu eta gustura.

Hau entrenamendua baldin bazen, hurrengo hitzordu serioa noiz aurreikusita zenuen?

Hilabete barru Frantziara goaz txapelketa bat jokatzera. Plangintza guztia horretarako prestatua dugu, apirilerako.

Esan duzu 200eko denbora lortzeko gogoa zenuela. Arantza sartuta al zenuen distantzia horretan?

Piloa entrenatu dugun proba da. Azkenean, 200erako entrenatzen baldin bazara 400ekoa atera egiten da. Gutxieneko denborak markagailu elektronikoarekin egin behar izaten dira, eta bi saiakera neramatzan. Ehuneneko gutxira geratu nintzen bietan. Denbora egiteko gain nintzela ikusten nuen, baina ez zen iristen.

100 eta 400ean ere lortu duzu.

400ekoa abenduan lortua nuen. 100ekoa ez nuen espero. Abiadura proba da eta ni iraupenekoa naiz. Dena ematera atera nintzen eta lortu egin nuen. Denbora ikusi nuen, eta ederki esan nuen.

Orain zer geratzen zaizu?

Frantzian 400 ur azaleko denbora egiten saiatuko naiz. Zaila izango da baina horretarako ari gara prestatzen.

Lortuz gero, lau proba horiek egingo al zenituzke Europako txapelketan?

Lortuz gero 100ekoa ez nuke egingo. Bi errelebo ere izango ditut eta gehiegi izango litzateke.

Zenbat aukera dituzu 400 ur gainekoa egiteko?

Frantziakoaz gain maiatzean beste saiakera bat daukagu.

Europako txapelketa beste kontu bat izango da, ezta?

Helburua finaletan sartzea da.

Aurkarien denborak ikusita, finaleko txartela nola dago?

200ean adibidez 8. postua segundo eta erdira daukat. 400ekoa 2-3 segundora.

Eta aurrenekoak nolako denboretan dabiltza?

6-7 segundora. Errusiarrak dira indartsuenak eta errendimendu handiko zentroetan egoten dira. Nik hiru edo lau orduko entrenamenduak egiten ditut, beraiek zortzikoak. Horiek beste koska batera daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!