Arrastoari eskiekin jarraituz

Irati Urdalleta 2019ko mar. 16a, 05:59

Datorren ostegunean, martxoaren 21ean, estreinatuko da 'Arrastoan' dokumentala, Leidor aretoan, 19:30ean. Bezperan solasaldia egingo dute, Laponiaren inguruan, Lorea Agirre eta Josu Iztuetak, lau finlandiarrekin batera, kultur etxean, 19:30ean.

Motxilak prestatu, Laponiara joan eta 1974an beste hainbat tolosarrek egin zuten espedizioren zati bat egin. Hori izan da Iker Iriarte, Josu Iztueta eta Pablo Dendaluze tolosarrek, eta Aitor Osa arroarrak egin dutena. Gainera, guztia bideo bidez jasotzea erabaki dute, duela 45 urte egin zen bezala.

Laponiara joateako aitzakia bat behar zuten, eta Iztuetari eski zeharkaldi bat egitea bururatu zitzaion, bideo kamera bat hartuta; eta hala egin zuten. «Lagun arteko plan bat gehiago izan zen», azaldu du Iriartek. Helburu handirik gabe eta zer etorriko zen gehiegi jakin gabe, abenturan sartu ziren.

Tolosa inguruan ez dira lehenengoak horrelako zeharkaldi bat egiten. «16 urte nituen 1974ko espedizioa egin zutenean, eta orduan ikusitako irudiek eta entzundako kontuek asko markatu ninduten», dio Iztuetak. Bera 1984an izan zen Laponian lehen aldiz, 26 urte zituela, eta sarritan itzuli izan da. Lehenengo aldi hartatik gauzak asko aldatu direla dio: «Hizkuntzari dagokionez, esaterako, orain dela 30 urte egiten ziren aurreikuspenek ez dute zerikusirik orain dagoen egoerarekin, espero zena baino hobea baita».

Bertako kulturak eta paisaiak ez ezik jendeak ere asko erakartzen du Iztueta: «Niretzat bidaia bat ez da leku batetik bestera mugitzea bakarrik, baita jendea, ohiturak, arazoak edo bizimodua ezagutzea ere. Bestearen lekuan jartzea da».

Bidaia egitearekin nahikoa ez, eta guztia dokumental batean jasotzea ere erabaki dute. Azaldu dutenez, Laponia Norvegian, Suedian, Finlandian eta Errusian banatuta dagoen lur eremu zabal bat da, baina ez dauka nazio ikuspegi handirik. Beraiek Laponia finlandiarrera joatea erabaki zuten. Hizkuntzak garrantzi handia du horrelako bidaietan, eta dokumental bat grabatu nahi bada, are handiagoa. Hain zuzen ere, bost hizkuntza azaltzen dira dokumentalean: euskara, gaztelania, ingelesa, finlandiera eta samiera. «Bertsio originalak utzi, eta ulertzen ez ditugunak euskarara itzuli ditugu», azaldu dute abenturazaleek.

1974ko espediziokoek ere egin zuten dokumental bat, David Hernandezek grabatutako irudiekin. «Egungo bitartekoak ez daude garai hartakoekin konparatzerik », dio Dendaluzek. Iztuetaren arabera, hango mapa soil bat lortzeko ere lan handia egin beharko zuten, izan ere, jendeari idatzi beharko zioten, edo Finlandiako enbaxadara ere joan beharko zuten. Dendaluze arduratu da, oraingoan, dokumentala grabatzeaz, eta beraien aurrekoek ere produktu duin bat egin zutela dio: «Ikusten duzu eta izugarrizko xarma dauka eta ondo konbinatzen ditu planoak. Soinua, berriz, ez da oraingoa, baina oso material duina da eta lan polita egin zuten». Orain beraiek egiten duten edozer, orduan baino askoz ere errazago eta merkeagoa dela dio.

Baldintzak hobetu diren arren, ingurune horretan grabatzeak zaila izaten jarraitzen du. «Taldea aurrera doa eta ez dira gelditzen. Zuk hartu behar diezu aurrea grabatzeko, eta berriz pasatzen zaituzte». Fisikoki gogorra izan arren, erakargarria eta polita dela dio. Izan ere, baldintzak gogorrak ziren, baina beste faktore guztiak bere alde zeuden: «Oso gustura egiten da lan, eta emaitza hor dago».

Baina irudi ederretatik eta lagunarteko girotik harago doa egin duten 50 minutu inguruko dokumentala. Iriartek dioenez, kirol esparrutik ez dauka inolako misteriorik, beraiei interesatzen zitzaiena hango mundua baitzen: «Elur oreinak, hango inprobisatzaileek hemengo bertsolariekin izan dezaketen antza, beraien iritziak... interesatzen zitzaizkigun».

Kulturan antzekotasunak izanagatik ere, Iztuetak dio gizakia asko markatzen duela klimak, inguruak eta orografiak. «Gu hemen N1 errepidetik gertu gaude, tren geltoki bat ere badaukagu, eskolara oinez joan gaitezke eta klima epela daukagu». Pentsatu beharra dago, ordea, beste herrialde batzuetan izugarrizko beroa edo hotza egiten duela. «Aste honetan, Inarin (Laponia finlandiarra), zero azpitik 32 graduko tenperaturak izan dituzte, eskolak eta osasun puntuak urruti dauzkate, eta familiak sakabanatuta daude», azaldu du. «Gu hara joandakoan zero azpitik 30 gradu espero, eta 40 egiten badizkigu, izorratu egin behar dugu, nahi dugulako joan garelako» gaineratu du. Distantzia handiak dira beste arazoetako bat. Izan ere, 90.000 pertsona inguru bizi dira, Iberiar penintsula bezalako lurraldean.

Aurrekoen bidetik

Kontuan hartu behar da, orain egin duten zeharkaldiaren eta dokumentalaren oinarria, 1974an egin zutenean dagoela. «Ez diegu iritzirik eskatu, galdetu bai», dio Iztuetak. Dokumentala egiteko, esaterako, 1974ko zeharkaldia egin eta grabatu zuen David Hernandezekin egon ziren eta, Iztuetaren arabera, sekula inork galdetu izan ez zizkion gauzak galdetu zizkioten beraiek. «David pertsona zuzena eta metodikoa da; gu, aldiz, inprobisatzaileak eta presakako jendea gara. Hala ere, ondo hartu gintuen». Hernandezek duela 45 urte ere ikuspegi oso bat zuela diote.

Hurrengo ostegunean estreinatuko dute dokumentala, Leidorren eta, bezperan, lau laponiar gonbidatuko dituzte, beraiekin solasaldi bat izateko, kultur etxean: «Ilusioa egiten zigun, normalean gu joaten garelako hara». Arrastoan izena jarri diote: «1974ko zeharkaldikoak aurrekoen arrastotik joan ziren, gu ere haien arrastotik goaz eta, beharbada, etorkizunean beste batzuk ere joango dira gure arrastotik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!