«Orain gauzak oso ondo egiten dira, baina gurea loteria bat zen"

Irati Urdalleta 2019ko mar. 16a, 05:00

1974an Laponiara egin zuten espedizioan parte hartu zuen David Hernandezek, beste hiru tolosar eta beasaindar eta donostiar banarekin batera. Abentura hura grabatzeko ardura izan zuen.

Bideo kamera eskuan eta eskiak oinetan zituela ibili zen, David Hernandez, Laponian, duela 45 urte. Klima gogorrari eta baldintza zailei aurre egin zieten, eta dio oraingo egoerarekin ez dagoela konparatzerik.

Nola erabaki zenuten Laponiarako espedizioa antolatzea?

Lagun talde batek Europako hainbat lekutan eskiekin egindako zeharkaldien informazioa irakurri genuen, tartean Europa iparraldekoak eta Groenlandiakoak. Orduan, kontaktatu genuen hainbat zeharkaldi egin zituen suediar batekin, eta informazioa atera genuen. Abenturan, garrantzitsuena, elkarbizitza izan zen. Guztiok sufritzen genuen edo guztiok disfrutatzen genuen.

Zergatik erabaki zenuen abentura grabatzea?

Orduan, espedizioak, estatu mailan edo marka komertzial handiekin egiten ziren, eta guk ezin genuen lehiatu. Gero, irudiak aurkeztu behar genituen zer egin genuen jakiteko, eta garaian erabiltzen ziren argazki edo diapositiben ordez, zine kamera erabili genuen.

Nola prestatu zineten horrelako espedizio gogor baterako?

Iraupen eskia egiten genuen. Giro hartatik kanpo zegoen bakarra Alfredo Feliu kazetari donostiarra zen, eta prestatzen lagundu nion. Grabatzeko, berriz, ez nuen prestakuntza berezirik egin, inprobisatzailea naiz.

Lekuan bertan, nola grabatu zenuen espedizioa?

Taldea aurreratzen nuen, eta aurrera eta atzera ibiltzen nintzen. Lerarekin nindoanean ez nuen denbora asko grabatzeko, baina, eramaten ez nuenean, taldetik urrundu eta grabatu egiten nuen.

Nola egin zenuten klimara egokitzeko?

Hara iritsi eta zegoena hartu behar zen. Pirinioak neguan eskiekin igo, eta gauak kanpoan igarotzen nituen, baina hura desberdina da. Gauean hotza pasatzen genuen eta, egunez -30 edo -32 gradu edukitzen genituen arren, lerari tiraka beroa pasatzen genuen.

Behin irudiak grabatuta, zer egin zenuten?

Lehen emanaldia Tolosan izan zen. Bidaiatzeko kreditua eskatu genuen eta, ordaintzeko, emanaldiak egin behar ziren. 70 eskolatara joan ginen goizetan, eta gauez Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako 70 herri bisitatu genituen, eta horrekin, gutxi gorabehera, kreditua ordaindu genuen.

Beraz, nahikoa arrakasta izan zuen.

82 urteko pertsona bati, oraindik, garai hartako gauzez galdetzen aritzeak, erakusten du izan zuen oihartzuna.

Orain, zuen ibilbidea errepikatu dute. Zer iruditu zaizu?

Garaiak aldatu egin dira eta, orain, bidaia turistiko bat bezalakoa da: aterpeak eraiki dituzte, bideak hobeak dira, jendea eskiatzen doa, eta materiala leradun motor batean eramaten diote.

Gainera, zuk egin bezala, beraiek abentura grabatu dute. Eman al zenien aholkurik?

Ez. Orain dena askoz garatuago dago eta ez doaz guk erabiltzen genituen kamerekin. Nik han grabatu eta, itzuli nintzenerako, hilabete pasa igaro zen. Gero, errebelatzera bidali behar ziren, eta 15-20 egun gehiago itxaron behar ziren. Egun, grabatu duzun momentuan bertan dakizu zein irudi dauzkazun, eta errepikatu edo aldatu egin ditzakezu. Orain gauzak oso ondo egiten dira, baina gurea loteria bat zen.

Dokumental berria ikusteko gonbidapena jaso duzu.

Bai. Ni beti nago kontaktuan Josurekin, eta joango naiz.

Etorkizunean errepika daiteke horrelako espedizioren bat?

Bai. Hala ere, gu joan ginen lekura joatea ezin daiteke hartu espediziotzat, orain, bidaia turistiko bat bezalakoa baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!