Orokorrean hartuz, udalak aurtengo inauterien inguruko balorazio positiboa egin du. «Eguraldia oso ona izan da, tolosarren imajinazioak, umoreak eta lanek kaleak bete dituzte eta ez da gertakari larririk jazo». Horregatik, udalak tolosar guztiei egindako lana eskertu die. «Egunez egun, jarritako ilusioa eta inauteriaren parte izateko egindako ahalegina azpimarratu nahi dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu, era batera edo bestera, inauteriak era egokian garatzeko lanean aritu diren guztiei. Besteak beste, bereziak izan dira txarangen hotsak».
Zarata gutxiago
Triangulo inguruan sortzen zen zaratari aurre egiteko, udalak bi neurri hartu ditu aurten. «Horien inguruko balantzea positiboa da. Trianguloan zarata asko gutxitu da, baina hainbat konpartsa txiki San Frantzisko pasealekuan zehar zabaldu dira. Beraz, udalak, neurriak hartzen jarraituko du».
Gune jendetsuenetatik haratago, zezen plaza inguruan ere kokatu dira karrozak. «Hainbat gunetan, ordea, ez dira esleitutako tokian kokatu eta desorekak izan dira». Horren inguruan, karroza eta konpartsetako kideekin hitz egingo dutela jakinarazi dute.
Lapurretak eta salaketak
Inauterietan, lau pertsona atxilotu dituzte lapurretekin lotuta: bat taberna batean lapurtzeagatik, beste bat mugikorrak eta diru-zorroak lapurtzeagatik eta bi saltoki batean lapurreta egiten saiatzeagatik. Bestetik, 89 salaketa jarri dira mugikorren eta diru-zorroen lapurretengatik. Guztira, 30 pertsona izan dira identifikatuak.
Osasun arloan, berriz, 48 pertsona izan dira hartatuak zauriengatik, eta 15, akohol-intoxikazioagatik. «Hemen jaitsiera nabarmena eman da azken urteetan». Ai Laket-eko teknikarien eta Inmakulada ikastetxeko ikasleen eskuhartzea «positiboki» baloratu da.
Bestalde, udalak irmoki gaitzesten du Zaldunita eguneko goizaldean salatutako sexu-erasoa. Elkartasuna eta babesa adierazten du, indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak eskura jarriz.
Garbiketa eta trafikoa
Kale garbiketarako 491.000 litro ur eta 520 litro desinfektante usaindun erabili dira. Hondakin bilketa berezia ere izan da, puntu berrietan edukiontzi gehiago ezarriz. Kalean 162 metro kubiko hondakin jaso da. Kale garbiketako langileen lana azpimarratu du udalak, baita herritarrek horiekiko izan duten kolaborazioa eta begirunea ere.
Bestetik, trena eta autobusa izan dira inauterietako garraio erabilienak. «Zerbitzuak ugariak izan dira. Autoz etorri direnek, berriz, parkinak erabiltzeko aukera izan dute, eta ez da arazo berezirik egon». Gainera, udalak 12 trafiko laguntzaile kontratatu zituen egunotarako, eta horiei eskerrak eman nahi dizkie.
Festen jarraipen osoa
Beste behin, inauterien jarraipen zabala egin du udalak. Ekitaldi gehienen jarraipena egin da, zuzeneko emanaldiekin eta Udalaren komunikazio kanaletan, baita 'Tolosako iñauteriak' plataforman ere. «Inauterietan egin moduan, herritarrak eta bisitariak, #TolosakoIñauteriak traola erabiliz, sare sozialetan edukia elkarbanatzera gonbidatzen ditugu».
Sari banaketa, bihar
Bihar, hilak 9. ezagutuko da zein diren 2019ko Tolosako Udalaren karroza eta konpartsa lehiaketako saridunak, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Topic zentroko areto nagusian egingo den ekitaldian. Aurten, estreinakoz, berdintasun sariarekin batera, bandera berdinzalea emango zaio karroza parekideenari. Guztira 95 karroza eta konpartsek hartu dute parte. Udalaren esanetan, «ideia berritzaile bezain gogoangarriak plazaratu dituzte tolosarrek».
Iradokizunak jasotzeko prest
Hilaren 12an, asteartea, inauterien balantzea egiteko bilera irekia gauzatuko da, kultur etxean. Batzarra arratsaldeko 19:00etan izango da, eta udalak herritarrei bertaratzeko dei egiten die. Horrez gain, bertaratu ezin duenak, festak@tolosa.eus helbide elektronikora ere igorri ditzazke jaien inguruan dituen iritzi eta iradokizunak.