Bilboko mendi jaialdiko film onenak Leidorren ikusi ahalko dira

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 7a, 12:32

Martxoaren 11tik 13ra IX. Mendi Tour ospatuko da Tolosan. Hiru egunetan nazio arteko sei film proiektatuko dituzte.

Bederatzigarren edizioa beteko du Mendi Tourrek Tolosan. Leidorren mendiari buruzko zinemarik onenaz gozatzeko aukera izango da martxoak 11, 12 eta 13an. Aurten ere, Bilbao Mendi Film Festival-eko proiekziorik onenak ekarriko ditu eskualdera Mendi Tourrek. Aitor Elduaienek aurkezpen ekitaldian azaldutakoaren arabera, "Leidorren oso giro berezia sortzen da egun horietan"; iaz, adibidez, 1.604 ikusle izan ziren. Guztira 20 herritara iristen den ekimena da Mendi Tour.

Aurtengo edizioa ere Tolosako Udalak eta Tolosa Gasak babestu duela azaldu du Elduaienek, Zineuskadi-ren laguntzarekin. Saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrerak 5 eurotan jarriko dituzte Leidorreko leihatilan. Hiru egunetako bonoa, aldiz, 12 eurotan lortu ahalko da. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin lagunduta, eta zeinu hizkuntza interpretazioa ere eskainiko da proiekzioaren aurkezpenean.

The Dawn Wall, Wallmapu, The Search for the wooo, This mountain life, Liv along the way eta The weight of water dira hiru egunetan zehar ikusiko dira sei filmak.

Tolosako Mendi Film Laburren Lehiaketako irabazleak

Olatz Peon Tolosako alkateak Mendi Tourren barruan, hilaren 12an, sari banaketa ekitaldia egingo dela iragarri du. Tolosako Mendi Film Lehiaketako irabazleen lanak aurkeztuko dira bertan. Save the Karnali-k jasoko du 600 euroko sari nagusia, Mikel Sarasola donostiarrak zuzendu duen lanak. Horrez gain, Tolosaldeko egiletza duen film labur onenaren saria, 400 euro, Andoni Arregi eta Imanol Amundarain tolosarrentzat izango da, Tsaranoro. Madagaskar. Eskalatzen munduan zehar lanagatik.

Ramon Olasagasti berrobitarraren komikiaren erakusketa

Everest: herri oso bat gailurrean komikiaren inguruko erakusketa antolatu dute Mendi Tourren barruan. Leidorreko harreran jarriko dute erakusketa, eta komikia erosteko aukera ere egongo da. 1974ko eta batez ere 1980ko Everestera joan ziren euskal espedizioak dira komikiaren ardatz. Gertaera historiko haren kontaketa egin du Ramon Olasagastik, Cesar Llaguno bilbotarraren marrazkiez lagundurik.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!