Mendi Tour-eko sei filmak eta bakoitzaren trailer-a

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 7a, 12:08

The Dawn Wall, Wallmapu, The Search for the wooo, This mountain life, Liv along the way eta The weight of water dira hiru egunetan zehar ikusiko dira sei filmak, 19:30etik aurrera.

Martxoak 11, astelehena

THE DAWN WALL

Epaimahaiaren Saria Bilbao Mendi Film Festival 2018 jaialdian.

2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskala ezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten. Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada huts bat baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Dedikazioaren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere kide Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte.

 

WALLMAPU

BMFF 2018 Sail Ofiziala

Andeetako Pehuentxe herri indigenako biztanleen arabera, unibertsoaren jatorrian korapilatzen dira nonbait Corralco (Txile) eskualdeko sumendi ikusgarria esploratzen duten eskiatzaileen modernitatea eta Mapudungunaren marrua, Ama Lurraren hizkuntzaren orroa, alegia.

 

Martxoak 12, asteartea

THE SEARCH FOR THE WOOO

BMFF 2018 Sail Ofiziala

Wooo fikziozko sinbolizazio bat da, eremu berrietan esploratzeak eragiten duen zirrara eta dibertsioaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Film labur originala, dibertigarria eta psikodelikoa... Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko dela.

 

THIS MOUNTAIN LIFE

BMFF 2018 Sail Ofiziala

Martina eta bere ama Tania, 60 urtekoa, sei hilabeteko eski-zeharkaldi batean menturatuko dira, Kanadako mendebaldeko kostaldeko mendi arriskutsuetan barna. Paraje harrigarriez gain, beren abenturan itzal handiko pertsona liluragarriekin egingo dute topo.

Martxoak 13, asteazkena

LIV ALONG THE WAY

BMFF 2018 Sail Ofiziala

Artean gaztetxoa zela jo zuen Mont Blanc gailurra lehen aldiz, eta une beretik ohartu zen Liv Sansoz mendia zuela maite, eta mendiari loturik biziko zela. Birritan izan da kirol eskaladako munduko txapeldun, eta eskalada mistoan, mendiko eskian eta base-jauzian ere nabarmendu da. Berrogei urterekin, erronka bati ekitekotan da: Alpeetako 4.000 metroko 82 gailurrak urte bakar batean eskalatzea.

 

THE WEIGHT OF WATER

Kirol eta Abentura Film Onena BMFF 2018

Itsua izan arren, Erik Weihenmayerrek beti aurre egin nahi izan die bere beldurrei. Kasu honetan, itota hiltzeak sortzen dion izuari. Hori dela eta, kayak bat hartu eta AEBetako Grand Canyon edo Arroila Handia zeharkatzea erabakiko du, erronka honetan lagun izango dituen beste taldekide batzuekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!