Txarangarekin egunero atera al zara, edo egun jakin batzuetan?
Lehenik esan ni ez naizela musikaria, laguntzailea baizik. Klarinetearekin laguntzen diet ahal dudan bezala; jotzen duenarena egiten dut baina musikariak beste batzuk dira. Galderari erantzunez, Ortzadar txarangarekin Zaldunitan eta gaur arratsaldean bakarrik atera naiz.
Nolako inauteriak izaten dira txaranga barrutik bizitzen direnak?
Inauteriak beti izaten dira ederrak; barrutik bizi nahiz kanpotik. Azken 10 urteetan txarangarekin atera naiz gehienbat, baina aurrez, gazteagoak ginenean antzerki mordoa eginak gara gu. Tenistaz, ijitoz, sorginez, indutarrez... Talde mardul bat elkartu eta kalera irteten ginen. Ekitaldia egin eta gero elkartera joaten ginen, bazkaltzera. Arratsaldean, txaranga hotsak entzun orduko kalera irteten ginen saltoka. Ondoren, berriro elkartera itzultzen ginen, oraingo honetan afaltzera. Orain besteen ikuskizunak ikustea gustatzen zaigu.
Ortzadarrekin zoazenean, kaleko giroa ikusteko aukera izaten al duzu?
Hor serio joaten dira, batez ere musikariak. Desfilean zoaz eta ingurukoa jarraitzeko ez duzu denbora gehigi izaten. Hala eta guztiz ere, atzetik jendea zurekin saltoka doala ikustea oso pozgarria izaten da. Hori bai nabaritzen duzula.
Inauterien azken egunean zer egitea gustatzen zaizu?
Zezenen irteerara joan gara eta ondoren jendearekin batera saltoka itzuli gara. Ondoren, txarangen kontzertura joan gara Plaza Berrira. Gero kaleko giroa ikusi dugu, jende gaztearena, San Frantziskoko soinu guzti hori. Hori bai aldatu dela asko azken urteetan.
Ba al dago inauterietan gogokoen duzun egunik?
Ostegun Gizena. Topera bizitzen dugu: txupinazoa, zezenak, kuadrillarekin afaldu, txarangarekin gauez saltoka ibili... oso tolosarra da. Lehen eguna delako edo hasiera delako, dena ematen duzu. Gero nekatzen joaten zara. Aurten, gainera, egun guztietan eguraldiak asko lagundu du. Bero eta guzti egin du. Hobea ezin zuen egin.
Harritu zaituen zerbait?
Zaldunitan mundu bat zegoen Tolosan. Izugarria izan zen.
Inauterien ondorengo eguna nolakoa izaten da zuretzat?
Lo ahal dudan guztia egiten dut. Lasai hartzen dut asteazkena; ez da ezer egoten. Egun normal bat bezalakoa izaten da niretzat. Txip-a azkar aldatzen dut. Hori izaten da onena; egunerokotasunaren martxa segi beharra dago. Zer egingo genduke bestela martxa hori gabe.