Aurten ez baditu inauterietako egun guztiak Tolosan igaroko ere, Irantzu Mantxok (Tolosa, 1972) tarte bat ere hartuko du festa hauetaz gozatzeko.
Zer dira zuretzat inauteriak?
Tolosako festa potoloenak, indartsuenak. Beste batzuentzat izango dira sanjoanak, baina niretzat inauteriak dira. Kale guztiak betetzen dira jendez, kolorez, nahiz eta giro txarra izan. Niretzat, jairik ederrenak.
Antzerkiaren eta klownaren munduan aritzen zara. Nola lotzen duzu hori inauteriekin?
Beti gustatu izan zait mozorrotzea edo pertsonaiaz aldatzea. Nire kasuan, nahiz eta askotan mozorrotu urtean zehar, inauterietakoa asko gustatzen zait; giroan elkarren artean ikustea sekula ikusiko ez zenuen jendea zure ondoan mozorrotuta... Nik esango nuke Tolosako inauteriek hori dutela berezia. Edozerk balio duela: mozorro handi edo oso jantziak ahaztu, eta edozein txantxo hartu, jantzi kapela bat eta okurritzen zaizuna... Aitzakia da den-denak egon behar direla mozorrotuta. Hori niretzat oso polita da.
Aurten ez zara egunero izango inauterietan.
Kanpoan egon gara ostiraletik astelehena bitarte. Hori gertatzen da ere: norbait inauterizalea izan daiteke, baina agian ingurukoak ez hainbeste, edo beste lehentasun batzuk suertatzen direla momentuan. Amore ematen jakin behar da, eta oraingo honetan pixka bat tokatu zait. Ederki pasako dugu egoten garen egunetan.
Pixka bat gozatuko dituzu inauteriak, orduan.
Zeozer bai. Nik uste dut ezta alabak erditu nituenean ere ez nuela salbatu inauterietan ateratzea egun batean behintzat. Zeozer jantzi eta txaranga doinuetara behintzat atera behar izan nuen.
Nola antolatzen dituzu inauteriak?
Lehen kuadrillan izaten zen. Gurasoak nafarrak dira eta ez dute izan zaletasuna, aitak agian gehiago... baina gutxitan atera gara gurasoekin. Beraz, betidanik izan da kuadrillan. Gero, haurrak jaiotzerakoan, baten eta bestearen kuadrillarekin, familian ere atera izan gara... Egun bakoitzerako badugu zeinekin atera. Haurrak Atsedena taldearekin atera izan direnean, familiakoekin elkartu, haurren dantzak ikusi...
Aldaketa handirik ikusi duzu inauterietan?
Beti aldatzen dira, eta urteak pasatzen diren heinean gazteriak ere aldatuko du ospatzeko modua. Baina inauterietako izpirituarena... Gazteak ikustea erositako jantzi horietakoak hartu eta horrekin kuadrilla guztia mozorrotzea... Tarteka zilegi da, baina niretzako inauterien sena ez da hori, eta galtzen ari da, eta horrek ematen dit penarik handiena.
Zer da, beraz, zuretzat garrantzitsuena inauterietan?
Zer mania dagoen esateko euskaldunok ez dugula umorerik edo gatzgabe batzuk garela, edo itxiak garela. Horrelako festetan ikusten da ezetz, benetan umorea dugula, ironia. Ikustea errealitateko gaiak nola jorratzen diren inauterietan, jendea zer bizkorra eta zer ausarta den gaiak jorratzen eta mozorroak prestatzen.. Eta denak hor ikustea, ondo pasatzen, txaranga soil batekin...edozein besotik heldu eta denak dantzan ikustea, zoragarria da. Gaur egun adin ezberdinekoak elkarrekin dantzan ez dira horrenbeste ikusten, eta aitzaki hau zoragarria da. Ni gelditzen naiz txarangetako uneekin, berdin zezenetara igotzen edo jaisten, edo kaletik zehar.
Zer aholku emango zenioke inauteriak ezagutzen ez dituen norbaiti?
Gauza handirik ez ekartzeko, eroso etortzeko, lau zapirekin, prest kalean gozatzeko. Heltzeko norbait besotik, harritu egingo dela, jende guztiak eskainiko diolako bere besoa txarangatan gora eta behera ibiltzeko. Alkoholarekin ere tamainan ibiltzeko eta emakume bezala egun hauetan tokatzen zait errepikatzea ez ezetz dela.
MOTZEAN
Egun bat? Astelenita.
Eguna ala gaua? Eguna.
Une bat? Txarangatan dantzan.
Txarangako doinu bat? Edozein, ez naiz bustiko... Beno, bat esatekotan, Diana esango nuke.