Erizaina da Ibai Goñi (Tolosa, 1995) eta, nahiz eta ikasketengatik edo lanarengatik urtero ezin izan dituen inauteriak bere osotasunean bizi izan, beti aurkitzen du tarte bat, Tolosara gerturatzeko. Aurtengoetarako ere pronto agertu da.
Inauterizaletzat al duzu zeure burua?
Bai. Txikitatik, gainera. Tolosarra izanik, horretara bultzatzen gaituztela esango nuke.
Familiatik al datorkizu zuri zaletasuna?
Familian ere inauterizaleak izandakoak dira, baina gehienbat lagunengandik jaso dut afizioa. Gogoratzen dut txikitan ikastolan mozorrotzen ginenekoa, lagunekin zezenetara joaten ginenekoa... Oroitzapen politak dira eta, ahal den neurrian, gogoan gordetzea gustatzen zait.
Nolako mozorroak nahiago dituzu? Zuk prestatutakoa edo erositakoa?
Egia esan, niri gustatzen zaidana da nire kabuz egitea mozorroa, etxean aurkitzen dudanarekin. Iruditzen zait beste xarma bat duela horrek, eta gogo gehiago jartzen diozula.
Eta txilabarik?
Bai, noski. Ezinbestekoa da niretzat. Ostegun Gizenean beti janzten dut.
Zure inoizko mozorrorik onena zein izan da?
Niri gustatzen zait Asteartitan nire kabuz mozorrotzea, desmarkatu egiten naiz eta nire gisara ibiltzen naiz. Resacon en Bangkok filmeko Stu pertsonaiaz atera nintzen iaz. Oso ongi pasatu nuen.
Zeinekin ospatzen dituzu inauteriak?
Ba, egunaren arabera. Astelenita, duela bizpahiru urte arte, aisialdi taldearekin bizitzen nuen. Eta, orain, kuadrillarekin. Gehien gustatzen zaidana lagun artean ibiltzea da.
Karroza ere ateratzen duzue?
Bai. Prestakuntzak bere denbora darama eta lan handia exijitzen du. Aurten Deltan prestatu dugu karroza eta azken ukituak emanda dena prest dugu. Ez da gure kuadrilla bakarrik, beste hainbat talderekin ateratzen gara. Jende mordoxka bat elkartzen gara.
Inoiz saririk irabazi al duzue lehiaketan?
Bai. Berdintasun saria eman ziguten iaz, Casino Las Vegas izeneko karroza atera genuen, nahiz eta nik ezin izan nuen parte hartu.
Ikaskideak, lankideak... Tolosatik kanpoko jendea ekarri al duzu inoiz inauterietara?
Bai. Propaganda egiten dut hemendik kanpora. Zerikusia du zein egunetan etortzen diren. Astelehenean ekarri izan ditut, nahiz eta ez den nire egunik gogokoena. Haiek, ordea, jendea ikusten dute eta oso ondo pasatzen dute.
Zein egun duzu zuk nahiago?
Ostegun Gizena printzipala da niretzako. Denaren hasiera. Urduritasuna eta ilusioa nahasten dira. Eta Asteartita ere gustuko dut, inauteriei amaiera on bat ematea gustatzen zaidalako.
Inoiz galtzen ez duzun ekitaldirik ba al da?
Egia esan ez. Txaranga dabilen bitartean, ni kontentu.
Txarangazalea zara, beraz.
Bai. Kalean ibiltzea gustuko dut, baina txosnagunera ere gerturatzen naiz. Aukera polita da kontzertuak ikusteko eta beste musika batzuk entzuteko.
Inauteritako piezaren bat bereziki gustuko duzu?
Ostegun Gizen eta Diana.
Tristura izaten al duzu inauteriak bukatzen direnean?
Bai, broma gutxi. Lanera edo ikastera bueltatzeak pereza ematen du. Nostalgia izaten dugu.
Inauterietan zerbait aldatuko al zenuke?
Beti dago zer hobetua. Ni, hala ere, nahikoa konforme nago inauteriak antolatzeko moduarekin. Norberak bere modua aurkitzen du festa bizitzeko, ondo pasatzeko eta disfrutatzeko.