«Dianara jende asko joaten denez, auroro bezala ateratzen gara kantari»

Irati Saizar Artola 2019ko mar. 3a, 19:00

Dianari aurrea hartu, eta auroro bezala bere lagunekin kantari ibiltzea du gogokoen. Aurten ere, 07:00etarako jarri dute hitzordua, eta Ero Etxeko txarangakoekin ere ez du hutsik egingo, beste behin.

Etxetik jaso du inauteriekiko zaletasuna, Jose Luis Agirrezabalak (Tolosa, 1951). Bere amak mozorroetako arropak eta txilabak saltzen zituen Tolosan zuen dendan, eta txikitako zaletasun hark iraun egiten dio egun.

Zer dira inauteriak zuretzat?

Tolosako festarik garrantzitsuenak direla esango nuke. Sanjoanetatik desberdinak, eta oso bereziak. Zaila da esplikatzen zer sentipen sortzen dizkidan.

Nola bizitzen dituzu?

Adinarekin aldatu egiten da, baina egunez aprobetxatzen ditut, gauez baino gehiago. Nire ustez, zerbait berezirik badute, egunez bizitzen dena dela esango nuke. Gauekoak ez du hainbesteko desberdintasunik beste edozein festarekin alderatuta.

Zerk egiten ditu berezi inauteriak?

Leku askotan mozorrotzen da jendea, baina, Tolosan, sekulako etorria nabari da. Eta egiten diren antzezpenak, bromak eginez baina errespetatuz, kanpotik datozenek ez dituzte ulertzen. Gero, inauterietako piezek ere berezi egiten dute. Hunkitu eta guzti egiten naute.

Zein dira inauteriez dauzkazun lehen oroitzapenak?

Asko dauzkat. Beharbada, 14 urte inguru nituela, lagunek atera genuen konpartsakoa izan daiteke, edo Ostegun Gizeneko Antxon de Pedro eta bere aitarenak, bestela. Etxeko giroaz ere gogoratzen naiz. Nire amak, Antxonik, denda bat zeukan, eta aurretik sentitzen genuen jada inauteri giroa, zeren, mozorrotzeko arropak eta txilabak saltzen zituen dendan.

Zaletasuna, beraz, etxetik datorkizu.

Bai, handia. Nire emaztea ez zen inauterizalea eta, Berastegin bizitzen jarri ginenean, urtero amaren etxera joaten ginen, inauterietan, egunak pasatzera, eta etxe hartan zaletu zela esaten du hark. Inauteri garaian, oheek ere salto egiten zutela dio.

Gaztetako oroitzapenetatik zertan aldatu da inauteria?

Asko aldatu da. Gazte garaian, jende gutxiago ibiltzen zen, apalagoak ziren. 1970ko hamarkadako dianako argazki batean lau katu ageri gara; gaur egun, berriz, ehunka lagun joaten dira.

Urte hauetan guztietan, zein izan da zure papera inauterietan?

Dianan ateratzea, ezinbestekoa. Orain, ordea, Dianara jende asko joaten denez, auroro bezala ateratzen gara kantari, 07:00etan. Auroroak Nafarroan dira ezagunago, elizkoiak dira eta, goizetan, kantari ateratzen dira zenbait herritan. Gu broma eginez ateratzen gara, goiz dei gisara.

Kantatzea oso gogoko duzu. Inauterietako zenbat abesti ote dakizkizu?

Asko, bai. 1960ko hamarkadan inauteriei euskal kutsua emateko bultzada bat eman zen, eta zenbait kanta euskaratu, eta letra ez zuten beste hainbat abestiri euskaraz jarri zitzaizkien letrak. Orduan ikasi genituen gehienak.

Bestalde, Ero Etxeko txarangarekin ere hartzen duzu parte.

Azken 40 urtean edo atera izango naiz. Lau turutarekin hasi ginen batzu-batzuk eta, aurten, 120 lagun inguru aterako gara.

Mozorrotzea gustuko duzu?

Beti janzten dut zerbait, baina ez pentsa asko prestatzen dudanik. Bat-batekoa izaten da gehiago. Auroroetan ateratzen garenean Pako Gereñu segurarraren bertsoa kantatzen dugu, eta harekin identifikatuta sentitzen naiz: trapu zaharrak jantzi eta orraztu gaberik, oihu leihotikan, aupa inauterik.

MOTZEAN

Egun bat? Zaila da erantzutea. Hau galdetzea bezalakoa da: Zein maite duzu gehiago, ama ala aita? Bada, Ostegun Gizena esango nuke.

Une bat? Auroroak eta diana.

Txarangako doinu bat? Troika eta Galtzaundi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!