Elkarretaratze jendetsua sexu erasoa salatzeko

Ataria 2019ko mar. 2a, 20:49

30 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Ostiral mehetik Zaldunita bezperako gauean emakume bati eraso egitegatik.

Ostiral mehetik Zaldunita bezperako gauean, goizeko 03:15ean gertatu zen erasoa, Tolosako San Frantzisko pasealekuan. Emakume bati eraso egitegatik 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eman zuen erasoaren berri. Ertzainek bi emakumezko korrika ihes egiten ikusi zituzten, eta zer gertatzen ari zen galdetzera gerturatu ziren. Erasoa jasan zuen emakumeak adierazi zien, gizonezko batek, bere borondatearen aurka, ukituak egin zizkiola. Ertzainak gizonezkoaren bila hasi ziren inguruan, eta kale kantoi batean harrapatu zuten. Atxilotu egin zuten, sexu askatasunaren aurkako delitua leporatuta, eta epailearen esku utzi dute gaur goizean.
Tolosako Udalak jakinarazi du inauterien balorazio orokorrean egingo duela eraso horren inguruko irakurketa. Bien bitartean, elkarretaratze zaratatsua deitu zuen, atzo, Tolosaldeko Asanblada Feministak, Beldurra gure indar bilakatu dugu lelopean.

Trianguloa plazan, 19:00etan egin zuten elkarretaratzean, eraso horren aurrean euren haserrea adierazi dute bertaratu diren emakumeek, horretarako zarata eginez. Deia luzatzerakoan, Tolosaldeko Asanblada Feministak adierazi duenez, «etxerako bidean ez dugu beldurrik sentitu nahi. Inauteriak aske bizi nahi ditugu».
Tolosako Ahal Duguk elkarretaratzearekin bat egin eta adierazpena argitaratu du, eraso matxista jasan duten emakumeei «elkartasuna» adierazteko. «Ez dugu inolako adierazpen matxistarik onartuko», esan du Tolosako Ahal Duguk. Bere aldetik, Tolosako PSE-EEk eta PPk ere «gogor gaitzetsi» nahi izan dute ostiral gauetik larunbatera bitarte gertatutakoa.

Tolosako EAJk, bestalde, emakumeenganako indarkeriaren kontrako edozein adierazpen gaitzesten duela adierazi du. "Ez dugu onartuko gure herrian, emakumeon aurkako inolako erasorik, egunerokotasunean zein jaietan emakumeok libre eta aske bizi behar dugu, erasorik jasateko inolako beldur barik", salatu dute. Tolosako EH Bilduk esan duenez, inauterietan ez dute "erasotzaile mozorrorik" onartuko. Hala, "denok gara mugimendu feminista", gehitu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!