«Antzerkitxoa egin ostean tartetxoa hartzen dugu besteen ideiak ikusteko»

Iñigo Terradillos 2019ko mar. 2a, 19:59

Artxiboaren parean jartzen saiatzen dira Marta Garcia eta bere lagunak; aurtengoan Tolosa eta tolosar askoren inguruko ideia bat ardatz hartuta jarriko dira bertan, «beti bezala, umoretik eta errespetuz».

Tolosarra eta inauterizalea da Marta Garcia (Tolosa, 1990). Urtero moduan, azken unera arte utzi ditu azken prestaketak, «beti geratzen baita zerbait egiteko, baita Zaldunita goizera arte ere».

Eta, hori aurten berantiarragoak izan direla.

Bai, baina, horrela da beti. Ziurrenik, pasa den urtean Gabonetan urduriago egongo ginen. Aurten, berriz, Gabonak lasaiago pasa ditugu denbora zegoela pentsatuz. Baina, azkenean, beti ibiltzen gara azken unera arte.

Taldean?

Bai, beti taldean.

Denbora asko behar al da prestatzeko?

Aurten mozorroak ez digu denbora gehiegirik kendu. Beste urte batzuetan, berriz, mozorroak lan handia eman digu. Ideia borobiltzeak eman digu lana, eta beti egiten dugun antzerkitxo hori osatzeak. Gainera, urtetik urtera gehiago kostatzen zaigu, lana tarteko, lagun guztiak biltzea, eta horrek pixka bat zailtzen du.

Karroza edo konpartsarekin ateratzen al zarete?

Ez. Atrezzo pixka bat badugu, baina ez plataforma bat. Beste urte batzuetan eduki izan dugu, baina iaz eta aurten ere ez ateratzea erabaki genuen. Moldatzen goaz, inauteriak bezala.

Eta, zein da hainbeste lan eman dizuen ideia hori?

Pistaren bat eman dezaket, baina, sorpresa izatea gustatzen zaigu. Tolosa eta tolosar askoren inguruan dago ideia, eta bat baino gehiagok identifikatuta sentituko du bere burua. Umoretik eta errespetuz, tolosar kide batzurekin lotura duen gaia da.

Noiz aterako duzue ideia edo mozorro hori?

Zaldunitan eta Asteartitan.

Astelenitan?

Aisialdi taldeekin atera izan naiz ni urte askotan, eta horregatik aurten ez dugu gairik jarri. Bakoitza bere erara aterako da.

Non jartzen zarete?

San Frantzisko pasealekuan kokatzen saiatzen gara, artxiboaren parean. Jende guztia gonbidatzen dugu bertara gu ikustera.

Bereziki buruan geratu zaizun mozorro hori?

Aghata Ruiz de la Prada gai bezala hartu genuen duela bi urte. Diseinatzaileak berak pasareletan erabilitako ereduekin egin genituen jantziak, eta lan handia izan zen. Berezia izan zen, bai mozorro aldetik, baita giro aldetik ere.

Eguraldiak eragin handia al du mozorroan?

Bai. Baino, egia da behin kalean zaudelarik ahal duzuna ematen saiatzen zarela. Hori bai, eguraldi onarekin alde ederra dago.

Aukera egoten al da gainerakoen ideiak eta mozorroak ikusteko?

Bai. Beti hartzen dugu horretarako tartea. Gure antzerkitxoa egin ostean edo aurretik paseotxoak ematen ditugu karrozak, konpartsak eta mozorroak ikusteko.

Eta txarangen atzean saltoka aritzeko?

Bai, noski. Eta zezen plazari itzulia ematekoa ere bai. Kuadrillan denetariko giroa dugu, baina, oro har, txarangazaleak gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!