Joaldunek izua eragin dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 1a

Dozenaka haur eta gaztetxo zezen txikien aurretik korrika eta pottoken gainean jarrita ibili dira. Zezenak sartzeko, joaldunek atera behar izan dute, susto txikiren bat edo beste emanez.

Atzo arratsaldean bezala, gaur ere zezen-festa izan da Tolosako zezen plazan. Urtero, Ostiral Mehe egunez, zezentxoak eta pottokak izaten dira protagonista, eta hala izan da gaur ere. Eguraldia lagun izan dute bertaratu diren haur, gaztetxo eta helduek, eta doan zenez, jendetza bildu da harmailetan.

Aurreko urteetan ez bezala, ez zegoen ia tokirik hondar gainean egoteko. Zeudenen artean, errekorteak egitera ausartu zirenak izan ziren, baita zezentxoen gainetik jauzi egiteko ausardia izan zutenak ere. Zezenak zezendegira itzultzerakoan, baina, joaldunek hartu dute protagonismoa.

Zezenak sartzen ez zirela eta, joaldunak atera dituzte aldi guztietan, eta haurrak ezustean harrapatu dituzte askotan, izua ere eragin dutelarik ikusle nahiz hondar gaineko gaztetxoen artean. Pottokak irten direnean, berriz, eromena heldu da., haur gehiago sartu baitira plazan. Guztiek nahi zuten itzuli bat eman, eta pottoka batzuk abiadura bizian ibili dira. Beste batzuk, berriz, lasaiago.

Aurretik, Kabi Alai txarangaren kalejiraren txanda izan da, ohiko ibilbidea eginez, alde zaharretik zezen plazaraino. Bertan, inauterietako doinuak jo dituzte, eta ondoren, berriro kalejira egin dute alde zaharreraino.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!