Hiru ikasturte daramatza Aragoiko (Espainia) hiriburuan, fisioterapia gradua egiten. Jada aragoitar sentitzen dela ere aitortu izan du, behin edo behin. Inauteriak gaur hasten badira ere, duela bi egun ez zitzaion iruditzen gainean zeudenik. Berez, bihar zen Tolosara itzultzekoa, baina asteartean, artean, ez zekien gaur hemen izango zen ala ez: «Irakasleekin negoziatu behar dut Ostegun Gizenean han izateko».
Zer moduz? Festarako prest?
Ez dakit. Oraindik ez naiz kontziente gainean ditugunik. Azken asteburuetan Zaragozan geratu naiz, eta ez dut jendearekin egoteko, mozorroak prestatzeko eta karrozarekin laguntzeko astirik izan.
Orain arte, inauterietan, bertan geratu izan zara?
Iaz ez nintzen izan. Duela bi urte bai, baina Asteartita goizean goiz egin nuen itzulerako bidaia.
Zein da inauteriez duzun lehen oroitzapena?
Haurra nintzeneko oroitzapenak, argazkietan ikusitakotik jaso ditut. Aldiz, memorian oso ondo gordeta dudan lehen mozorroa, Kazkabarra aisialdi taldearekin atera nueneko Argitxorena da.
Nondik datorkizu inauterizaletasuna?
Dudarik gabe, etxetik jaso dut. Gurasoek anai-arreboi betidanik transmititu izan digute inauterietarako gogo eta ilusio berezia.
Eta zergatik dituzu gustuko?
Uff... ez dakit. Emozioa gailentzen da, erabat. Desfase moduko bat dira, baina, aldi berean, ondo antolatutako zerbait. Orain, Zaragozan nagoela, pena handia dut, aurretiko guztia kaldereroak, pregoi kontzertua bizi ezin izan dudalako.
Txaranga doinuak aurretik entzuten dituenetakoa zara?
Iaz gehiago sufriarazi nion neure buruari, eta entzun nituen zenbait kantu, banekielako gero ez nituela entzungo. Aurten, ordea, oraindik ez ditut entzun, bertan egongo naizelako.
Zein mozorro duzu nahiago, etxetik hartutakoa ala erositakoa?
Dudarik gabe, etxeko elementuekin eta ganbaratik hartutako edozerekin osatutakoa. Hainbeste traste pilatzen direnez, beti aurkitzen da zerbait bertan. Gainera, garrantzitsuena ez da zein mozorro jartzen duzun, baizik eta gero mozorro horri nolako erabilera ematen diozun.
Lehendik prestatuta izaten duzu, edo azken unera arte uzten duzu dena?
Beti uzten dut azken unera arte.
Horrek xarma berezia ematen du, edo norberaren izaeragatik izaten da?
[Barreak] Xarma bai, baina baita antsietate eta angustia puntu bat ere. Azken finean, badakit jartzen dudana jartzen dudala, ondo irtengo naizela. Beraz, alde horretatik lasai nago oraingoz.
Aurtengo mozorroaz zerbait aurreratzerik bai?
Akelarrea da gure mozorroaren gaia. Irekia da, eta horrek ere jokoa eman dezake.
Aisialdi taldean, kuadrillan edota familian irten izan zara. Nola gozatu duzu gehien?
Inauterietako egun guztiak erabat desberdinak izan dira. Ezin dut konparaketarik egin. Aurten, gainera, lehen aldiz irtengo naiz karrozan. Ea nola joaten den. Orain arteko inauteri guztietan gozatu izan dut.
Zein iritzi duzu zarataren harira ezarritako arau berrien inguruan?
Argi dago, guztiok ondo ezagutzen dugun Trianguloko eremuan, askotan, zarata jasanezina izatera ere heltzen dela. Gu ere izan gara, bertan musika bolumen altuan jarri izan dugunak; guztiok igaro gara egoera horretatik. Hala ere, nire ustez, ez da inauteriez gozatzeko modu egokiena. Arauak jartzea oso ondo iruditzen zait, baina ea jendeak zein erantzun izaten duen.
Inauteriak amaitu bitarte egongo zara Tolosan?
Bai. Hausterre egunean, goizean goiz egingo dut itzulerako bidaia, klasea dut eta. Zorte handia izan dut, Asteartitan, Zaragozan jai eguna delako; Cinco marzada ospakizuna egiten dute. Beraz, astelehenean ere ez naiz klasera joango.
Alborada, beraz, egun
batez atzeratuko duzu.
[Barreak] Horrelako zerbait egingo dut, bai.
MOTZEAN
Egun bat? Ostegun Gizena.
Une bat? Dianako lehen jauziak.
Txarangako doinu bat? Galtzaundi.
Mozorro onena? Etxeko trapuekin egindako bat.
Txarrena? Ez nuke esaten jakingo.
Txilaba bai? Noski, eta ahal bada bi ere bai, bata bestearen gainetik.
Eguna ala gaua? Eguna.
Inauteriek zer dute faltan, eta zer soberan? Ezer ez.