Festak errespetuz eta elkartasunez bizitzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 27a, 15:00

Tolosako txosna batzordeak indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarriko du inauterietan. Gainera, egitarau zabala osatu dute txosnagunerako.

Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira Tolosako inauterietara gerturatzen diren festazaleak; sei egunez, herrian badira jendez gainezka egoten diren zenbait txoko. Horietako bat txosnagunea izaten da. Antolatzaileek badakite bertan egiten dutena neketsua dela, festan murgilduta badaude ere. «Denok gogotsu itxaroten dugun aste horren atzean antolakuntza sakon bat dago. Kontzertuak lotu, karpa muntatu, kontuak egin... Hilabeteetako lana izaten da».

Festarako giro egokia sortzeko asmoz, azken urteetan hainbat ideia garatzen eta martxan jartzen aritu dira. «Gure arteko harremanak, elkartasunean bermatu beharrean, lehian eta dominazioan oinarritzen direlako, emakumea bereziki zapaldua eta zokoratua dago. Egoera horri, instituzioek ematen dioten irtenbidea arazoa gainditzetik urrun dago. Horregatik, gure ekarpena egin nahi dugu, erasoak gertatzea ekiditeko».

Unean bertan erantzuteko

Txosnek nahiz tabernek afera horrekiko ardura berezia dutela uste dute batzordeko kideek. «Erasotzaileak senti dezala egindakoarekiko presio soziala gainean, talde antolatu bat berari begira, erantzuteko prest». Protokoloan, gainera, ez dute soilik lanean ari direnek parte hartuko. «Barraren bestaldean ere eskualdeko herritar sare sendoa dugu». Aurreko urteetan ere protokoloarekin atzera eta aurrera aritu dira. «Azken inauterietan martxan jarri zen, nahiz eta aurten gehiago sakondu dugun». Auzi honi lehenbailehen aurre egitea «beharrezkoa» ikusten dute, eta erantzun bat eman nahian, txosnagunean eskuratu ahalko diren pegatinak kaleratu dituzte.



Lana, barratik kanpo ere

Azken inauterietan zenbait lanaldi irekiak izan baziren ere, aurten «apustu berezia» egin dute herritarrek txosnetan lan egin eta parte hartu ahal izateko, eta «espero baino erantzun hobea» jaso dute. «Txosnako lanak karga handia suposatzen du, barratik kanpo ere gauza asko baitaude egiteko. Horregatik, parte hartzen dugun eragileez gain, norbanako eta kolektibo gehiagoren laguntza ezinbestekoa da. Gainera, geroz eta jende gehiago sentitzen da txosnen parte».

Batzordeko kideen esanetan, «legedia geroz eta zorrotzagoa denez, udalak geroz eta traba gehiago jartzen dizkigu. Jakitun gara, txosnek ez dituztela arau guztiak betetzen». Aldiz, beharrezkoa ikusten dute dirua lortzea «gure proiektuak martxan jarri ahal izateko, bestelako baliabiderik ez dugulako».

Azkenik, «txosnak ez direla taberna bat» gogorarazi nahi dute. «Tragoak hartzera joaten direnek, zenbait proiektu babestearen garrantziaz kontziente izan behar dutela iruditzen zaigu. Garrantzitsua da lortutako dirua zertara bideratzen den jakitea. Hortaz, elkartasun urrats bakoitza beharrezkoa da».

Irudi hau izango dute txosnagunean eskuragarri izango diren pegatinek:

 
EGITARAUA

Otsailak 28, Ostegun Gizena
12:00. Errepresaliatuen aldeko topa.
19:00. Manifestazioa, txosnagunetik abiatuta: Autodefentsa antolatuz, langile boterea eraiki!
23:00. Kontzertuak: IRA, Ziakhus eta Kimikari, eta Droga Purpura.

Martxoak 1, Ostiral Mehea
22:30. Kontzertuak: Eztena, Estarlus eta Hexen.

Martxoak 2, Zaldunita Bezpera
22:30. Kontzertuak: Galtzagorriak, Kaleko Urdangak, Jaramonik ez eta Herdoil.

Martxoak 3, Zaldunita
19:00. Erromeria: Laket.
22:30. Kontzertuak: Ingo al deu?, Bake Faltsua eta DJ Jotatxo.

Martxoak 3, Zaldunita
19:00. Erromeria: Ezten giro.
22:30. Kontzertuak: Eztanda eta DJ Bull.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!