Inauteri euskaldunari gorazarre

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 27a, 08:59

Zaldunita taldea izango da aurtengo Kabi Alai Kuttuna. Inauterietan euskarari emandako bultzada, urteetako jarduna eta parte hartze berezia izan dira kuadrilla hau saritzeko arrazoiak. Inauterizaleak omentzearena, Ostegun Gizeneko ekitaldietako bat izan ohi da, baina ez da antolatzen duten bakarra.

Zaldunita taldea. Alegia, garai batean Iparragirre zinema aretoa izandako eraikinaren atarian, San Frantzisko pasealekuan, urte luzez kokatu izan den kuadrilla izendatu dute, 2019ko Kabi Alai Kuttun. Urtero, Tolosako Kabi Alai elkarteak, norbanako edo talde bat omentzen du, inauterien alde egindako lanagatik, festei emandako bultzadagatik, edota festak bizitzeko moduagatik. Aurten, euskararen erabilera zabaltzeko egindako lana, urte luzeko ibilbidea eta inauterietan izandako parte hartzea kontuan izanda, Zaldunita taldea aukeratu du, Tolosako elkarteak.

Bizitza osoan leku idiliko berean egon den kuadrilla dela diote elkartekoek. «Oso gertukoak dira eta, mozorroen bitartez, konpartsan egindako ikuskizunetatik harago, beti ikusi izan ditugu oso parte hartzaile, Dianan edota kalejiretan, txarangaren atzetik saltoka», azpimarratu dute Kabi Alaiko kideek. Horrek guztiak balio gehigarria duela, eta bertako festetan garrantzi handia izan dutela diote: «Miresgarria da, adinean gora doazela jakinda, inauteriak bizitzeko duten modua eta, urtero, huts egin gabe jarraitzen dutela ikustea. Odolean daramate inauterien indarra, festaz gozatzeko grina, eta hori ukaezina da».

Benetako inauterizaleak saritzea

San Bernardo Eskaut, Eduardo Chocano, Poca Tripa elkartea, Guiutarrak, Mari Cruz Iribarren eta Berazubi auzoko karroza. Orain arte, 6 Kabi Alai Kuttun izan dira Tolosako inauterietan. Norbanakoak edo taldeak. Guztiak ere, elkarteko bazkideen artean hautatuak. Batez ere, bene-benetako inauterizalea den horri errekonozimendu bat egiten diote, kaleko inauterizaleari, etengabe festan murgilduta bizi denari, eta baita itzalpeko inauterizaleei ere, lan handia egin eta gero, bestelako parte hartzea izaten dutenei. Norbait omentzeko ideia behin elkartean proposatu, eta oso gustukoa izan zen. «Kuttuna izenondoaren esanahia aintzat hartu nahi genuen, bihotzekoa edo maitea den norbaitek egindakoari balioa emateko». Azken urteetan pisua eta garrantzia hartzen ari da errekonozimendu hori.

Elkarteko kideek, omenduen izenak hautagai modura aurkezteko aukera izaten dute, eta izen hori zergatik aukeratu duten ere arrazoitu behar izaten dute. «Bi, bost edo hamabi hautagai egon daitezke, nahi adina». Gerora, afari batean, hautagai horiek aurkezten dituzte. Boto gehien jasotzen dituena izendatzen dute Kabi Alai Kuttuna. Ondoren, pertsona edo talde horri albistea ematen diote. Hala ere, omenduak errekonozimendua onartu nahiko ez balu, boto gehien dituztenen artean, hurrengoa hautatzen dute.

Aukeraketa egitearekin batera, txupina botatzea izaten da Kabi Alaik aitortutako pertsona edo taldearen zeregina. Elkarteak inauterizalea udaletxera gonbidatzen du, balkoitik plaza jendez lepo dagoela ikustera. «Argazkia ikusgarria izaten da, eta urtero oilo-ipurdia jartzen zaigu guztioi», diote. Gainera, herriko festa nagusiaren hasiera iragartzen duen suziria lehertzeko aukera ematen diote. «Ez da errekonozimendu bat, gauza xume bat baizik, txupinazoaz beste modu batera gozatzeko ohorea izan dezaten».

Orain arte aukeratutako Kuttunen artean, bakarren batek negar egin izan duela diote. «Gauza ederra da, emozio handikoa. Segundu gutxiren buruan, suziria airera jaurti, lehertu, txarangaren lehen notak entzun eta jendea saltoka hasten da. Izugarria izaten da, eta goitik bizitzea, are gozagarriagoa. Ezinezkoa da hitzez kontatzea».

Borondatezko lanak zehaztuta

Txistorraz, txilabaz, zulatutako galtzez edo koloretako galtzerdiez harago, bada Ostegun Gizena. Bestelako elementu batzuek ere osatzen dute inauterien lehen eguna: koporazioa, dantzariak, pregoia... Hori guztia antolatzen, herritar talde bataritzen da. Hain zuzen, Kabi Alai elkarteko kideena izaten da eginkizuna. Bertako bazkideentzat, ordea, oso zaila da, xehetasun txikiena zaintzea eskatzen duen lan pisutsu bezain gozagarria, aurrera eramatea.

Horietako bat Iñigo Zabaleta tolosarra da, 1990az geroztik da elkarteko bazkide, eta duela 10 urte hasi zen inauterien bueltako antolakuntzako taldean lanean. Haurra zela hasi zen inauteriez gozatzen, eta hiru hamarkada bizi izan ditu elkartean eta herrian. «Festak asko aldatu dira, baita gu ere».

Urte asko dira elkarteko zenbait kidek inauteriak antolatzeko taldea osatu zutela. Batez ere, Ostegun Gizena inguratzen duen guztirako. Egun horretako parte hartzaileak dira antolakuntzako kideak. Zabaletaren esanetan, ez da horren zaila lan hori guztia egitea, «urtetik urtera boluntario bezala jende gehiago aritzen delako eta, azkenean, inertziaz aritzen gara lanean». Zorte handia dutela dio, 8-10 pertsonako taldea dutelako, 80 parte-hartzaile mugiarazten dituen egitasmorako. «Bakoitzak bere zeregina zehaztuta du eta, arazorik izaten ez denez, bikain aritzen gara».

35 urte inauteriak parodiatzen

1984an hasi ziren, Kabi Alaiko kide batzuk, txupinazoaren unea parodiatu nahian. «Orduan, Raul Locariz eta Alberto Arsuaga ziren, besteak beste, kuadrilla hartako kideak. Tartean, nire aita ere aritzen zen». Egitasmoaren ideia, elkarte askotan gertatzen den bezala, otordu batean hasi zen. «Ostegunero egiten zuten afarietako batean izan zen. Ostegun Gizenean txupinazorik izaten ez zela-eta,horri buelta bat eman nahian, San Joan egunean egiten den bezala, korporazioz mozorrotzeko ideia izan zuten, baina txantxa modura». Udaletxera joan eta bertatik suziria jaurtiko zutela ziotela azaldu du Zabaletak. Ideia bota eta, ondoren, egin.

Ordutik hona, Tolosan horrela ezagutu da txupinazoaren unea, nahiz eta aldaketak izan dituen. Gainera, lehen urte hartan, udalak ez zuen gustuko izan parodiaren kontua. «Lau herritar zoro alkatez eta zinegotziz mozorrotuta agertzearen aurkakoa izan zen erantzuna. Ez zirela udaletxean sartuko eta, are gutxiago, balkoira irten. Azkenean, arazorik gabe joan zen dena».

Umorea, inauterien oinarri

Inauterien hasiera iragartzeko ekitaldiak aldaketak izan dituen bezala, garai berrietara egokitzen ere jakin izan du. Edo, behintzat, horrela egitea lortu dute elkarteko kideek. Urtero, berritzailea den ikuskizun batekin harritzen dituzte Plaza Zaharrean biltzen diren inauterizaleak eta, oro har, tolosar guztiak. Askotarikoak izan dira orain arte egindako emanaldiak: Donald Trumpen bisita; Carles Puigdemonten agerraldia eta castellersen dorrea; Ingalaterrako erregina; Legioa, edota txupinazoa beranduago botatzera behartu zuen Nafarroako banderaren agerpena.

Zabaletak argi du, guzti horretarako umorea ezinbesteko oinarria dela. «Inauteria bera umorea baita, eta horregatik da bereizgarria, bestela ezingo litzateke ulertu. Pregoiak berak ukitu bereziak izaten ditu, eta oso tolosarra dela esango nuke, edo hala egiten saiatzen gara behintzat».

Prestatze prozesuari buruz galdetuta, aurreko inauteriak amaitzen direnetik urte amaierara bitarte ideiak biltzen joaten direla dio. «Aurten, gainera, 365 egun baino gehiago izan ditugu lanerako». Joko handia ematen du mundu mailan gertatzen den guztiak, izan politikoki edo sozialki. «Ingurua eraldatzen duen zerbait gertatuz gero, horretara jotzen dugu». Aurrena, ideia batzuk zerrendatzen dituzte, ondoren, inauteriak hasi baino lau hilabete lehenago, ideietako bat zehaztu eta garatzeko. «Herrira bertara ere moldatu behar izaten dugu, guztientzat ulergarri izan dadin. Minutu gutxiko antzezlan bat izaten da, ongi prestatu beharrekoa. Emaitza, azken urteetan ikusi bezala, desberdina bezain ona izaten da, erantzun bikaina jasotzen duena».

Elkarteko kideek herrian bertan ere nabaritzen dute eguna gero eta gertuago dagoela, eta urtero jende gehiago egoten dela, euren ikuskizunaz gozatzeko irrikaz. «'Ea aurten zer dakartzuen, edo herria zerekin erotzen duzuen' esaten digute batzuek». Jendeak jakin-min hori duela ikustea ere polita dela dio Zabaletak: «Ama oso inauterizalea dut eta etxean, adibidez, beti ari zait galdezka. Nik, ordea, Ostegun Gizenera arte itxaron beharra duela esaten diot».

Pregoia, egokitzen eta moldatzen

Pregoiaren kontua ondo zihoala, baina aldaketa bat behar zuela ikusi zuten elkarteko kideak. Gauza askok belaunaldi aldaketa bat behar izaten duten bezala, beraiek ere kotziente ziren zerbait moldatu beharra zegoela. «Askotariko txantxak egiten genituen lehen pregoiaren harira, nahiz eta ia denak tolosar helduei zuzenduak izan. Noski, gazte askok ez zituzten pertsonaia horiek ezagutzen, ezta adarjotzeak ulertzen ere. Zentzugabekoa izaten zen eta, beraz, parodiak egiteari ekin genion». Publikoak eskatutako aldaketa bat izan zela dio Zabaletak: «Zuzeneko kontakizun bat behar zela uste genuen, plazan egoten direnek ulertuko zutena, horiei zerbait transmitituko ziena, alaia eta dibertigarria. Horrela aldatu zen pregoiaren kontua».

Orain egiten duten ikuskizuna egiten, antzezlan eta guzti, duela urte gutxi hasi ziren: «6 bat urte izango dira». Hain justu, Iruñeko sanferminetako txupinazoaren parodia izan zen lehena: «Ideia batzuek beste batzuek baino joko gehiago ematen dute eta errazagoa izaten da, askotan, umore ukituak sartzea». Teilatu batetik bestera, zuriz jantzita, eta kainaberak erabiliz, Plaza Zaharra konkistatu zutenekoa «apoteosikoa» izan zela dio.

Show horiek guztiak ere txupinazoaren parte izan dira, garai berrietara eta adin txikiagoko publikora moldatuak. «Behin, guardia zibilez mozorrotuta agertu ginen balkoian, Ostegun Gizena otsailaren 23an egokitu zelako, 1981eko estatu kolpea gertatu zen egun berean. Beraz, dibertigarria ikusi genuen Tejero eta konpainia Tolosan egotea. Beste urte batean, inauteriak urtarrila amaieran hasten zirenez, Errege Magoz jantzi ginen, oraindik herrian zeudela argudiatuz».

Berandu bada ere, ondo egitea

11:40ak aldera sartzen dira udaletxeko areto nagusian, elkarteko kideak, eta Kabi Alai Kuttuna. Ordutik aurrera hasten da berotzen, txupinazoaren aurretiko giroa. Aretoan bertan, inauterizale omenduaren aurkezpena egiten dute, eta hitza hartzeko aukera izaten dute.

Ondoren, balkoiko parodiaren unea heltzen da. «Pregoia zertxobait luza daiteke, puntualitatea ez baita horrelako egoeretan beti betetzen den zerbait». Elkarteko kideek argi dute ez dela «derrigorrezkoa» suziria eguerdiko hamabietan jaurtitzea. «Minutu batzuk geroago ere leherrarazi daiteke. Izan ere, plazan biltzen garenok parodiaz eta ikuskizunaz gozatzea nahi dugu. Txupinazoa 12:10ean botatzen dela, bada, hala izan dadila. Garrantzitsuena ondo egitea da, presaka aritu beharrean. Hobe beranduago egitea, parodiarekin motz geratzea baino».

Transmisioaren garrantzia

Elkartean 1984an irtendako bazkideak daude, hori guztia ondo ezagutzen dutenak, alegia. Bestetik, gerora elkarteko kide egin direnak ere badira, errelebo hori ematea posible egin dutenak; eta, azkenik, jende gaztea ere badute. «Behin gure artean hitz egiten ari ginela, Ostegun Gizena eta inauteriak antolatzeko lan-taldea irekia izatea erabaki genuen. Argi genuen jende berria, batez ere gazteak, gonbidatu behar genituela, zenbateko lana eskatzen duen kontura daitezen. Duela 35 urte atera ziren haiek, halako batean, urte gehiegi daramatzatela eta, taldea uzteko gogoa izango dute, eta hori zerbait arrunta izango da guretzat». Zabaletak dioenez, azken urteetan lan taldera batu diren gazteak ederki ari dira lanean. «Asko laguntzen dute, parte hartzaileak direlako, eta hori izugarri gustatzen zait niri. Jakitun gara, epe laburrean horrela jarraituko dutela».

Egungo lan taldeko kideak zorte onekoak direla dio. «Ostegun Gizenean kaleratzen ditugun elementu guztiak, korporazioko kideak, dantzariak, udaltzainak, ... gustagarriak dira herritarrentzat eta, beraz, horietako baten parte izatea gustatzen zaio askori». Hala ere, gazteei gogorarazten saiatzen dira, ondo pasatzera eta gozatzera daramatzan horrek guztiak, atzetik, aste luzetako lana eskatzen duela gogorarazten saiatzen dira. «Horregatik, lan-taldean beharrezkoa da errelebo bat izatea, belaunaldi aldaketa bat ematea. Orain, adibidez, emakumezko eta gizonezko berriak sartu dira».

Emakumerik gabeko festak, ez

Txarangarik gabeko inauteria ezinezkoa den bezala, emakumeen presentziarik gabekoa ere ez du posible ikusten Zabaletak. «Artean emakumezko bazkiderik ez genuenean, lehen aukera eskaini genuen, korporazioko edo txarangako kide bezala aritzeko. Gerora, lehen emakumezko bazkideak sartu zirenean, errazagoa egin zitzaigun horiek parte hartzera bultzatzea». Aurten, lauzpabost izango dira, eta oso pozik daude elkarteko kideak.

«Emakumeak korporazioko kide bat gehiago dira, inauterietako gainerako ekitaldietan partaide bat gehiago diren moduan. Zer gertatzen zen duela 30 urte? Elkarteetara gizonezkoak soilik joaten zirela, eta emakumezkoak etxean geratu behar zutela. Gaur egun, badira emakumezko bazkideak dituzten elkarteak eta baita, onartzen badituzte ere, ez dituztenak». Beraz, garaiak aldatu direla aitortzen du, nahiz eta emakumezkoak onartzen ez dituzten elkarteak ez dituen begiko: «Ostegun Gizen gauean, esaterako, parte hartzaileetako asko gizonezkoak eta emakumezkoak dira, eta hori pozgarria da benetan. Gaur egun emakumezkoak ez dira etxean geratzen, eta hori normaltzat hartu beharko genukeela iruditzen zait».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!