Mende erdia bete eta gero, Aurrera

Ataria 2019ko ots. 26a, 19:59

Tolosako Aurrera Kirol Elkarteak, urtero, Ostegun Gizenez, danborrada ateratzen du kalera, 1970eko hamarkada hasieratik; aurten berezia izango da hitzordua, elkartearen 50. urtemuga dela eta.

Aurten beteko ditu 50 urte Tolosako Aurrera Kirol Elkarteak, eta urtemuga borobilak izango du isla, inauterietan. Ostegun Gizenez kalera aterako den danborradan, aurtengo omendua elkartea bera izango da. Itsaso Barrenetxea elkarteko bazkideak azpimarratu duenez, urtero kide bati omenalditxoa egin nahi izaten diote danborradan, eta aurten euren buruari egingo diote gorazarre. «Danborradaren hasieran egiten dugun ekitaldian, kultur etxeko balkoira igoko dira elkarteko lehendakaria eta, 50 urteotako ibilbidean, bizirik dagoen lehendakari zaharrena». Urtemuga gogoratuz plaka bat jartzeko asmoa dute, datorren ostegunean, elkartean bertan eta, aurrera begira, 2019a bukatu baino lehen beste ekitaldiren bat ere egingo dute Aurrerako bazkideek.

1969an sortu zen Tolosako Andre Maria kalean dagoen kirol elkartea. Urte hartan bertan antolatu zuten, lehen aldiz, esku pilota txapelketa, hamabi bikoterekin eta, gaur egun, urtero, ehundik gora gazte biltzen dituen egitasmoa da. Besteak beste, 1977an, elkarte arteko pala motz txapelketa antolatu zuten aurrenekoz.

Inauterietan ere izan du partea Aurrerak. Urtetan karroza batekin parte hartu izan du eta, 1971an, adibidez, lehen saria irabazi zuten, La maquina de papel karrozarekin. «Gaur egun, elkarteak, bere horretan, ez du karrozarik ateratzen, nahiz eta elkarteko bazkide diren kide askok kuadrilla osatu, eta elkarrekin mozorroa prestatzen duten», esan du Barrenetxeak.

Ostegun Gizeneko danborrada

Tolosako inauteriei Aurrera elkarteak egin dien ekarpen garrantzitsuena, ordea, Ostegun Gizeneko danborrada da. 1972 eta 1973 urte inguruan hasi ziren antolatzen, «oso modu inprobisatuan». Eta, neurri batean, garai hartako izaerarekin segitzen dute, kalera ateratzen: «Garai batean inauterietan izaten ziren erreginen aukeraketa horiek irudikatzen ditugu. Elkarte bakoitzeko hautagaiak aurkezten ditugu, eta aukeratutako erregina igotzen dugu gure karrozara, bere bi damekin». Parodia hori egin nahi izaten dute Aurrera elkartekoek eta, Ostegun Gizen pertsonaiarekin batera, segizioa osatzen dute kantinerek eta majorette-ek. «Denak, emakumez mozorrotutako gizonezkoak. Modu batera, garai bateko inauterien handikeria horri umorez egin nahi diogu kritika bat». Karrozara gerturatzen denak, gainera, txistorra probatzeko aukera izango du, edanarekin batera.

Atzetik, neska eta mutil, 30 danbor eta 30 barril joaten dira, txarangak markatutako erritmoari segika. «Guztira, 80 bat pertsona ateratzen gara danborradan; elkarteko bazkideak asko, eta ingurukoak beste guztiak». Jose Tarragonak egin zien elkarteko ereserkia, eta Estanislao Urruzola Uxola-k jarri zizkion hitzak. Datorren ostegunean ere entzun ahal izango dira doinu horiek.

Alde Zaharreko kaleetan zehar

Ostegun Gizena egun berezia da tolosarrentzat eta, are gehiago, Aurrera elkartekoentzat. Gau partean ateratzen ziren hasiera batean, baina, duela bospasei urtetik hona, lehenago egiten dute irteera. 19:45ean dute hitzordua egina, elkarte atarian, eta handik joango dira Trianguloa plazara. «Hasierako ekitaldia berezia izaten da. Inauterietako erregina aukeratzearekin batera, pregoi berezi bat egiten dugu, betiere, umorez. Aurten, elkartearen 50. urtemugari egingo diogu erreferentzia, nahiz eta danborradak historia laburragoa duen». Behin kultur etxeko balkoiko ekitaldia amaituta, kalez kale abiatuko dira Aurrera elkartekoak. Rondilla kaletik barrena iritsiko dira Gorriti plazara eta, Korreo kaletik gora, Berdura plazan egingo dute geldialdia. Han, danborradako ohiko piezak eskainiko dituzte. Bueltan, Kale Nagusitik behera, Agintari kalea hartu, Plaza Zaharrera iritsi, eta handik elkarte aldera egingo dute. «Guztira, ordu eta erdiko ibilbidea izaten da, gutxi-gorabehera».

Behin danborrada amaituta, afaltzeko biltzen dira kide guztiak, elkartean. Lehen danborradaren aurretik egiten zuten, «baina orain dena prest utzi eta, behin lanak bukatuta, patxada handiagoz biltzen gara afaltzeko». Ez da plan txarra, Ostegun Gizenerako eta inauteriak abiatzeko. Dei bat egin dute, elkartekoek, inauterietara gerturatzen diren herritarrentzat: «Bizi itzazue inauteriak pozik, umorez, sano eta alai, urtero izan dadin berezi. Aurtengo inprobisazioak izan daitezen, etorkizuneko ohituren hazi».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!