Imanol Rojo 41. postuan sailkatu da proba mistoan

Ataria 2019ko otsailaren 23a

Austrian jokatu den Munduko Txapelketako 30 kilometroko proban, irabazlearengandik 6 minutura geratu da eskiatzaile tolosarra. Orain arte Munduko Txapelketetan lortu duen posturik onena da.

Imanol Rojok, argi zuen, lehen hogeita hamar sailkatuen artean egotea handia litzatekeela. Gaur, ordea, ez du helburu hori lortu, nahiz eta gertu ibili den. Austriako Seefeld herrian Eskiko Munduko Txapelketak hasi dira gaur, eta bertan, hiru probatan aritzea egokitzen zaio tolosarrari.

Gaur izan du lehen lasterketa. Hain zuzen, 30 kilometroko proba mistoan aritu da. Lehen 15 kilometrotan, modalitate klasikoan aritu dira partaideak, eta gero, skatingean; probaren erdian eskiak eta makilak aldatu behar izan dituzte.

Honako hauxe zioen duela egun gutxi, bere helburuei buruz galdetuta: "Ez noa esperientzia hartzera, dagoeneko hiru Munduko Txapelketa egin ditudalako. Nire helburua da ehuneko ehunean iristea, materialarekin arazorik ez izatea eta dena ondo joaten bada, aurreko Munduko Txapelketetan egindako emaitzak hobetzea".

Hain zuzen, 41. postu hau izan da tolosarrak Munduko Txapelketa batean inoiz lortu duen posturik onena. Gaur, Sjur Roethe norbegiarra izan da garaile, ordubete 16 minutu eta 18 segundoko denborarekin. Sprint gogor baten ondorioz erabaki da txapelduna, eta gertu ibili dira atzetik sailkatu diren Alexander Bolshunov errusiarra eta Martin Sundby norbegiarra. Rojok, Roethek baino 5 minutu eta 56 segundo gehiago behar izan ditu lasterketa amaitzeko.

Gaurkoa, baina, ez da Rojok Munduko Txapelketan burutuko duen lasterketa bakarra. Izan ere, asteazkenean, hilak 27, hamabost kilometrotako erlojuaren kontrako proban arituko da, klasiko eran; eta bukatzeko, 50 kilometrotako karrera luzean, skating eran, martxoaren 3an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!