«Lehen hogeita hamar sailkatuen artean sartzea postu on bat litzateke»

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 20a, 19:59

Imanol Rojok iraupen eskia du bizimodu. Eskiatzaile batentzako adin egokiena du, eta Munduko Txapelketara ehuneko ehunean lehiatzera joango da.

Hitzordu garrantzitsua du Imanol Rojo (Tolosa, 1990) eskiatzaileak aurtengo denboraldian: Munduko Txapelketa. Bi urtez behin egiten da lehiaketa hori eta aurtengoa laugarrena izango da Alpino Uzturreko eskiatzailearentzat.

Denboraldiko zein probatan parte hartu duzu dagoeneko eta zein emaitza lortu dituzu?

Hasiera batean ideia zen Munduko Kopan gehiago parte hartzea, baina ez nintzen ondo hasi, Europako Kopako eta FIS lasterketa gehiago egin nituen, baita Austriako Kopa eta beste hainbat txapelketa ere. Han gustura ibili naiz, dena den, eta podiumak egin ditut Austrian. Europako Kopan hamar lehenengoetatik gertu ibili naiz ere. Nire ustez pauso bat eman dut Munduko Txapelketari begira. Denboraldiak aurrera egin ahala, gero eta hobeto sentitzen naiz eskien gainean.

Iraupen eskian, zein probatan parte hartzen duzu?

Bi eratan ibiltzen naiz, skating eta klasiko eran. Normalean hamar eta hamabost kilometrotako lasterketak izaten dira, eta gero saio nagusietan 30 eta 50 kilometro ingurukoak ere izaten dira. Ezin dena da astebururo 30 edo 50 kilometrotako probatan aritu, bestela ez ginen iritsiko denboraldi bukaerara.

Badago bestelako modalitaterik iraupen eskian?

Normalean klasiko eta skating izaten dira. Badago mistoa den beste modalitate bat: hasieran klasikoan aritzen zara eta gero skatingean, probaren erdian aldatzen dituzu eskiak eta makilak, eta jarraitu egiten duzu. Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan egiten da.

Eta zein modalitatetan moldatzen zara ondoen?

Normalean skatingean lortzen ditut emaitza hobeak, baina klasikoa asko gustatzen zait. Europa iparraldekoak asko ibiltzen dira klasikoan, eta nabaritzen da pixka bat atzeratuta gaudela modalitate horretan.

Otsailaren 23an hasten zarete Munduko Txapelketan, bi urtez behin egiten dena.

Bai, nire laugarren Munduko Txapelketa izango da, eta gogoz gaude dena emateko. Seefelden egingo da, Austrian, Innsbrucketik gertu. Bi edo hiru aldiz izan dut bertan lehiatzeko aukera eta leku ikaragarria da.

Zein probatan lehiatuko zara?

23an hasiko naiz, eta 30 kilometroko proba mistoa egingo dut, hamabost klasiko eran eta beste hamabost skatingean. 27an hamabost kilometrotako erlojuaren kontrakoa, klasiko eran, eta bukatzeko, 50 kilometrotako karrera luzean skating eran, martxoaren 3an. Bertan pare bat aste pasako ditugu eta, esan bezala, dena emateko gogoz nago.

Eta zein da zure helburua?

Ez noa esperientzia hartzera, dagoeneko hiru Munduko Txapelketa egin ditudalako. Nire helburua da ehuneko ehunean iristea, materialarekin arazorik ez izatea eta dena ondo joaten bada, aurreko Munduko Txapelketetan egindako emaitzak hobetzea.

Eta postu jakin baten bila joango zara?

Postu on bat lehen hogeita hamar sailkatuen artean sartzea litzateke. Horrekin pozik egongo nintzateke. Baina nire helburua da ehuneko ehunean iristea eta gero ikusiko da.

Egun bera ere nola joaten den zerikusia izango du, ezta? Azken finean, proba luzeak izango dira.

50 kilometrokoa bi ordu inguru izaten dira. Baina ez da kontuan hartu behar fisikoa bakarrik, kirol honetan materiala ere kontuan hartu behar da.

Eguraldiak ere zerikusia izango du, ezta?

Bai, eguraldiaren arabera hartzen ditugu eski batzuk edo besteak, eta beste faktore bat izaten da.

Munduko txapelketan faboritoak zein izaten dira, Europa iparraldekoak?

Norvegiarrak, suediarrak, errusiarrak, tradizioa duten herrialdeak, azken finean.

Euskal Herritik beste norbait joango da?

Hasiera batean ez. Sailkatzeko irizpide batzuk izaten dira, eta inork gehiagok ez du sailkatzea lortu. Atzetik datozenak oraindik gazteak dira, eta lana egiten badute ea pixkanaka etorkizunean iristen diren Munduko Txapelketa batera.

Zeintzuk izaten dira irizpideak?

Denboraldi hasieran ematen dizkigute idatziz, eta normalean izaten da Munduko Kopatan edo Europako Kopatan postu jakin batetik behera egitea, hau da, 15 edo 30 lehenengoetan egitea. Ez da denbora jakin bat egin behar dela, postuen arabera doa.

Eta zuk azkar bete zenuen?

Egia esan, azkar bete nuen. Iaz, Olinpiar Jokoen ondoren, martxoan lortu nuen. Gero beste bitan ere lortu dut denboraldian zehar.

Munduko Txapelketa izanik denboraldi honetan, horri begira egiten duzu prestaketa?

Bai, eta aurten aldatu egin dugu. Batzuetan sailkatzea oso zaila izaten da, eta oso sasoi onean zaude denboraldi hasieran, eta gero Olinpiar Jokoetara edo Munduko Txapelketara oso nekatuta iristen zara. Aurten pixka bat ezberdina egin dugu. Bakarrik Munduko Txapelketa prestatu dugu, eta helburu bakarra da bertan ehuneko ehunean egotea. Beste karrera guztiak prestakuntza moduan hartzen ditugu.

Eta ondoren noiz arte iraungo du denboraldiak?

Martxo bukaera arte irauten du, eta normalean denboraldi amaieran Espainiako Txapelketak izaten ditugu. Tartean Europako Kopa eta Munduko Koparen bat ere bai. Eta horrekin bukatzen dugu.

Ba al duzu aurtengo Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmorik?

Bai, ilusioa ere egiten du Espainiako onena izatea hainbeste urtetan eta ea aurten ere izateko aukera dugun.

Gogoan duzu zenbat txapelketa irabazi dituzun?

2014tik uste dut denak irabazi ditudala. Ez da erraza izaten, eta ea atzetik etortzen direnak gero eta gehiago presionatzen duten.

Orain 28 urte dituzu. Iraupen eskirako adin ona da?

Esaten dute erresistentziako kiroletan, eta iraupen eskia horrela definituko genuke, 28 urtetik 32 urte bitartera izaten dela sasoi onena, eta emaitza onenak adin tarte horretan lortzen dituzula. Hogei urte dituzula zaila da kirol honetan nabarmentzea, nahiko atzeratuta gaudelako, eta adin horretan ondo aritzeko baliabide gehiago beharko genituzkeelako. Horregatik, egun dudan adina baino lehen emaitzak lortzea oso zaila izaten da.

Beraz, orain zaude adin onenean. Eskarmentuak ere zerikusia izango du.

Bai, esperientziak azkenean asko egiten du, eta baita ere kanpora ateratzeak lasterketa asko egitera. Egia esan, ni eskien gainean gero eta hobeto sentitzen naiz, eta hori azken bi urteetako emaitzetan ikusten da.

Nola izaten da zure egunerokoa?

Irailetik aurrera elurretan aritzen gara. Goizetan eskiatzen dugu, eta gero, arratsaldetan, gimnasiora joan edo korrika egiten dugu, astearen arabera. Maiatzean hasten gara oinarria hartzeko bizikleta egiten, mendira joaten, rolleskian aritzen, gimnasioan… Abuztua arte denetatik pixka bat egiten dugu.

Baina irailean eskiatu ahal izateko, hemendik gertu ez zara ibiliko.

Glaziarretara joaten gara, pixkana eskien gainean hobeto sentitzeko, eta lasterketei begira intentsitatea sartzeko. Italia eta Austria aldera joaten gara, eta han dituzten glaziarretan, 3.000 metrotara, eskiatzeko aukera izaten dugu.

Beste kiroletan, adibidez, txirrindularitzan, batzuetan alturan entrenatzen dute. Zuek beti zaudete modu horretan entrenatzen.

Bai, irailetik elurretan entrenatu behar badugu leku horietara joan behar dugu. Oso gogorra izaten da 3.000 metrotara eskiatzea, arnasa hartzea-eta zailagoa delako, baina horrelako altuetara joan beharra daukagu. Normalean bertan elkartzen gara eskiatzaile denak, elurraren bila joaten gara eta.

Tolosako Alpino Uzturre klubekoa zara, baina entrenamenduak zeure kasa egingo dituzu, ezta?

Kirol indibiduala da, eta jende askok egiten ez duenez, normalean bakarrik entrenatzen dugu. Tarteka elkartzen gara eskiatzaile batzuk, baina denboraren %80 edo gehiago bakarrik entrenatzen dut. Aurten izan dut aukera norvegiarrekin entrenatzeko eta pixka bat talde bezala entrenatu ahal izan dut.

Nola sortu da norvegiarrekin entrenatzeko aukera?

Lasterketetan lagunak egiten dituzu eta nik Norvegiako lagun bat dut eta galdetu zidan ea beraiekin nahi nuen entrenatu. Zenbait kontzentrazioetan bat egin dut beraiekin, eta egia esan kalitatezko jauzia ematen lagundu dit.

Entrenatzailea baduzu, noski.

Duela lau urtetik Espainiako selekzioan dagoen italiar batek entrenatzen nau. Planifikatu egiten dizkit entrenamenduak, eta nire kabuz entrenatzen dut. Ez dut izaten inor gainean nola ari naizen egiten esateko. Kontzentrazioetan bai, baina bestela bakarrik entrenatzen dut, eta ni neu naiz nire buruari esan behar diodana goizero entrenatzera joateko.

Espainiako selekzioarekin kontzentrazioak ere egin ohi dituzu?

Gazteekin zenbait kontzentrazio egiten dira, eta ni ere beraiekin elkartu naiz udan, eta iraila eta urriaren erdialdean. Garrantzitsuak dira; horiek gabe ezinezkoa izango litzateke emaitzak lortzea.

Egun kirolak hartzen dizu zure denbora gehien, ezta?

Bai, kirola da nire bizimodua. Inork ez dit esan behar entrenatzera joateko, nire bizitza da, hori gustatzen zait, eta ez banaiz entrenatzen gero ez dira emaitzak etorriko, eta ondorioz, ez dira bekak iritsiko.

Nola lortzen duzu finantziazioa ?

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Basque Team fundazioak, federazioak, Olinpiar Jokoetara joateko ADO bekak... Baina azkenean oso zaila izaten da honetaz bizitzea. Olinpiar Jokoen ondoren tarte bat izan ohi da ez dagoela Munduko Txapelketarik, eta ez dira hainbeste laguntza izaten. Azkenean gastu asko dira, bidaiak eta materiala... Gainera orain hiru urte erabaki nuen Vielhara (Katalunia) bizitzera joatea, neguan elurretik gertu egoteko, eta azkenean hilero gastu bat da. Eta hori dena beka bitartez ordaintzen dut, eta nire emaitzak onak izan behar dute. Presioa hor dago.

Babesleak ere badituzu, ezta?

Batez ere, materialarentzat. Eskiak eta makilak ematen dizkidate, ezer ordaindu gabe, eta ez da gutxi, ezin gara kexatu.

Zer da zure kirol ibilbideko zailena?

Zailena izaten da askotan bakarrik aritzen zarela entrenatzen, eta etxetik kanpo denbora asko pasatzen duzula. Maiatzetik aurrera etxetik kanpo aritzen gara, eta azarotik aurrera hilero hiru aste kanpoan ematen ditugu.

Eta gustukoena?

Egiten dudana pasio bat dela, gustatu egiten zait. Bizitzen ari naizena amets moduko bat da niretzat; nire pasiotik bizitzeko aukera izatea ikaragarria da.

Bi Olinpiar Jokotan parte hartu duzu. 2022an Beijinen egingo direnetara joateko asmorik?

Ikusi egin behar da nolako laguntzak dauden, eta, noski, zer emaitza lortzen ditudan. Azkenean motibazioa ere behar da jarraitzeko, eta Munduko Txapelketa hauetan gertatzen denaren arabera ikusiko da zer egingo dudan etorkizunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!