PSE-EE alderdiak Joxemari Villanueva alkategaia aurkeztu du gaur goizean Tolosako Herriko Etxean. Jose Ignazio Asensio, Denis Itxaso eta Eneko Andueza alboan izan ditu 58 urteko tolosarrak. Baita egungo PSE-EEren udal hautetsi bakarra ere: Christian Fernandez.
Aurrena alderdiari eskerrak eman dizkio Villanuevak, alkategai bezala joateko "niregan ipinitako konfiantzagatik". Erronka handi baten aurrean dagoela onartu du, eta eskaintza "pozgarria" izan dela gaineratu. "Jarritako konfiantzari huts ez egiten" saiatuko dela aitortu du, ondoren.
Ondoren bere burua aurkeztu du: "Nire bizitzaren 30 urte irakaskuntzan pasa ditut lanean, Munduko eta Euskal Herriko Historia Garaikidea ikasgaia emanaz eta erakutsiz". Zumarragako Lanbide Heziketa Eskolako zuzendari eta ikasketa-buru izana da; Tolosako Santa Maria Musika Kaperako presidente ere bai, eta baita Tolosako Gesto Por La Paz erakundearen sortzaileetakoa.
1983an udal hauteskundeetarako hautagaia izan zen Joxemari Villanueva, Euskadiko Ezkerraren zerrendetan. PSE eta EE elkartu zirenetik, PSE-EEko militantea izan dela adierazi du tolosarrak.
Bere ideologiaz hitz egiterakoan, Churchillen esaldi bat hartu du PSE-EEren alkategaiak, demokrazia oso sistema zorrotza dela azpimarratzeko: "Demokrazia perfektu batera hurbildu ala gerturatu ahal izateko ezinbestekoa da herritar ala biztanleen jarrera aktiboa izatea, norberak parte hartze kritiko eta aktiboa izatea, norberaren zentzu etiko eta kritikoa garatzea, ala gizartean dauden mugimendu sozial eta politikoetan parte hartzea".
Tolosari begira
PSE-EE osatzen ari den lantaldeak, Tolosari begira, zera egin nahi duela adierazi du Joxemari Villanuevak:
- Tolosar guztientzat erreferente demokratiko izatea, sigletatik harago herritar aurrerakoi guztien zerbitzuan izan eta egotea.
- Tolosa ezkertiarra, anitza, elebiduna, ekintzailea, euskaltzalea, aurrerakoia eta parekidea bultzatzea.
- Sozialistek herrigintzarekin beti eduki duten konpromisoari eustea.
- Udal politikan, herritarrek izan behar dute protagonismoa beti.