LABek kotxe karabana egin du soldata arrakalaren aurka

Irati Urdalleta 2019ko otsailaren 22a

Soldata arrakalaren aurka eta martxoaren 8ko greba feministaren alde kotxe karabana egin du LABek eta Eroskira sartu dira eskuorriak banatzera.

Tolosaldea, Goierri eta Buruntza eskualdeetatik egin dute kotxe karabana LABek deituta eta Tolosako Eroskiko aparkalekuan bildu dira. Alde batetik, soldata arrakala salatu dute eskuorriak banatuz eta pankartak jarriz, bai Eroski barruan, bai atarian. Beste aldetik, martxoaren 8ko greba feministan parte hartzeko deialdia egin diete langileei.

Atzo ere protesta eguna izan zuten eta bi ekimen egin zituzten bat Nafarroako Gobernuan eta bestea Emakunden. LABeko Haizea Mendiak azaldu duenez, instituzioak interpelatu nahi zituzten soldata arrakala ez delako kopuru bat bakarrik eta ez delako kasualitate hutsa. "Hau arazo politiko bat da sistema bera matxista delako. Guk sistema irauli nahi dugu eta Emakunde okupatu genuen sinbolikoki, benetako neurriak eskatzen ditugulako". Gaineratu du, sistema bera feminista izan beharko litzatekeela soldata arrakalarekin amaitzeko.

Mendiak esan duenez, hori ere gertatzen den arren, soldata arrakala ez da bakarrik lanpostu berdinean gizona eta emakumea badago emakumeak gutxiago kobratzen duela: "Bereziki da emakumeei ematen zaizkigun lanak gutxiago baloratuta daudela: zaintza lanak, garbiketa, ostalaritza, merkataritza... eta hortik dator soldata arrakala". Gaineratu du enpresetan ere, normalean, gizonek kargu altuak izaten dituztela eta emakumeek kategoria baxuagokoak. Hori kasualitate bat ez dela eta arazo politiko bat dagoela azpimarratu du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!