Mediku baten beharra

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko otsailaren 21a

Amarotz auzoko kideek, bertako Auzoetxean, urteroko batzarra ospatu zuten, joan den astean. Besteak beste, auzoko medikuaren egoerarena izan zen gaietako bat, Javi Arana medikua bertan zela.

Zenbait hilabete atzera eginda, hainbat bilera egin zituztela azaldu zuen Aranak. Galdera bat egiten zuten auzotarrek: Zer gertatuko da auzoko medikuarekin? Berak argi du, lanean jarraitzen duen bitartean, ez dela arazorik izango. “Baina noiz arte egon behar dugu horrela?".

 

Hala ere, eskualdeko osasungintzaren kudeaketari botatzen dio berak errua. “Jende asko, formakuntza bertan jasotakoak gehienak, atzerrira joan behar izan dute lanera. Horregatik, geroz eta mediku gutxiago dago une honetan, eta geroz eta gutxiago izango dira. Nik, berez, erretiratuta egon beharko nuke, baina orain inoiz baino lan gehiago egiten ari naiz, eta ez dago beste erremediorik”. Ondorioz, orain gauzak ez daudela ongi, baina okerrera joan daitezkeela gogorarazi zien auzotarrei.

 

Tolosaren kasuan, medikuak “zentralizatuta” eduki nahi dituztela, eta horregatik, “5 mediku badaude, horietako inor auzoan ez dutela nahi” azalarazi zien auzoetxean bildutakoei. Osasungintza kudeatzen dutenei, auzoetako medikuak “desagerraraztea” ondo etorriko zaiela azaldu zuen. Izan ere, Amarotz auzoko bizilagunek, 26 urte daramatzate auzoan mediku bat izaten. “Aukera bat duzue; aukera baino gehiago, osasuna behar bat delako askorentzat, adinean gora doazenentzat, batez ere”.

 

“Nola hobetu daiteke egoera hau?”. Galdera hori darabilte buruan bai auzotarrek, baita medikuek ere. Medikuak adierazi zuenez, interesgarria litzateke, bizilagunek erreklamatzea. “Orain zuei dagokizue protestak eta eskaerak egitea, gainerako auzoen adibideak erabiliz”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!