Ertzaintzak kaleratu ditu grebalariak Orixetik

Asier Imaz 2019ko ots. 19a, 18:05

"Ikasleon intereseko ebaluazio irizpideak" aldarrikatu ditu TAS-ek; Orixeko zuzendaritzari "ikastetxe kanpotik datorren eraso jarraitua ulertezina" egiten zaio.

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak deituta eskualdeko hainbat ikaslek greba egin dute gaur. 80 bat inguru elkartu dira Trianguloa plazan, 11:30ean. Manifestazioan Orixe ikastetxera joan dira, eta bertan, eraikinera sartzen saiatu. Irakasleek, ordea, ez diete utzi eta ikastetxe eremutik ateratzeko eskatu diete manifestariei. Hauek, bertan eserialdia egin dute. Ondoren, Ertzaintza agertu eta manifestariak ikastetxearen eremutik kanpora bidali ditu. Grebalariek Orixe kanpoan egin dute manifestazioaren amaierako ekitaldia. Orixeko zuzendaritzako kideek ere euren hausnarketa egin dute gertaeren karira.

"Ikasleon intereseko ebaluazio irizpideak"
Urtarrilaren 14an, Orixeko 21 ikaslek bideo bat grabatu zuten ikastetxean, TAS-en sinadurarekin pankarta atzean zutela. Aldarria ondorengoa zen: "Ikasleon intereseko ebaluazio irizpideak orain!". Ondoren bideoa sare sozialetatik kendu zuten, baina helburu hori lortzeko "borroka" abian jarriko zutela iragarri zuten. Gaurko greba testuinguru horretan kokatu zuten TAS-eko kideek, manifestazioaren amaieran azaldu duten bezala: "Gaur, Orixen elkartu gara Tolosaldeko ikasle eta gazte mugimenduko kideok helburu baten alde borrokatzeko: ikasleon intereseko ebaluazio irizpideak lortzea".

Azken hilabetean hainbat "eraso" jasan dituztela salatu dute: "Ikas baldintzak hobetzearen beharrak bultzatuta, hainbat ekimen burutu ditugu TAS-eko kideok. Borrokaren bilakaeran hamaika eraso jasan behar izan ditugu ikasleok, horien artean, kanporaketak, errespetu faltak eta mehatxu ezberdinak, zeinak ikas komunitateko elkarbizitzaren izenpean ezkutatzen den asmo bakar baten erakusle argi diren: ikasleon jarduna blokeatzea. Horren adibide dugu, azken unean Orixeko ikasleei greba egiteko aukera kentzea ere. Baina oker zabiltzate, borrokaren sugarra ezin baita debekatu".

Euren eskaria argia dela azaldu dute: "historiako eta euskarako ebaluazio irizpideak moldatzea, eta horretarako elkartu gara gaur hemen. Behin eta berriz esan digu Orixeko burokraziak prozesua irekita dagoela baina oraindik ez zaizkigu emaitzak iritsi. Jada hilabete igaro den honetan, erabakia lehenbailehen hartzearen urgentzia sentitzen dugu ikasleok. Jakitun izanik eskaera hau erabat gauzagarria dela, irmo mantenduko gara borrokan garaipenera arte. Kaleratu behar bagaituzue, kalean ikusiko dugu elkar".

TAS-eko kideen esanetan, "gatazka honi amaiera emateko irtenbidea zein den guztiok dakigu. Beraz, dei egiten diegu irizpideen aldaketarako prozesuko arduradunei ikasleon hitza entzun eta gure eskaera orain onartzea. Horrela soilik onartuko baita ikas baldintzak hobetu, eta ondorioz, horrenbeste aipatzen duten ikas komunitatean elkarbizitza egoki bat sortzea".

Amaitzeko, ikasleak antolatuta daudela esan dute TAS-eko kideek, eta "inoiz baino konbentzituago; eta garaipena gurea izango da, lehenago edo beranduago lortuko dugu!".     

"Ikastetxe kanpotik datorren Orixeren aurkako eraso jarraitua ulertezina egiten zaigu"

Urtarrilaren 24an Orixeko zuzendaritzak sareratuko bideoaren harira ohar bat argitaratu zuen. Ikasleekin eztabaidatzeko prest zegoela zioen bertan, besteak beste. Gaur eguerdian, grebalariak ikastetxera sartu ondoren, "zuzendaritzaren eta irakasleen artean barruko eskaerei eta eguneroko gorabeherei nolabaiteko normaltasunez" aurre egiten ari direla esan dute; "ohiko bideetatik ari gara kudeatzen, gure prozedurei jarraituz beti, hori bai, eta gure barne organoei balioa emanez: ordezkariak, tutoreak, eta abar, eta abar. Eskolan sortzen diren eguneroko eskaera eta egoerei dagozkion erantzunak ematen dizkiogu. Familiak, kasuan kasu, jakinaren gainean daude eta alde horretatik ez daukagu arazo berezirik".

Horregatik, ulertezina egiten zaie bizi duten egoera: "Ikastetxetik kanpo eta gure eskuetatik kanpo, talde antolaturen batek, ez dakigu hezkuntza publikoaren aurkako estrategia baten baitan edo ez dakigu zergatik, sistemaren aurka edo, eta argi eta garbi nor diren esan gabe, gainera; Orixeri egiten ari diren eraso jarraitua ulertezina egiten zaigu. Eskatzen dituzten kontuak gure eskumenetik kanpo daude hein handi batean".

Ikas komunitatearen babesa dutela azaldu dute zuzendaritzatik: "Orokorrean ikas komunitateak elkarrekin gaudela transmititu digu, batez ere guraso eta irakasleriak, eta sumatzen dugunagatik ikasleen gehiengo handiak ere bai. Orduan, Hezkuntza Ordezkaritzari babesa eskatu diogu eta ikas komunitate osoari elkartasuna. Aldi berean, egoera antzekoan aurki daitezkeen beste ikas komunitateei gure ulermena eta elkartasuna helarazi nahiko genieke, konturatuta gaudelako hau ez dela ez Orixeko ez Tolosaldeko kontua. Hau beste maila bateko kontua da, Orixen fokalizatu nahi dutena ez dakigu zein interesengatik".

Gaurko adibidea jarri dute zuzendaritzako kideek aipatua berresteko: "Barruko egoera normaltasunez kudeatu dugu eta dena normaltasun osoz joan da kanpoko ikasleak barrura sartu diren arte. Hor saiatu gara, kanpoko ikasleei esanaz barruan ezin zutela egon; eta ez diegu utzi eraikin barrura sartzen. Kanpoko eraso hori egunerokoa da sare sozialetan; gure eskumenetik kanpo dago hori baina ez dakigu zein interes duten. Greba deialdia ere ez dute inongo elkarte erregistraturen izenean egin. Deialdiak egin dituztenak ez daude inon erregistratuak. Ondorioz, horri ezin diogu biderik eman. Ikasleek prozedura guztia dute greba deialdia egin nahi baldin badute, baina gaurko deialdiak ez zituen arauak betetzen. Alde horretatik, arautegia bete baino ez dugu egin".

Ertzaintzaren jarrera

Ertzainak ikastetxera iritsi direnean bertako langileekin hitz egin dute aurrena. Ondoren, eraikinaren ateetan eserita zeuden ikasleengana joan dira. Hauei egoera azaldu die, lasaitasunez eta euskaraz: "Behin, birritan eta behar baldin bada hiru bider ere abisatuko dizuegu". Altxa eta joanez gero euren aldetik egoera bere horretan geldituko zela esan die ertzain buruak grebalariei. Horrela ez balitz suertatuko, banaka-banaka eta "lasaitasunez" atera eta identifikatuak izango zirela esan diete. Ekinbide horren ondorioak zeintzuk izango liratekeen ere argitu die, tartean, bakoitzari 600 euroko isunak. Ikasleek hitza hartu ondoren, euren kabuz atera dira ikastetxetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!