XIII. Gipuzkoa Encounter jaialdirako aurretiko izen-ematea zabalik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 15a, 15:19

Jaialdia Usabal kiroldegian ospatuko da, martxoaren 22tik 24ra bitarte, eta 400 leku izango dira ordenagailuak jartzeko. Erreserbak otsailaren 19an egin ahalko dira, goizeko 10:00etatik aurrera, jaialdiaren webgunean.

Aurtengoan 13. edizioa beteko du Tolosako Usabal kiroldegian martxoaren 22tik 24ra bitarte ospatuko den Gipuzkoa Encounter jaialdiak. Euskaltelek, Tolosako Udalaren laguntzarekin, antolatzen duen jaialdi honek 400 pertsonentzako lekua izango du, bakoitzak bere ordenagailuak jar dezan. Izena aurrez emateko epea zabalik dago, eta jaialdiaren webgunearen bitartez. Otsailaren 18ra arte dago horretarako aukera. Aurretiko izen-emateak, ordea, ez du lekua ziurtatzen.

Lekuen erreserbak otsailaren 19an hasiko dira, goizeko 10:00etan, eta aipatutako webgune beretik egin behar dira. Sarrerak, ordenagailua jartzeko leku bat, entxufe bat eta sare lokal eta interneterako konexioa izateko eskubidea ematen du. Dena dela, ez da ezinbestekoa ordenagailua eramatea; beraz, kasu horretan ez da lekurik aukeratu behar. Leku bakoitzerako sarrerak 40 euroko kostua du. Eskuragai dagoen erreserba kopurua agortu ondoren, erreserba egiten duten guztiak itxarote zerrendan sartuko dira. Lekuak ekitaldiaren antolatzaileek esleituko dituzte, dagoen tokia ahalik eta ondoen erabiltzeko.

Inskripzio-prozeduraren gaineko argibide gehiago webgunean aurki daitezke. Bertan, erreserba egin ahalko da, baita lekua aukeratu ere.

IV. Open Gunea

Aurtengo edizioak Open Gunea izango du laugarren aldiz. Aurreko edizioetako arrakastarekin jarraituta, aurtengoan gune horrek kontsolak, hitzaldiak, tailerrak eta jarduerak izango ditu hardwarearen inguruan. Martxoaren 22an eta 23an izango da, 10:00etatik 22:00etara. Doakoa eta irekia izango da, eta ez da Gipuzkoa Encounter-en lekurik izan behar gune horretara sartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!