Inauterietako doinu ezagunak, karaokean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 15a, 12:57

The Herrikide's musika taldeak kontzertu berezia eskainiko du, gaur, Tolosako ikastetxean, 18:00etan hasita.

Inauterietako abestien letrak ezagutarazteko helburuarekin, Herrikide ikastetxeko guraso talde batek, The Herrikide's musika taldeak hain justu, kanta batzuk grabatu ditu. Bost kidez osatutako taldeak, bi laguntzailerekin batera, haurren eta hain haurrak ez direnen gozamenerako, erraz entzuteko eta erraz abesteko modukoak diren hainbat abestiren bertsioak egin ditu.

Taldea 3 urteko haurren gelako gurasoek antolatutako otordu batean hasi zen egituratzen. Lehendik, afari bat egin zuten eta hortik bazkari bat egiteko ideia sortu zen. Baina hori gutxi ez eta, hurrengo bazkal osteetan, berbena bat egiteko txorakeria benetako kontu bezala hartu zuten. Horrela hasi ziren talde bezala musika jotzeko ideiarekin. Hala azaldu du behintzat Iñaki Letamendia taldeko kideak. Bateria jotzen du Letamendiak eta Ivan Legarra gitarra-jotzailea, Jabi Luengo baxu-jotzailea, Xabi Bikuña abeslaria eta Martin Errondosoro trikitilaria dira beste taldekideak.

Ostiral arratsaldeetan, haurrak ikastetxean zeuden bitartean, hasi ziren entseatzen; lehenik 12 kanta hartuta eta ondoren, errepertoriora gehiago erantsita. «Aurrenengo bazkaria egin genuenean, 68 pertsona bildu ginen; izugarria izan zen ikastetxeko haur eta gurasoen erantzuna».

Baina, bazkarietan soilik ez. Izan ere, ekitaldi gehiagotan ere hartu izan du parte The Herrikide's musika taldeak. «Horren atzetik, ikastetxeak urtero antolatzen duen Bertso-jale bertso afarian hartu genuen parte iaz, ekitaldia girotzeko eskatu ziguten eta. Ekainean, berriz, ikastetxeak urtero antolatzen duen festan ere jo genuen». Bertan, irakasle bat gerturatu zitzaien, horrelako taldea zutela ikusita, inauterietako 6 abesti hartu, eta karaoke modura grabatzea zer iruditzen zitzaien galdetuz. «Helburua argia zen, abesti ezagunak, erraz abestekoak direnak, aukeratu eta haurrek ikastea, proiektuak ematen duelako aukera ere eurak beste modu batera hezteko. Berehala eman genuen baiezkoa, eta lanean hasi ginen».

Grabaketak, egun bakarrean

Inauterietako 6 abesti ezagunenetakoei, doinua eta letrak jarri dizkiete, bideoak eginez. Trilingue, Diana, Mugi mugi, Baratzeko pikuak, Artillero eta Troika dira kanta horiek. «Baloratzen aritu ginen ea zein abesti izango ziren egokienak». Kantekin eta letrekin osatu dituzten bideoak, YouTube-ko ikastetxearen orrialdean daude ikusgai eta entzungai. Bideo bakoitzean, gainera, ikastetxeko zenbait irudi sartu dituzte. Jabi Luengo aritu da edizio lanean. «Abesti bakoitza, ikastetxea inguratzen duen gai batekin dago lotuta: Kirikiño aisialdi taldea, ikastetxeko txaranga edota haur eskola, besteak beste».

Bost dira taldeko kideak, baina kantak grabatzeko Miren Fernandez abeslariaren eta Alberto Santos teknikariaren laguntza ere izan dutela aitortu du Letamendiak. Egun bakarrean egin zituzten grabaketa guztiak. Letamendia bera jarri zen teknikariarekin kontaktuan, eta taldea ostiraletako entseguetan hasi zen kantak egituratzen. «Gainera, Miren (Fernandez) ezaguna dut, eta berari gure kanten grabaketak bidaltzen nizkion, aurrez ezagutu zitzan».

Taldekidearen esanetan, guraso hauentzat afizio bat da musika jotzea, baina atzetik lan handia eskatu dien prozesu bat ere badela aitortu du. «Entsegu batzuk egin behar izan ditugu, nahiz eta ilusio handia izan, talde amateur bat garelako, eta batzuen artean urduritasuna nabari delako».

Sorpresaz betetako kontzertua

Emaitza, munduko inauterizale guztiak kantari jartzeko egina dagoela azaldu dute. Hori da, behintzat, bideoekin lortu nahi dutena. Letrak irakasteaz gain, herritarrak kantuan jarri. Bihar arratsaldean, ikastetxeko elizan kontzertua eskainiko dute, 18:00etan. «Haur, gazte, guraso, ikasle, irakasle, inauterizale... jende asko gerturatzea aurreikusten dugu. Eliza bete egingo da».

Inauterietako abestiak entzuteaz gain, ikastetxeko ikasleen lanak ikusteko aukera ere izango da. «Beraiek ere proiektuaren parte sentitzea nahi genuen, eta ez soilik guk inauterietako kantak jotzea». Hori dela eta, bertsoak edota dantza izango dira, besteak beste. «Sorpresaren bat izango da tartean. Ez dugu guztia aurrez esango, eta beraz, jendea animatu dadila arratsalde zoragarri bat igarotzera, eta gurekin inauteriez gozatzera».

The Herrikide's musika taldeko kideek, azken hilabeteetan ikastetxeko langileek, irakasleek, gurasoek nahiz ikasleek egindako lanagatik eta emandako erraztasunengatik, eskerrak eman nahi dizkiete proiektua posible egin duten guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!