Amaia Arranz tolosarrak Marie Sklodowska-Curie beka jaso du

Ataria 2019ko otsailaren 13a

Tolosako arkeobotanikariak Europar Batasunak ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eskaintzen duen Marie Sklodowska-Curie bakarkako beka jaso berri du, gizateriaren lehen ogi hondarren ikerketan lanean jarraitzeko.

Pasa den uztailean, Amaia Arranz Otaegui tolosar historialari eta arkeobotanikak gidatutako ikerketak erakutsi zuen orain arte aurkitutako ogirik zaharrenak 14.400 urte dituela. Aurkikuntza horren arabera, Jordania ipar-ekialdean bizi ziren ehiztari-biltzaile taldeek gizateriaren lehen ogiak egin zituzten, nekazaritza bera asmatu baino 4.000 urte lehenago.

Arranz Kopenhageko Unibertsitatean ari da lanean, eta Londresko Unibertsitateko (UCL) eta Cambridge Unibertsitateko ikerlarien laguntzaz egin zuen aurkikuntza. Ikerketa lana, gainera, AEBko Proceedings of the National Academic Science (PNAS) aldizkari zientifiko ezagunak kaleratu du. Sare sozialetan zabaldutako mezuan, Arranz pozik agertu da bi urtetarako laguntza jasotzeagatik.

Jordaniako "Shubayqa 1" aztarnategian ikaztutako 24 janari-hondar aurkitu eta aztertu ditu Arranzek. Ikerlanari esker ondorioztatu ahal izan dutenez, gure arbasoek garagarra, oloa eta espeltaren tankerakoak eho, bahetu eta oratu zituzten, gero ogia egin ahal izateko. Topatutako hondarrak Europan edota Turkian Neolito garaian atzemandako ogien oso antzekoak dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!