Pilota aukeraketa bihar 13:30ean, Beotibarren

Ataria 2019ko otsailaren 12a

Altuna III.a eta Artolaren arteko partidarako materiala asteazkenean aukeratuko dute. Dirua amezketarraren alde dago apustu etxeetan.

Binakako txapelketan jardunaldi erabakigarria izango da ligaxkako azken aurrekoa. Altuna III-Martijak Artola-Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan, igandean. Jaialdia 17:00etan hasiko da. Partida horretarako pilotak bihar aukeratuko dituzte lau protagonistek, 13:30ean.

Diruari dagokionez, apustu etxeetan Altuna III-Martijaren alde dago: euroko 1,70ean. Artola-Mariezkurrena II.aren garaipenagatik doblea ordaintzen da: euro bat jokatu eta bi irabazi.

Xabi Tolosaren berragerpena

Anoetarra binakako promozio txapelketan jokatzekoa zen, baina lesioagatik ezin izan du partidarik jokatu. Igande honetan itzuliko da kantxetara, eta Tolosako Beotibarren jokatuko du Jakarekin bikotea osatuz. Aurkariak Etxeberria-Untoria izango dira, eta anoetarra eta lizartzarraren partida jaialdiko lehena izango da. Ondoren jokatuko da txapelketakoa, hau da, Altuna III.a eta Artolaren artekoa. Hirugarren partida ere txapelketakoa izango da, baina promozio mailakoa: Arteaga II - Urretabizkaia  II eta Ugalde - Jaunarenaren artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!