Tolosako Landa Koadernoa argitaratu berri du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 12a, 20:00

Inguruko animalia esanguratsuenak identifikatzen dituen lana argitaratu dute; 500 ale atera dituzte eta Udaten zein kultur etxean eskuratu daitezke, doan.

Olatz Peon alkateak eta Alberto Luengo biologoak, Tolosako I. Landa Koadernoa aurkeztu dute. Ekitaldian, Tolosak duen biodibertsitate aberatsaz, ekosistema baliotsuez, eta ingurumenaren oreka zaintzen eta babesten duten milaka espezieri buruz osatutako proiektuaz aritu ziren.

Udalak lana gauzatzea «beharrezkoa» zela erabaki zuen, «inguruan zein altxor dugun ezagutzeko, eta bisitariek, esku-orri bat izan dezaten». Peonek, «eremu pribilegiatuan» bizi garela esan zuen, «nahiz eta bertakoak garenok, askotan ez jabetu. Milaka espezieren bizileku den ekosistema jakin baten parte gara».

2017an, udalak, Oria ibaian aurki daitezkeen hegaztien gida sortu zuela gogorarazi zuten. «Lan horrek izandako arrakasta handiak, proiektu hau gauzatzeko bidea ireki zuen; hortaz, herriko ekosistema nagusietako espezieen gida prestatzeari ekin zion Ingurumen departamentuak».

Erabiltzeko eta ikasteko

Luengo bera izan da liburuaren koordinatzailea eta idazlea. Tolosako biodibertsitatearen barruan, bost ekosistema aukeratu dituzte: ibaia, mendia, basoa, landa eta parkea. Koadernoan, 60 animalia identifikatzen dira, azalpen eta ilustrazioekin. Bakoitzak, argazki zabalgarri bat ere badu. «Espezie esanguratsuenen datuak ematen dira eta Tolosan nahiz inguruko udalerrietan noiz eta non ikusi diren ere zehazten da».

Tolosan azken hiru urteetan egindako behaketen emaitza da lana. Luengok azaldu zuenez, Tolosako fauna aniztasuna ezagutzea eta balioan jartzea nahi dute.

90 orritan zehar, landa eremuko ibilbideetatik lasai eta adi ibiltzeko gonbita luzatzen du, bertako bioaniztasuna behatzeko, ikasiz eta gozatuz. «Herriko ekosistema desberdinetara gerturatzeko aitzakia eskaintzen du», gaineratu zuen biologoak.

Doan eskuragarri

Tamaina txikikoa denez, «erraz eramateko modukoa» dela esan zuen. Luengok aitortu zuen era berean, egin dituen lan guztien artean hau izan dela «politena». Bestetik, elkarlanari eman nahi izan zion garrantzia. «Udalaren laguntzaz gain, Iñigo Muñoz Ingurumen teknikariak egindako lan bikaina goraipatu nahiko nuke, baita itzultzaileek, Iñaki Mezquita argazkilariak eta Xabier Mendarte marrazkilariak egindakoa ere».

Guztira 500 ale argitaratu ditu udalak, nahiz eta salmenten arabera, gehiago publikatzea ere aurreikusten duten. Doanekoa da eta eskuragarri dago Udaten eta kultur etxean. «Eskuartean hartzen duen edonori inguruko mendietan eta landa guneetan ibiltzeko gogoa piztuko zaio, eta gehiago erreparatuko dio inguruan dugun ekosistemari. Hori da balioan jartzeko modu onena» esanez amaitu zuen Peonek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!