Tolosako EAJk udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 9a, 14:13

Olatz Peonek gidatuko duen hautagaitzaren lehen 9 izenak eman dituzte ezagutzera. Taldearen "gaztetasuna, esperientzia, aniztasuna, berritasuna, ilusioa, lanerako gogoa eta gaitasuna", nabarmendu ditu alkategaiak.

"Tolosarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea; tokiko ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzea: herri atseginagoa eskaintzea, beharrezkoak diren azpiegiturekin; ingurunea eta nortasuna zaintzea, euskara sustatuz; eta gobernu ona eta parte hartzea bultzatzea". Horiek dira Tolosako EAJk datozen lau urteetarako dituen lehentasun eta lan ildo nagusiak.

Duela lau urte ekindako bideari eta proiektuari jarraipena eman nahi diotela nabarmen du Olatz Peon alkategaiak: "Proiektu berriekin, etorkizuneko erronkei aurre eginez, gertutasunetik eta kudeaketa ona oinarri hartuta lan eginez, tolosarren behar eta eskariei erantzunez". Proiektu zehatzak ere aipatu ditu EAJren hautagaiak eta datorren legealdian lehentasunezko gaiak izango direnak zerrendatu ditu: "Zumardi txiki herritarrentzat berreskuratzea, lehendabizi, aparkaleku arazoari irtenbidea emanda; Rondilla kalea berritzea Nafarroa etorbidearekin egin den moduan; San Esteban eta RC2 guneetan aurrera pausoak ematen jarraitzea horiek berrurbanizatzeko; eta azpiegitura sozio-kulturalak hobetzen eta egokitzen jarraitzea, atzemandako behar eta zehaztutako lehentasunei jarraituta". Guzti hori, "herritarrekin elkarlanean eta herritarrengandik gertu egonez" burutu nahi dutela esan du Peonek.

Taldearen aurkezpena

Euskal Pizkundearen plazan egindako ekitaldian, Tolosako EAJko alkategaiarekin batera izan dira, GBBko presidentea, Joseba Egibar, eta foru hauteskundeetan ahaldun nagusi izateko hautagai den Markel Olano. Biek babestu dute Tolosako hautagaitza eta alkategaiak berak aurkeztu ditu taldeko lehen bederatzi kideak. "Talde sendoa, esperientzia eta gaitasun handikoa, anitza, pertsona berriak biltzen dituena da", Peonen esanetan.

Alkategaiak aipatu du, lau urte hauetan lanean aritu diren lankideekin eta pertsona berriekin osatu duela taldea eta ziur dagoela ekarpen garrantzitsua egingo diotela denek EAJk Tolosan duen proiektuari. Datozen belaunaldiei Tolosa "hobeagoa eta sendoagoa" eskaintzeko taldea dela esan du Peonek. "Tolosa eraikitzen jarraitzeko prest gaude EAJn".

EAJren hautagaitza osatzen duten lehen 10 kideak:

1. Olatz Peon Ormazabal - Gizarte lanetan diplomaduna. Alkatea.

2. Begoña Tolosa Mendia - Kimikan lizentziatua. Irakaslea.

3. Nerea Letamendia Belloso - Farmazialaria.

4. Patxi Amantegi Zubiria - Elektrizitate ikasketak, LHn. Elektrizitate sareen mantenu langilea.

5. Joseba Ormazabal Lopez - Diseinu grafikoa. Enpresaria.

6. Egoitz Sorozabal Iturain - Zuzenbidean lizentziatua. Enpresaria.

7. Xabier Balerdi Tolosa - Filosofia eta Letretan lizentziatua. Giza baliabideen zuzendariordea.

8. Izarne Iglesias Garcia de Iturrospe - Gizarte Hezitzailea. Kirol monitorea.

9. Maite Ruiz de Egilaz Ezkiaga - Administraria. Saltzailea saltoki batean.

10. Xarles Iturbe Pasaban - Industria ingeniaria. Enpresaria.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!